Entrenamendu fisikoa amaitu berri du Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994). Prestatzailea aldatu du: Axier Arteagarekin zebilen lehen, eta, David Dominguezekin dabil orain. «Altuna, Murua, Ugartemendia, Alberdi, Martija, pilotari afizionatu batzuk... Gustura nabil», azaldu du.
Zera esan zenuen Iker Larrazabalen aurka galdu berritan: «Ezinean aritu naiz, konfiantzarik gabe». Ia bi aste pasatu dira geroztik. Buelta eman diozu?
Baietz uste dut, baina hori partidan ikusi beharko da. Aurrekoan, ustez nahiko ondo nengoen, baina gero ez nintzen gustura aritu. Nolanahi ere, gelditu gabe entrenatzen ari naiz, eta ondo ditut eskuak. Bi aste izan ditut partida batetik bestera, eta horrek mesede egin dit: bi entrenamendu gogor samar egin ditut.
Argi zenuen zer hobetu behar zenuen?
Bai. Oso nabarmena izan zen ez nuela ondo sakatu; ez nuen batere minik egin. Errestoan ere ez nintzen ondo aritu. Bi gauza horiek hobetzen jarri dut arreta gehien.
Halere, ez zenuen oso urrun izan garaipena: 22-17 galdu zenuen.
Hori izan zen onena: gauza batzuetan asmatu ez nuen arren ez zela egon alde handirik. Gustura aritzen ez zarenean garrantzitsua da borrokatzea, are gehiago egungo lehiaketa sistema nolakoa den kontuan hartuta: garrantzi handia du tantoen aldeak. Bikaina izango zen irabaztea, baina, gutxienez, tanto alde txukuna lortu nuen.
Lehen partida zenuen, eta lehen partidak zailak izaten dira. Horrek zerikusia izan zuen?
Baietz uste dut. Urte asko daramatzat, eta denetarik izan dut, urte onak eta txarrak, baina buruz burukoan aritu naizen gehienetan jokatu dudan aurreneko partida ez da izan nire onena. Iaz, adibidez, behetik gora egin nuen. Ondo entrenatu izanagatik ere, partidek jartzen zaituzte zeure tokian; hor ikusten da zertan ari zaren ondo eta zertan oker, eta hori ez dakizu lehen neurketa jokatu arte. Bigarren partidari gauzak argiago izanda heltzen diozu.
Eskerrak ez zela kanporaketa, bestela, kalean zinateke.
Eskerrak, bai. Egungo lehiaketa sistema honetan, denok nahi dugu finala jokatu eta txapela irabazi, baina hori lortu ezinda, oso garrantzitsua da finalerdiak jokatzea. Aurten nik izan dut sare hori azpian, eta, nahiz eta lehen partida galdu, lehian nabil. Begira zer gertatu zaien, adibidez, Ezkurdiari eta Elordiri: biek egin zezaketen lan ona, baina, lehen partida galdu, eta kalean dira. Hori kontuan hartuta, ederra litzateke aurten ere gutxienez finalerdietara iristea, berriro abantaila hori edukitzeko. Tira, sistema aldatzen ez badute, itxuraz aldaketa garaian baitago.
«Lehen partidan oso nabarmena izan zen ez nuela batere minik egin sakez. Errestoan ere ez nintzen ondo aritu»
Egungo txapeldunordea zara. Presio gehiago nabari duzu?
Ez. Ni naiz azken txapeldunordea, baina pilotari asko dabiltza buruz burukoan: batzuk txapeldun izanak dira, eta, beste batzuk, txapeldun izango direla espero da. Presioarena oso gauza pertsonala da: beti aurkituko duzu motiboren bat urduri edo lasai egoteko. Norberak gauzak bizitzeko zer modu duen, eta horiek nola lantzen dituzun, horren araberakoa da.
Duela bi urte hirugarren izan zinen, eta, iaz, bigarren. Aurten, txapeldun?
Elkarrizketa batean galdetu zidaten hori, eta nik baietz erantzun nuen, eta lerroburuan jarri zuten. Ez da niri okurritu zitzaidan gauza bat, baina gustatzen zait, planteamendu polita iruditzen zait. Baina ikusi besterik ez dago ez dela erraza, eta are zailago lehen partida galdu eta gero.
Iaz, buruz burukoa galdu berritan, esan zenuen «errebantxarako gogo bizia» piztu zitzaizula. Gogo horri eusten diozu?
Bai, eta saiatu naiz nire alde erabiltzen. Inoiz txapeldun izateko gogo eta ilusio horrek lagundu egiten dit entrenatzeko eta motibazioa izateko.
Ia urtebete pasatu da final hori jokatu zenuenetik. Emaitzak kontuan hartuta, espero baino apalago aritu zara?
Agerikoa da urte nahiko txarra egiten ari naizela: lau eta erdian, lehen partida galdu nuen; binakakoan, berriz, Anderrek [Imazek] eta biok lehen itzuli oso ona egin genuen, baina, hatza hautsi, eta ezin izan nuen gehiago jokatu. Urte nahiko kaskarra daramat, baina oraindik ez da bukatu: buruz burukoa falta da, Nafarroako lau eta erdikoa, eta uda osoa ere bai. Nire asmoa hobera egitea da, orain artekoa ez baita izan espero bezalakoa.
Jon Ander Peñaren aurka jokatuko duzu gaur, Durangon (17:15, ETB1). Biok galdu duzue lehen partida. Neurketa erabakigarria da.
Hala da. Irabazten duenak bizirik eutsiko dio; galtzen duena, berriz, etxera joango da kasik. Onena da gure esku dugula hori; horri heldu behar diogu.
Nola dabil Peña?
Sasoi bete-betean dabil: ez dakit inoiz ikusi dudan horren ondo jokatzen buruz buru. Hala ere, ez nau inondik inora ezustean harrapatu. Duela bi urte elkarren aurka jokatu genuen buruz burukoan, eta irabazi egin nion, baina dohainak ikusi nizkion. Peña gutxietsi egin izan dute buruz buru aritzeko, baina baditu dohainak, eta aurten erakutsi ditu. Aurkari oso gogorra da.
«Sasoi bete-betean dabil Peña: ez dakit inoiz ikusi dudan horren ondo jokatzen buruz buru. Aurkari oso gogorra da»
Zer moduz aritu zen Javier Zabalaren aurka?
Askok Zabala jotzen dugu txapela irabazteko hautagaitzat, eta Peña hari irabaztear egon zen. Detaileetan erabaki zen partida. Peñaz esan izan da ez duela pilota asko atzeratzen, baina ondo sakatzen du, ondo errestatzen du, eta airez sekulako baliabideak ditu; dena du gaur egun buruz buru jokatzeko. Jokamolde jakin bat behar da buruz buru jarduteko, eta egun, hainbat pilotari aritzen gara horrela: oldarkor jokatzen dugu, eta airez defenditzen gara. Peñak hori guztia egiten du. Egun jakin batean nor aritzen den ondoen, hortxe dago aldea. Saiatuko naiz partida honetan ni aritzen ondoen. Biok egin nahiko dugu gauza bera: ekimena izan, eta oldarkor aritu.
Zeresana eman zuen epaileek Peñari bi atxiki adierazi izanak. Peña asko haserretu zen. Noizean behin izaten da saltsa atxikien inguruan. Zer iritzi duzu zuk?
Batetik, atxikiena ez da oraingo kontua, aspaldikoa baizik. Eta, bestetik, oso gai konplexua da, eta ebazten zaila. Garrantzitsuena da zehaztea zer den atxiki eta zer ez, baina, horretan, pilotariok ez gaude ados. Ezta epaileak ere: batzuek joera bat dute, eta, beste batzuek, beste bat. Enpresek eta epaileek objektibatu egin nahi dute, baina ezinezkoa da, atxikiarena kontu nahiko interpretagarria baita; ez du muga argirik, eta araudi batek ezingo du inoiz zehazki jaso. Ez diot irtenbide garbirik ikusten.