Txirrindularia

Omar Fraile: «24 urteko mutilak inbidiaz ikusi ditut erretiroa hartzear nintzelako»

Hamalau urtez pasioa ofizio izan du Frailek, eta, asko gozatu duen arren, nekatuta iritsi da helmugara. Ziklismoa «geroz eta kirol gogorragoa» iruditzen zaio, eta uste du txirrindulariek lehen baino gutxiago iraungo dutela. «Gauza asko aldatuko nituzke».

Omar Fraile txirrindulari ohia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Omar Fraile txirrindulari ohia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko abenduaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gurpil zoro batean sartuta daude txirrindulari profesionalak gaur egun. Hala sentitzen du Omar Frailek (Santurtzi, Bizkaia, 1990). Ikuskizunaren izenean, gorputza eta burua mugaraino estutu beharra dute. Frailek 35 urte bete ditu aurten, eta tropelean arrotz sentitzen hasia zenez, bukatutzat eman du bere kirol ibilbidea. Etorkizunean, ez du uste ziklistek horren luzaro iraungo dutenik. Bere kasuan, ondo zukutu ditu eliteko tropelean igarotako urteak, Caja Rural, Dimension Data, Astana eta Ineos taldeetan. «Dena balantza batean jarrita, gehiago izan dira gauza onak txarrak baino».

Dagoeneko ziklista ohi bezala dakusazu zeure burua?

Bai, uste dut egin dudala txip aldaketa hori. Azken batean, hainbat hilabete izan ditut dena barneratu ahal izateko [apirilean eman zuen erretiroa hartzeko erabakiaren berri]. Hala ere, errutina berrian arraro sentitzen naiz batzuetan. «Nik lehen ezin nuen hau egin», pentsatzen dut nire artean. Urteko garai honetan, ziklistak buru-belarri dabiltza sasoi berria prestatzen, baina ni etxean nago, familiaz gozatzen. Ederra da, egia esan.

Urriaren 12an esan zenion agur ziklismoari, Paris-Tours klasikoan. Noiztik zenuen hartua erabakia?

Uste dut iazko denboraldia mugarri izan zela alde horretatik. Pixkanaka erretzen ari nintzen psikologikoki, eta, aurtengo denboraldia hastean, jabetu nintzen tropel profesionala dagoeneko ez zela nire tokia. Hori horrela, azken urtea izango zela erabaki nuen, eta, hortik aurrera, lasterketez ahalik eta gehien gozatzen saiatu naiz. Proba bakoitzean azkena balitz bezala lehiatu naiz, eta, hartara, momentu guztiak dastatzeko aukera izan dut.

Beterano askok akituta hartu duzue erretiroa, exijentzia asko handitu baita azken urteetan. Esan izan duzunez, hutsetik hasiz gero, ez dakizu berriz ere txirrindulari profesionala izango zinatekeen.

20 urterekin, ziklista profesionala izatea zen gehien desio nuena, eta, alde horretatik, ez naiz damutzen egin dudan guztiaz. Baina, era berean, oso kirol gogorra da txirrindularitza: egun asko egiten dituzu kanpoan, bakartuta bizi zara… Eta gaur egun exijentzia are eta handiagoa da. Geroz eta zailagoa da urte askoan irautea ziklista profesional moduan.

Horrek esan nahi du gaur egun dena emanda dabiltzan gazteek lehenago utziko dutela txirrindularitza?

Uste dut erretiroa hartuko dutela gure adinera iritsi aurretik. 18 urterekin profesionaletara igaro den txirrindulari batentzat oso zaila izango da 35 urterekin ekinean jarraitzea. Esango nuke txirrindularitza berri honetan ia ezinezkoa dela. 24 urteko mutilak inbidiaz ikusi ditut erretiroa hartzear nintzelako. Nik adin hori nuenean, ez nuen erretiroan pentsatu ere egin nahi. Nire ametsaz gozatzen jarraitzea besterik ez nuen buruan. Gaur egun, ordea, karga fisiko eta mental handia jasan behar dute, eta horrek eragina izango du epe luzera begira.

Hasi zinenean txirrindularitza gizatiarragoa zela esango zenuke?

Bai, hala uste dut. Lehen, abenduko egonaldira askoz ere lasaiago joaten zinen. Dimension Datan, adibidez, Hegoafrikan elkartzen ginen, eta, entrenatu ostean, arratsaldeetan geure kasa ibiltzeko aukera izaten genuen. Batzuetan, kanpoan afaltzera ere irteten ginen. 2016an eta 2017an izan nintzen bertan; ez dira horrenbeste urte igaro. Baina gaur egun gauzak oso bestelakoak dira. Neguan, buru-belarri entrenatu beharra dago, eta, urtarrilerako, ziklistak jada derrapatzen ibiltzen dira. Hortik aurrera, ia ez dago geratzeko tarterik sasoian zehar.

Ikusleentzat, ordea, ikusgarria da gaur egungo txirrindularitza, eta, horrekin batera, geroz eta babesle indartsuagoak ari dira sartzen puntako taldeetan. Zaila dirudi, beraz, ziklismoak norabide berri bat hartzea.

Epe laburrean, behintzat, ez dut uste aldaketa sakonik izango denik. Nik gauza asko aldatuko nituzke; adibidez, asko erretzen zaitu etxetik kanpo horrenbeste egun igaro behar izateak. Oso gogorra da. Bestalde, gaur egun erabiltzen diren garapenen ondorioz, sekulakoa izaten da lasterketetako abiadura, eta horrek estresa eta nekea eragiten du. Ikuskizunaren aldetik mesedegarria izan daiteke, baina, era berean, ez dut uste posible denik modu horretan hamar urte baino gehiago irautea txirrindulari moduan.

«Gaur egun erabiltzen diren garapenen ondorioz, sekulakoa izaten da lasterketetako abiadura, eta horrek estresa eta nekea eragiten du»

Nekatuta amaitu arren, momentu on asko izan dituzu hamalau urteko ibilbidean. Zein izan da zuretzat ziklista profesional izatearen alderik onena?

Pertsona zoragarri asko ezagutzeko aukera edukitzea. Txirrindularitzak gauza on asko eman dizkit, eta, egindako harremanez gain, jasotako irakaspenak ere oso baliotsuak izan dira. Eta, era berean, asko gozatu dut bizikleta gainean, munduko lasterketa onenetan parte hartuz. Azken batean, txirrindularitza nire pasioa izan da betidanik. Dena balantza batean jarrita, gehiago izan dira gauza onak txarrak baino.

Bilduma ikusgarria osatu duzu, Tourrean, Giroan nahiz Itzulian etapak irabazita. Vueltan irabaztea falta izan zaizu bakarrik.

Bai, hori izan daiteke geratuko zaidan arantza bakarra. Dena den, pozarren nago lorturiko garaipenekin. Bereziena, logikoki, Tourrekoa izan zen [14. etapa irabazi zuen 2018ko aldian, Mendeko helmugan]. Askorentzat, Tourrarekin dute zerikusia ziklismoari lotutako lehen oroitzapenek. Ametsa da bertan egote hutsa. Eta zer esango dizut garaipen bat lortzeaz… Ziklista gisa, ez dut uste hori baino ezer hoberik dagoenik.

Zeintzuk dira urte hauetan guztietan arrastorik handiena utzi dizuten tropeleko kideak?

Zaila da aukeratzea, baina Egan Bernalek zerrenda horretan behar du, ziur. Txundituta utzi nau txirrindularitza bizitzeko duen moduak. Geraint Thomasen alboan ere oso ondo pasatu dut; oro har, Ineosen izandako liderrek oso arrasto ona utzi didate. Eta Mark Cavendishen inguruan ere beste horrenbeste esango nuke. Dimension Datan batera aritu ginen, eta nire ibilbidean ezagutu dudan pertsonarik onenetakoa da.

Pixkanaka, euskal ziklista beteranoak agur esaten ari zarete. Zer egoeratan utziko duzue Euskal Herriko txirrindularitza?

Garai zailean dago. Taldeak falta dira, eta, ondorioz, nahi baino apalagoa da goi mailan dabiltzan euskal ziklisten kopurua. Nik nire alea jarri nahi dut harrobian, Omar Fraile Eskolaren eta Mendiz Mendi klubaren bidez. Harrobian, oso zaila da babesleak eta gogor ahalegintzeko prest dauden ziklistak aurkitzea. Horrek ondorioa du gero profesionaletan.

«Harrobian, oso zaila da babesleak eta gogor ahalegintzeko prest dauden ziklistak aurkitzea. Horrek ondorioa du gero profesionaletan»

Bide profesional berria hutsetik hasiko duzu, edo ziklismoaren barruan beste zereginen bat har zenezake?

Txirrindularitzarekin dudan lotura ez dut guztiz eten nahi, eta, horregatik, lanean jarraituko dut harrobian. Bizikletan ibiltzeari ere ez diot utziko. Hori bai, neure burua ez dut ikusten talde bateko zuzendari moduan.

Zure umeek noizbait esaten badizute txirrindulari izan nahi dutela, nola jokatuko duzu?

Oso gogorra dela esango nieke, eta ondo pentsa dezatela. Baina ziklista izan nahi badute, errespetatu egingo dut haien erabakia, eta ahalik eta gehien lagunduko diet.

mOTZEAN

Inoizko txirrindularirik onena?

Miguel Indurain.

 

Lasterketa bat? Lieja-Bastogne-Lieja.

Igoera bat? Covadongako Aintzirak.

 

Talde bat? Astana.

Datuak ala sentipenak? Datuen oso zalea naiz.

 

Lider bat? Egan Bernal.

Lorpen bat? Tourreko etapa garaipena.

Zer eman dizu txirrindularitzak? Pertsona zoragarriak

.

Eta zer kendu dizu? Denbora; batez ere, familiaz gozatu ahal izateko.

Damurik badaukazu? Ez, nire onena eman baitut umetako ametsa betetzearekin batera.

Bizitzeko leku bat? Bizkaia.

 

Eta galtzeko lekuren bat? Kanaria uharteak.

Zaletasun bat? Motorrak.

 

Zeri diozu beldurra? Ez naiz ezeren beldur.

Zerk egiten zaitu zoriontsu? Etxeko goxoan egoteak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.