48 orduko partida

Titinek eta Barriolak ligaxkako partida jokatuko dute gaur, eta bihar jakingo dute finalerako sailkatu diren

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lau t'erdiko ligaxkako korapiloa gaur hasiko da askatzen. Titin III.ak eta Barriolak azken jardunaldiko lehen partida jokatuko dute gaur, Iruñeko Labriten (17:00, Nitro). Emaitza edozein dela, biek bihar jakingo dute finalerako sailkatuko diren ala ez, Gonzalezen eta Irujoren arteko partidan argituko baita zeintzuk ariko diren finalean. Hori bai, gaurko emaitzaren arabera bietako bat finalean sartzeko aukerarik gabe geldi daiteke, eta, halaber, Irujok matematikoki lor dezake finalerako sailkatzea. Lau t'erdikoa jaialdiko hirugarren partida izango da.

Titin eta Barriola konbinazioak buruan dituztela kantxaratuko dira gaur. Triciokoak du errazen azaltzen, eta zailen lortzen. Hasteko, Barriolak hamasei tanto baino gutxiago egin behar dizkio, eta Irujok bihar irabaz dezala itxaron. Bere egoeran ligaxkaren historia ezkorra da, partida bakarra irabazi duen pilotaria inoiz ez baita finalerako sailkatu.

Leitzarrak, berriz, aukera gehiago ditu, eta irabaztea ez du ezinbestekoa, baina bai, ordea, gutxienez hamasei tanto egitea. Hortik aurrera, azaltzen errazena Irujok Gonzalezi irabaz diezaiola itxarotea da. Irabazita, berriz, Irujok gutxienez hemeretzi tanto egiten baditu, edota hamabost tantora ez bada iristen ere sailkatuko litzateke. Hori bai, Gonzalezek 22-16 irabaziko balu, Azkainekoa eta Irujo sailkatuko lirateke.

Konbinazioak alde batera utzita, gaur Barriola izango da faborito. Apustuak bere alde irtengo dira, eta, azken asteetako sasoiari erreparatuta, leitzarra sasoi hobean dagoela dirudi. Iragan astean Irujoren erakustaldiak bakarrik eragotzi zuen bere garaipena, eta duela bi aste Gonzalezi irabazi zion. Titinek ere bi partida on jokatu ditu, baina ez du punturik lortu. Bietan taktika berdina erabili du: oso indartsu hasi, aldea ireki eta bukaerara arte kudeatzen saiatu. Duela bi urte jokatu zuten azkenekoz, eta orduan Barriolak irabazi zuen (22-19). Aurrekariak aztertuta, baina, 2007ko finala da esanguratsuena. Titinek 22-15 irabazi zuen, Barriola faborito garbia bazen ere.

Gaurko giro ona iragarri dute Labriten, baina ez da espero jende askorik. Dena den, herenegunerako goiko harmailako sarrera guztiak salduta zeuden, eta kantxak itxura ona izango du gaur, partida bihar bukatuko den arren.



Ligaxkako kalkulagailua

IRUJO FINALERA

1. Gonzalezi 16 tanto edo gehiago egiten badizkio-bihar jokatuko dute-.

2. Gonzalezi 15 tanto egin eta Titinek Barriolari 16 tanto baino gehiago egiten badizkio.

3. Barriolak galtzen badu.

GONZALEZ FINALERA

1. Irujok 17 tanto edo gutxiago egiten badizkio.

2. Irujori 22-18 irabazten badio, beti ere Titinek ez baditu 21 tanto egiten.

BARRIOLA FINALERA

1. Titini irabazi eta Irujok gutxienez 19 tanto lortzen baditu.

2. Titini irabazi eta Irujok ez baditu 15 tanto lortzen.

3. Titinek ez badizkio 17 tanto egiten eta Irujok 15 egiten badizkio Gonzalezi.

4. 16 tanto edo gehiago egin eta Irujok irabazten badu.

TITIN FINALERA

1. Barriolak 16 tanto baino gutxiago egiten badizkio eta Irujok Gonzalezi irabazten badio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.