Krisiak krisi, 33 euskal txirrindulari ariko dira aurten maila gorenean, iaz baino bi gutxiago soilik. Mikel Astarlozari, gainera, datorren ekainaren 26an amaituko zaio bi urteko zigorra, eta Euskaltel-Euskadira itzultzeko ametsa dauka txirrindulariak. UCI World Tour mailan 34.a litzateke pasaitarra.
Normala denez, Euskaltel-Euskadi da, beste behin, euskal txirrindulari gehien edukiko duen taldea, Samuel Sanchez ez beste guztiak euskal herritarrak direlako. 22 guztira. Movistar taldean sei euskal herritar ariko dira: Beñat Intxausti, Javier Iriarte, Enrique Sanz, Imanol Erbiti, Txente Garcia Acosta eta David Lopez. Juanma Garatek Rabobank taldean jarraituko du, Haimar Zubeldiak eta Markel Irizarrek RadioShacken, eta Aitor Perez Arrieta eta Xabi Zandio Lamprera eta Skyra joan dira, hurrenez hurren.
Koska bat behera eginda, Kontinental Profesional mailan beste zazpi euskal txirrindulari ageri dira: Caja Ruralen bost (Victor de la Parte, Igor Romero, Garikoitz Bravo, Egoitz Garcia eta Guillermo Lana) —Aitor Galdos izan daiteke seigarrena—, eta Geoxen (Arkaitz Duran) eta Flaminian bana (Patxi Vila). Kontinental mailan, berriz, hamalau euskal txirrindulari ariko dira. Guztiak kontuan hartuta, 54 euskal txirrindulariko tropelak ekingo dio sasoiari.
33 euskal txirrindularik parte hartuko dute UCI World Tourrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu