Pilota

Agirre eta Bakaikoa distiratsu ari dira itzalean

Asier Agirrek eta Joanes Bakaikoak B Serieko buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Labriten. Haiek biek dute palmaresik onena bigarren mailan ari direnen artean. Biak «oso pozik» daude egiten ari diren ibilbidearekin.

Joanes Bakaikoa eta Asier Agirre. IÑIGO URIZ / FOKU
Joanes Bakaikoa eta Asier Agirre, asteazkenean, Labriten, finaleko pilota aukeraketan. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 24a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Pilotari zailduak dira Asier Agirre (Iruñea, 1995) eta Joanes Bakaikoa (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1997). Biek egin dute ibilbide luzea profesionaletan, biek Baikon: Agirrek hamar urte egingo ditu hiru aste barru; Bakaikoak, berriz, zortzi egin zituen urtarrilean. Biak Bigarren Mailan aritu dira gehien, fokuetatik urrun.

Baina distira egin dute itzalean. Etxarriarrak bost txapel irabazi ditu: hiru lau eta erdian, eta bi buruz buru. Iruindarrak, berriz, lau txapel jantzi ditu: hiru binaka, eta bat lau eta erdian. Inork ez du haiek bezain palmares ona bigarren mailan ari diren pilotarien artean. Gaur, beste txapel bat irabazi nahi dute: B Serieko buruz buruko finala jokatuko dute Iruñean, Labriten (17:30, ETB1).

Agirre da helduena txapelketa jokatu dutenen artean: 30 urte betetzear dago. Bakaikoa, berriz, helduenetan hirugarrena da: 28 urte bete ditu aurten. Haien artean dago Joseba Aldabe: 29 urte egin berri ditu. Hiru pilotari horiek eta Iraitz Zubizarreta aritu dira finalerdietan. «Erakutsi dugu adin batekoak izan arren sasoi betean gaudela», nabarmendu du Bakaikoak.

Biek uste dute «elkarren antza» dutela. «Batetik, biok erakutsi dugu gai garela Bigarren Mailan txapelak irabazteko. Baina, bestetik, bioi falta izan zaigu zerbait Lehen Mailan aritzeko. Hala ere, gogor jarraitu dugu lanean, eta horri esker lortu ditugu horren emaitza onak Bigarren Mailan», azaldu du Agirrek.

Biek diote «oso pozik» daudela egiten ari diren ibilbidearekin. «Ibilbide polita egiten ari naiz. Denoi gustatzen zaigu ahalik eta partida garrantzitsuenak jokatzea, Lehen Mailakoak, baina guztietan aritu behar duzu bete-betean. Beste kontuetan pentsatzea traba da hori egiteko», adierazi du Bakaikoak. Hark du txapela gehien koska bat beherago ari direnen artean, baina ez dio aparteko garrantzirik eman. «Ez diot askorik erreparatzen horri, baina argi dago kopuru polita dela. Txapel horiek eguneroko lanaren fruitua dira. Horretan jarria daukat arreta osoa, egunero ahalik eta ondoena lan egitean. Saria jaso edo ez, neure buruarekin gustura geratu nahi dut. Azkenaldian, erregular ari naiz. Oso pozik nago».

«Eguneroko lanean daukat arreta osoa. Saria jaso edo ez, neure buruarekin gustura geratu nahi dut»

JOANES BAKAIKOA Baikoko pilotaria

Agirrek, berriz, nabarmendu du hamar urte daramatzala profesionaletan. «Izarra ez bazara, zaila da luzaroan eustea, eta nik aurki beteko ditut hamar urte profesionaletan. Balio handia ematen diot horri». Hura ere ez dago itsututa Lehen Mailan aritzearekin. «Norberaren aurreikuspenen araberakoa da hori. Debutatzen duzunean, ilusioz gainezka zaude, eta horrelakoak pentsatzen dituzu. Baina, gero, hori eramaten jakin behar da. Zera da garrantzitsuena: egiten duzun horrekin ondo egotea, eta ni oso gustura nabil».

Biak bat datoz: «ondo lan egin izanaren saria» da gaurko finala jokatzea. Bakaikoak laugarrena du buruz buru; Agirrek, berriz, bigarrena. Bide bera egin dute biek: irabazi egin zuten final-laurdenetako ligaxkako lehen partida, galdu bigarrena, eta irabazi hurrengo biak: ligaxkako azkena eta finalerdia. «Orain, oso azkar jokatzen da, eta, sasoi betean ez bazaude, edozeinek irabaz diezazuke. Ni ez nintzen gustura aritu Aldaberen aurka, eta galdu egin nuen. Beste partidetan, ordea, txinpartarekin aritu naiz. Horri heldu behar diot», azaldu du Bakaikoak.

Agirrek, berriz, esan du «behetik gora» egin duela. «Lehen Mailako atarikoa jokatu, eta galdu egin nuen [Beñat Senarren aurka]. Kostatu zitzaidan ikuspegia aldatzea, eta lehen partidetan ez nintzen bete-betean aritu. Baina gero eta hobeto aritu naiz».

«Izarra ez bazara, zaila da luzaroan eustea, eta nik aurki beteko ditut hamar urte profesionaletan. Balio handia ematen diot horri»

ASIER AGIRRE Baikoko pilotaria

Final «gogorra» espero dute

Biek dute euren burua «borrokalaritzat». Beraz, biek uste dute finala «gogorra» izango dela. Bakaikoak Agirreren «eskuina» nabarmendu du. «Saiatu behar dut ez dezan modurik izan pilota eskuinez eroso jotzeko. Baina ezin naiz bakarrik defentsan aritu, eta ekimena ere izan behar dut». Agirrek, berriz, Bakaikoaren «sendotasuna» azpimarratu du. «Txakalaldi gutxi ditu. Oso sendo dabil beti defentsan eta erasoan. Ezin dut hutsik egin: bete-betean aritu behar dut, eta erabakiak azkar eta ondo hartu».

Irabazleak bi sari izango ditu: batetik, txapela, eta, bestetik, datorren urtean maila nagusiko buruz burukoa jokatzeko aukera. «Oso sari polita da», aitortu du Bakaikoak. Baita Agirrek ere, baina hark nabarmendu du berriro bere burua «lehiakor» ikusteari ematen diola garrantzirik handiena. Arantza atera nahi du, iaz tanto bakar baten aldearekin galdu baitzuen finalean, Iker Larrazabalen aurka. Irabaziko balu, Bigarren Mailan hiru modalitateetan txapeldun izan den hirugarren pilotaria litzateke: Mikel Olaetxea eta Ion Jaunarena dira beste biak. «Askotan esan didate hori azken egunetan. Gauza handia da, baina horrek ez nau itsutzen. Nahiko pizgarri da buruz buruko finala jokatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.