Hirutik hiru. Gauza askok eman dezakete aberastasuna saskibaloian. Azken uneko jaurtiketa garaile batek, estatistika onek, asistentzia batek, hiru puntuko jokaldiak, taktika erabakigarri batek... 5. jardunaldiak aberastasun horren adibide ugari utzi dizkigu. Baskoniak Ivanovicek hartutako erabaki bati esker atera zuen aurrera asko gaiztotu zen Fuenlabradaren aurkako partida: lau jokalari txikirekin jokatzea. Lagun Arok ere hiruko bati esker irabazi zuen. Urizek saskiratu zuen, baina partidako 25. minutuan. Hiruko horrek, ordea, partidako dinamika osoa aldatu zuen. Bai Baskonia, bai Lagun Aro, biak daude lidergoan. Koska bat beherago dago Bilbo Basket, baina buelta eman dio egoerari. Banicen jokoari esker. Isil-isilik, soinurik egin gabe, baina eraginkor.
Txikiak handi. Esteban Batistak hankapean ibili zuen atzo Barac. Falta inozoak behartu zizkion, eta bere onetik atera, duen azkartasunari esker. Beste edozein partidatan erabakigarria izango litzateke pibot garairik gabe jokatzea, baina Dusko Ivanovicek eta bere laguntzaileek erabaki garrantzitsu bat hartu zuten. Teletovic pibot postuan kokatzea eta lau txikirekin jokatzea: Huertas, Ribas, Logan eta San Emeterio. Orduan egin zuen Baskoniak defentsako joko onena, eta horri esker, erasoan aurkaria hautsi. Teletovicek defentsa askorik ez duela gogoko jakina da, baina buruz bizkorra da, eta Batistaren kemena itzali zuen. Barac, bitartean, aulkian eserita zegoen, amorratuta. Beti bezala, komeni Ivanovicen esanak aintzat hartzea: «Orain daukagunarekin ezin dugu gehiago egin». Zerbait egin dute, baina Haislip itzuli zain daudela ere nabarmendu zuen. Horrez gain, Muslik lehen partida jokatu zuen ligan Baskoniarekin. Bederatzi minutu lehengaia sobran duela ikusteko. Kontrakoa gertatzen ari da Bjelicarekin. Hilabete pasatu da lehiaketa hasi zenetik, eta ez da azaldu.
'Starsky eta Hutch'. Illunbeko harmailetan zaleren batek horrela deitu zien Urizi eta Doblasi. Eurek hauspotu zuten taldea, eurek beste inork baino grina handiagoa dutelako. Etxekoak baitira. Urizek hiruko erabakigarri bat saskiratu zuen 25. minutuan, zortzi metrotik, partida aldats gora zegoela. Beste bi sartu zituen gero, eta Doblasi bi asistentzia on eman; zaleen txalo zaparrada jaso zuen ondotik. Doblasek hamar puntu erabakigarri sartu zituen, eta bederatzi errebote jaso. Komeni Lagun Aro bloke sendo bat dela ez ahaztea. Alfonso Sanchez eta Lorbek erabakigarriak izan ziren une batean. Salgado, Baron, Tsikitixvili, Miralles, Kone eta Panko ere bai. Denena da meritua.
'Pentsatu gabe jokatu'. Fotis Katsikarisen hitzak dira: «Oldarkor jokatu dugu, errebote asko irabazi, baloi asko berreskuratu, baina gakoa batez ere izan da erasoan askorik pentsatu gabe jokatzea. Dakiguna egin dugu». Eta zer da dakitena? Banic iaioetan iaioena dela blokeo eta jarraipen jokaldietan, eta hari saskipean baloia ematen bazaio, bi puntu ekartzen dituela ia beti. Jacksonek badaki bere dohain onena trantsizio jokoa dela, zentzuzko barneraketak egitea, asistentzia onak ematea, eta ez urruneko jaurtiketak egitea. Bilbo Basketek 32 errebote hartu zituen, eta Unicajak 24. Hernandez-Sonsecak eta Mavroeidisek nahiko partida eskasa jokatu arren.
Parekotasuna? ACB ligak han eta hemen saltzen du parekotasuna duela altxor. Bosgarren saioak kolokan jarri du hori, Bartzelonako eta Kanaria Handiko norgehiagokei erreparatzen badiegu. 40 punturen aldearekin irabazi zion Bartzelonak Menorcari, eta 49 puntuan utzi zuen Kanaria Handiak Manresa. Balantzaren bestaldean, ordea, Alacantek, azkenak, Real Madril liderraren aurka irabazitako partida dago. Aurrekari ona Lagun Arorentzat, Madrilen jokatuko baitu igandean.
Aberastasunaren aurpegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu