Ahoan sartu, dastatu eta jan

Kaikuk irabazi du San Miguel ligako bosgarren estropada, Groven, eta sailkapenaren buruan jarri daAtzo arte ligako sailkapenaren buruan zen Hondarribia laugarren izan da

Ahoan sartu, dastatu eta jan.
Aitor Manterola Garate.
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Galizian estropada, baina euskal kutsukoa. Hasteko, banderaren izena: Euskadi dasta ezazu. Gero, irabazlea: Kaiku. Jan egin zituen aurkariak Groveko uretan. Parera ekarri, ahora gerturatu, barrura sartu, dastatu eta jan. Jakirik gozoena Hondarribia izan zuen, San Miguel ligako lehen postua kendu ziolako.

Arratsalde paregabea izan zen Bizkaiko klubarentzat. Trapua eta lidergoa, biak bat. Estropada biribila egin zuen, hasi eta buka. Azkeneko txandan joan zen, Hondarribia, Urdaibai eta Tiran alboan zituela. Alboan zituen txanda hasterakoan, traineruak lerrokatuta egoten diren tentsioz beteriko une horretan. Epaileak bandera gorria astindu zuenerako hasi zuen jankada. Bat barrura, bi barrura, hirugarrena gero... horrela denak zanpatu arte.

Lehen luzean, enbarazu pixka bat Urdaibaik egin zion, parean eta jarriz, baina berehala utzi zituen kontu denak bere lekuan Kaikuk. Atzo bere eguna zen. Izenez eta izanez, talde indartsuena dela duda gutxi dago, baina atzo arteko lau estropadetan, ez zuen askorik erakutsi. Astilleron, bigarren jardunaldian, azaldu zuen eman dezakeenaren berri. Orduan irabazi zuen lehen bandera. Atzokoa du bigarrena. Beste hirurak Hondarribiak jaso zituen, azken biak segidan, eta Kaikuk esnatu beharra zeukan. Gosez egin zuten arraunean arraunlariek, dotore, batere indarrik egin gabe ariko balira bezala. Erraz, gozatuz. Bizi zihoan Bizkaitarra trainerua, aurkari denak atzeanutziz. Tiran eta Hondarribia jan zituen lehendabizi, ia hasi orduko, eta, handik gutxira, lehen ziabogara heldu orduko, Urdaibairi egin zion koska. Hortik aurrerakoa, iragarrita zegoen esnatzearen kronika izan zen.

Atzetik, estu heldu ziren Urdaibai eta Hondarribia. Azkenean, bizkaitarrak aurretik, ia segundo baten aldearekin. Tiran atzerago sartu zen, 21 segundora, etxeanitxura ona eman ezinda. Hondarribiarren zoritxarrerako, San Juan ere Kaiku eta beraren artean sartu zen. Sekulako estropada egin zuten pasaitarrek bigarren txandan, eta azkeneko sailkapenean, bigarren izan ziren. Kaikuk ez zien alde handia atera: bost segundo baino ez. Ligako taulan, hirugarren jarri dira Joseba Fernandezenak.

Aurreneko txandan, jaitsierako lekuak jokoan dauden horretan ere izan zen kontu deigarririk. Zierbenak ez zuen azkena egin. Zumaiak bete zuen leku hori. Ondorioak, hauek: ligako azken sailkatuak konfiantza pixka bat hartu zuen, eta justu kontrakoa gertatu zitzaion azken-aurrekoari. Txanda hori Castrok irabazi zuen, erraz, Portugaleteren aurretik.

Gaur, seigarren estropada izango du ligak, Moañan (Galizia), 12:00etan. Atzoko emaitzen arabera osatuko dira txandak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.