Uda aurrera doa, eta hiriburuetako torneoei jarraiki, Bilboko Aste Nagusiko torneoa aurkeztu dute. Aurreko urteko lehiaketa ereduari segida emanez, bi mailetan jokatuko dute: Maila Nagusian eta B Seriean. Bi finalerdi jokatuko dituzte abuztuaren 25ean eta 26an; finala, berriz, hilaren 28an. Neurketa guztiak Bizkaia pilotalekuan izango dira. Finalak ETBk emango ditu.
Maila nagusian, lehen finalerdia Aspe enpresari dagokiona izango da. Partida hori abuztuaren 25ean jokatu da (18:30), eta Altuna III.a-Rezusta eta Elordi-Zabaleta bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago. Beñat Rezustak parte hartuko du aurten torneoan, eta, Gasteizeko zein Donostiako torneoetan gertatu moduan, Altuna III.aren bizkartzain arituko da Bergarako (Gipuzkoa) atzelaria. Elordi eta Zabaleta txapeldun izan ziren iaz elkarrekin, eta berriz irabaztea izango da haien helburu nagusia.
Baikoren adarreko norgehiagoka, berriz, abuztuaren 26an jokatuko da (18:30, ETB1). Bertan, Artola-Mariezkurrena II.a eta Laso-Iztueta bikoteen arteko lehia izango da. Unai Lasok ezin izan zuen jokatu iazko udan, baina aurten prest da Bizkarreta-Gerendiaingo (Nafarroa) aurrelaria.
B Seriea, erakargarri
B Seriean ere, Baikok eta Aspek kanporaketa bana jokatuko dute. Aspe enpresari dagokion norgehiagoka izango da lehenengoa, eta abuztuaren 25ean jokatuko da (18:30): Murua-Aldabe eta Rekalde-Eskuza bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago. Murua egungo aurrelari txapelduna da, iaz Iñigo Bikuñarekin irabazi baitzuen B Seriean jokatutako lehen torneoa. Baikoren adarreko partida, berriz, abuztuaren 26an jokatuko da (18:30, ETB1). Bertan, Amianok eta Morgaetxebarriak Zubizarreta IV.aren eta Landaren aurka neurtuko dituzte indarrak.