94. minutuan sartutako gol bati esker irabazi dio Athleticek Bartzelonari

Julen Etxeberria.
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Sufrituta, ederki sufrituta, baina lortu du azkenean Athleticek Bartzelonari irabaztea. Zuri-gorriek 1-0 hartu zuten mendean atzo Lezaman ligako liderra eta jarduneko txapelduna. Emozioz beteriko neurketa izan zen, hasi eta buka. Izan ere, norgehiagokako gol bakarra 90. minutua aspaldi pasata zela iritsi zen, 94. minutuan, hain zuzen ere. Erika Vazquezek sartu zuen, jokaldi ero batean, gola egin aurretik zuri-gorriek bi aukera ezin argiagoak izan baitzituzten. Zorionez, hirugarren ahaleginean lortu zuten helburua: gola, eta garaipena, jokaldi horrekin amaitu baitzen lehia.

Garaipenari esker, Athleticek bigarren posturako lehian jarraitzen du. Ez da sari makala, postu horrek datorren sasoian Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera eman baitezake. Gaur-gaurkoz, Atletico Madril da bigarren, zuri-gorriek baino sei puntu gehiagorekin —Valentzia da hirugarren, bi puntu gehiagorekin—. Atletico Madrilekiko aldea, ordea, zazpi puntukoa da benetan, Espainiako taldeak gol-alde hobea baitu. Zaila dirudi, beraz, zuri-gorriek helburua lortzea, lau partida bakarrik falta baitira jokatzeko, hots, hamabi puntu daude banatzeko. Halere, zuri-gorriak azken unera arte borrokatuko dira. Merezi du ahaleginak, saria potoloa baita.

Realak ere badu zergatik borrokatu azken txanpa honetan, txuri-urdinek oraindik ez baitute ziurtatu mailari eustea. Lau puntura dute jaitsiera. Gaur partida erabakigarria dute, azken sailkatuari egingo baitiote bisita, Sevillari (11:30).

Alaves eta Osasuna, gaur

Alaves eta Osasunak ere gaur jokatuko dute, biek etxetik at: nafarrak Betis lehen sailkatuaren zelaian ariko dira (12:00), eta arabarrak Alcorconen zelaian (21:00). Biek oso bestelako helburuak dituzte sasoia amaitu artean. Osasunak mailari eutsi nahi dio, eta horretarako lehenbailehen eten behar du bolada txarra: bederatzi jardunaldi daramatza irabazi gabe. Alaves, ordea, igoera kanporaketari begira jarri nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.