Munduko Kopa

Afrikako selekzioak: erdigunean egon nahi dute

Geroz eta lehiakorragoak dira, eta urrats berriak egin ditzakete Munduko Kopa honetan. Europan zaildutako jokalarien eskutik etorri da garapena, Mauritaniako hautatzaile Aritz Lopez Garaik azaldu duenez. «Alor taktikoan dago gakoa».

Marokoren hasierako hamaikako jokalariak, Brasilen aurka jokatu aurreko argazkian. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Marokoren hasierako hamaikako jokalariak, Brasilen aurka jokatu aurreko argazkian. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko ekainaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain gutxira arte, Afrikako selekzioak ez dira benetako mehatxu bat izan Munduko Kopako talde tradizionalentzat; Europako eta Hego Amerikako selekzioentzat, alegia. Txapelketari ukitu exotiko eta alaia ematen zioten, eta noizean behin ezustekoren bat ematen zuten. Ordea, ez zuten tokirik hautagai nagusien agertokian. Bazterrean zeuden, dekoratu soil bezala. Alabaina, gauzak aldatu egin dira. Afrikako selekzio askok proiektu sendoak eta goi mailako jokalariak dituzte gaur egun, eta fokuen azpian egon nahi dute. Marokok afrikarren langa historikoa gainditu zuen 2022an, finalerdietara iritsita, eta, aurtengo Munduko Kopa oraindik multzoen fasean dagoen arren, lehen jardunaldiko emaitzak joera aldaketaren zantzu izan daitezke.

Afrikako futbola oso gertutik ezagutzen du Aritz Lopez Garaik (Barakaldo, Bizkaia, 1980), Mauritaniako selekzioaren hautatzailea den heinean. 2024ko azaroaz geroztik dago karguan, eta Munduko Kopa etxetik ari da ikusten, Mauritaniak ez baitzuen sailkatzerik izan. Denera Afrikako hamar selekziok dihardute aurtengo txapelketan, formatu aldaketaren eraginez; aurrez, parte hartzerik oparoena 2010ean izan zuten, Hegoafrikan jokatu zen aldian, sei ordezkarirekin. «Bikoiztu egin da parte hartzea, eta sailkatze faseari heltzean, ez da gauza bera bost toki edo hamar egotea. Aukerak asko handitu dira, eta horren erakusgarri garbia da Cabo Verde», azaldu du Lopez Garaik. Afrikako futbolak izan duen garapenaren adibide gisa ere aipatu du Cabo Verdeko selekzioa. «Emaitzek erakusten dute Afrikako futbolaren maila handitzen ari dela. Futbola asko berdindu da gaur egun, eta zer esanik ez partida bakarrera jokatzen bada. Horrela azal daiteke, adibidez, Cabo Verdek Espainiaren aurka berdindu izana».

Aditu gehienekin bat eginez, Maroko eta Senegal dira, Lopez Garairen ustez, Afrikako selekzioen artean indartsuenak. Koska bat beherago Egipto eta Boli Kosta daude, teknikari bizkaitarraren aburuz. Kongoko Errepublika Demokratikoa ere laudatu du. «Sailkatze fasean aurkari izan genuen, eta kanporaketetan Kamerun eta Nigeria garaitu zituen. Kontuz. Jokalariak ez dira horren ezagunak, baina, Portugalen aurka jokatu zutenean ikusi zen bezala, oso kontrario gogorra izan daiteke». Aljeriak 3-0 galdu zuen debutean Argentinaren aurka, eta ikusmina du Lopez Garaik, ea nolako erreakzioa izango duen. «Oso jokalari onak ditu, eta eskarmentu handia duen entrenatzailea. Normala da Argentinaren aurka galtzea, baina itxura ona eman zuen. Oso talde ona da».

«Ez dakit teknikari afrikarrak geroz eta hobeak diren, baina gehiago daude, federazioek formakuntzan inbertitu ahala»

 ARITZ LOPEZ GARAI Mauritaniako hautatzailea

Afrikan 54 selekzio ofizial daude, eta bakoitzak bere errealitatea dauka. Joera orokorra, ordea, goranzkoa da. «Pixkanaka, Europako futbolaren maila hurbilago du Afrikak». Geroz eta afrikar gehiagok jokatzen dute gaztetatik Europako ligetan, eta horrek bide eman dio Afrikako selekzioen garapenari. «Alor taktikoan dago gakoa. Fisikoki eta teknikoki berezko dohainak dituzte jokalari afrikarrek, baina lehen, futbola ez zuten horren ongi ulertzen. Ordea, Europako egituretan alor hori hobeto garatu dezakete. Horren ondorioz, Afrikako selekzio askok oso antolaketa ona dute zelaian».

Genealogia baliatuz

Diasporako jokalariak bilatzea oinarrizko egitekoa da gaur egun. «Federazio guztiek hainbat behatzaile dituzte espezifikoki bilaketa hori egiteko. Jokalariak batetik bestera doaz, eta ez da erraza». Afrikatik Europara joandakoak ez ezik, Europan bertan jaioak diren baina sustrai afrikarrak dituzten jokalariak ere funtsezkoak dira. Kongoko Errepublika Demokratikoak, adibidez, herrialdetik kanpo jaiotako hogei jokalari eraman ditu Munduko Kopara, eta hemeretzi Marokok. «Gerta daiteke jokalari bat Europan jaiotzea, baina ama mauritaniarra eta aita senegaldarra izatea. Hortaz, hiru selekziotan aritzeko aukera dauka. Selekzio indartsua duen herrialde batean jaio bada, bertan jokatzea lehenetsiko du; aukera ematen badiote, noski. Beste selekzioentzat ez da erraza azken aukera direla sentitzea, baina testuingurua zein den ulertu behar da».

«Azken kanporaketetan erregularki sartzeak izan behar du Afrikako selekzioen helburua. Posible ikusten dut»

ARITZ LOPEZ GARAI Mauritaniako hautatzailea

Teknikari atzerritarrek ere «ekarpen garrantzitsua» egin dute Afrikako selekzioen garapenean, Lopez Garairen aburuz. Hori bai, Munduko Kopan diharduten Afrikako selekzioetako hautatzaileei dagokienez, hamarretik bost afrikarrak dira. Oro har, hazi egin da teknikari kopurua. «Lehen, ezinezkoa zen Afrikan entrenatzaile titulua lortzea. Orain, ordea, federazioak prest daude formakuntzan inbertitzeko. Ez dakit entrenatzaileak geroz eta hobeak diren, baina gehiago daude, hori bai». Mauritaniako selekzioak, dena den, lemazain euskal herritarra dauka. Noizbait Munduko Kopara iritsiko ote dira? «Baietz esango nuke, baina urrun gaude oraindik. Afrikan oso talde indartsuak daude gure aldean». Eta talde indartsu horiek Munduko Kopa irabazteko gai dira? «Oraindik ez. Lehenik, azken kanporaketetan erregularki sartzeak izan behar du helburua, Marokok azken Munduko Kopan egin zuenari jarraipena emanda. Hori posible ikusten dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE