Frantziako Tourrean parte hartu edo ez zalantzan ibili zen Thomas Voeckler (Europcar). Azken egunera arte ez zuen deus argitu, baina garbi dago asmatu zuela erabakiarekin. Taldeko zuzendariek ez dute damu handirik izango, behintzat. Belauneko arazoek buruhauste franko eman diote Voecklerri azkenaldian, baina atzo minak ahazteko moduko garaipena lortu zuen Bellegarde-sur-Valserinen. Ia etapa osoa tropeletik ihes eginda pasatu ondoren, bost txirrindulari heldu ziren amaierako aldapara etapa irabazteko aukerarekin. Eta beste behin Voeckler izan zen onena. Gainontzekoei aginduak ematen bakarrik ez, gain hartzen ere badakiela erakutsi zuen frantziarrak. Tropelean ez da ziklista maitatua, baina bizikleta gainean aparta denik ezin daiteke ezbaian jarri.
Etapak aurrez idatzirik zeukan gidoia bete egin zen gutxi gorabehera. Jakina zen iheslariek aukera ona izango zutela amaierara aurrenak heltzeko, eta halaxe izan zen. Dena den, 40. kilometrora arte ez zen ezer erabaki. Erasoak bai, erasoak bata bestearen atzetik egon ziren, baina guztiek egon nahi izan zuten aurrean, eta abiadura azkarrak ez zuen utzi ihesaldi eraginkorrik sortzen. Azkenean, hogeita bost lagunek izan zuten zorte hori, artean izen handiak zirela. Ordea, maldak bakoitza merezi zuen lekuan jarri zuen, eta soilik bostek lehiatu ziren etapa irabazteko: Voecklerrek berak, Luis Leon Sanchezek (Rabobank), Michele Scarponik (Lampre), Dreis Devenynsek (Omega) eta Jens Voigtek (RadioShack).
Ez zegoen faborito garbirik, ihesaldiko guztiek baitzuten ezaugarri onen bat etapa irabazteko. Lehenik, Devenynsek jo zuen erasoa, eta ez txarra. Metro batzuen aldea lortu zuen, baina orduan Voigtek erantzun zuen. Bazirudien helmugan bi besoak altxatuko zituela, baina ez. Inor gutxik espero zuenean ziztu bizian azaldu zen Voeckler, atzetik aurrera eginda. Azken kilometroan aldapa gaiztoa zegoen, eta indarrak erabaki zuen dema. Bada, izen handi guztien artean Voeckler nabarmendu zen. Iaz, Tour aparta egin zuen, eta ez du ahaztuko. Atzoko garaipena ere beti izango du gogoan. Gainera, bi txori harrapatu zituen tiro batez: etapa eta mendiko maillota.
Tropelak une oro eman zien nahi zutena egiteko baimena iheslariei, eta Luis Leon Sanchez ageri zen aurrean errege. Eroriko bat edo beste izan du Tourrean espainiarrak, eta egun batzuetan dezente sufritu du. Atzo, baina, erabat osaturik agertu zen, eta bazirudien ekaitzaren ostean barealdia izango zuela. Tourrean hiru garaipen ditu, eta horietako bi uztailaren 11n eskuratuak. Alegia, atzoko egunez. Estatistikak alde zituen, bai, baina estrategia desegokia erabili zuen. Murtziakoaren ustez, Scarponi zen indartsuena bost txirrindularien artean, eta haren zain egon zen. Voecklerrek atera zituen, ordea, babak eltzetik, eta ezer egiteko aukerarik gabe geratu zen Luis Leon Sanchez.
Egoi Martinez ihesaldian
Aipaturiko bost ziklista horiekin euskaldun bat ere ibili zen ihes eginda: Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi). Lan txukuna baino zerbait gehiago egin zuen, baina Le Grand Colombier mendatean ezin izan zuen indartsuenekin jarraitu. Ahituta geratu zen, eta erritmo normalean segitzea erabaki zuen. Mailaz kanpoko gaina indartsuenengandik minutu batera igaro zuen, beste lau txirrindularirekin batera, eta ematen zuen aurrekoekin bat egiteko moduan izango zirela. Ordea, usteak erdia ustel, eta helmugan bigarren taldean sartzearekin konformatu behar izan zuen.
Lasterketaren aurreko aldean ez ezik, tropelean ere izan zen joa. Bradley Wiggins (Sky) da bertako artzaina, eta gehienean bere aginduetara eduki zuen artaldea. Vincenzo Nibalik (Liquigas), ordea, segundo batzuk irabazteko erabakia hartu zuen, eta gogor erasoa jo. Baina ez aldapa gora, behera baizik. Jarrera bikaina erakutsi zuen italiarrak, baina alferrik. Sky taldea oso indartsu dago, eta ez dio inori aukerarik eman nahi. Nibalik ez bezala, Jurgen Van den Broeckek (Lotto) eskuratu zituen segundo batzuk sailkapen nagusiari begira.
Gaur mendian jarraituko du tropelak, eta 148 kilometro osatuko dituzte txirrindulariek, Albertville eta La Toussuire artean. Mailaz kanpoko bi mendate, lehen mailako bat eta bigarren mailako beste bat igaroko dituzte.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Ahaztu zaizkio minak
Ihes egindako bosten artean, Thomas Voeckler izan da indartsuena, eta merezita irabazi du; Bradley Wigginsek lider jarraitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu