Aiara Agirrezabala tximista baino biziago iritsi da Realaren lehen taldera

Zubietatik ateratako azken harribitxia da Agirrezabala. Tokia egin du txuri-urdinen ezker hegalean. Lagunek eta entrenatzaile ohiek «argi» zuten gorenera iritsiko zela, eta haren dohain teknikoak eta lanerako jarrera nabarmendu dituzte.

Aiara Agirrezabala Realeko jokalaria, baloia kontrolatu nahian, atzean Badalonako jokalari bat duela. RUBEN GIL
Aiara Agirrezabala Realeko jokalaria, baloia kontrolatu nahian, atzean Badalonako jokalari bat duela. RUBEN GIL
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko otsailaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zubietatik ateratako azken harribitxia da Aiara Agirrezabala Realeko jokalaria (Berastegi, Gipuzkoa, 2008). Jokalari bizia eta bizkorra da zelaian, eta hala, tximista baten abiadura hartuta egin du gorenerako urratsa. Hiru denboraldi baino ez zituen eman harrobian, eta joan den sasoian egin zuen debuta lehen taldearekin. Valentziaren aurkako partidan izan zen, oraindik bigarren taldeko jokalaria zela. Ezker hegalera itsatsita, hasiera-hasieratik erakutsi zuen zer dohain dituen: abiadura, indarra eta nortasuna. Futbolean hasi zenetik izan ditu ezaugarri horiek, ondo ezagutzen dutenek azaldu dutenez.

Sasoi honetan egin du Agirrezabalak lehen talderako urratsa. Arturo Ruizen hamaikakoan funtsezko jokalari bihurtu da. Hemezortzi partida jokatu ditu ligan, 1.266 minutu guztira. Gainera, lau gol sartu ditu. Hain zuzen ere marka hau ezarri zuen ligako lehen partidan, Madril CFFren aurka: ligako partida batean bi gol sartu dituzten jokalarietan gazteena bihurtu zen, 16 urte eta 333 egun zituela. Ezusterik ezean, Agirrezabala hasieratik arituko da igandean Lezaman, talde txuri-urdinak Athleticen aurka jokatuko duen derbian (12:00, ETB1).

Tolosan (Gipuzkoa) ondo ezagutzen dute jokalaria, Realera iritsi aurretik bertan jokatu baitzuen. «Lagun taldean, entrenatzaileak izandakoak gara asko, eta barrez esaten dugu guk Aiara entrenatu genuela. Ondo erakutsi genion!», nabarmendu du Lore Etxaburua Aiararen entrenatzaile ohiak. Kadete mailan aritu zen harekin. Alaitz Zuriarrain, berriz, Aiararen laguna eta taldekide ohia da, eta zera erantsi du: «Niretzat ez da ezustea izan». Umea zela, futbolean bakarrik ez, «edozein kiroletan» nabarmentzen zen berastegiarra, kontatu duenez: «Kirol guztietan zen onena. Lau urte zaharragoak ziren mutilen aurka ere nahi zuena egiten zuen». Eskolatik ateratzean, herrian ibiltzen zen, hara eta hona: futbolean, saskibaloian, erraketarekin, palan... 

Nahiz eta Zuriarrain Agirrezabala baino urtebete zaharragoa izan, tarteka batera jokatzen zuten eskola kirolean. Aiara taldean egonez gero, dena irabazten zuten. «Lau aldiz irabazi dugu Tolosan egiten den areto futboleko txapelketa, Aiara taldean zegoela beti. Hura ez bazegoen, ez genuen irabazten». Futbolean ez ezik, korrika ere ondo moldatzen zen. Berastegiko helduen San Silvestre krosa irabazi zuen, marka ezarrita gainera. Urtebete geroago, hobetu egin zuen marka hura. 14 urte baino ez zituen.

Tolosako futbol eskolan 3. mailan hasi zen jokatzen, hasieran mutilekin, eta ondoren neskekin: «Adin horretan oso erraz ikusten da nor nabarmentzen den», adierazi du Etxaburuak. Zuriarrainek azaldu du zertan nabarmentzen zen: «Baloia kentzen saiatzen ginen, baina ezin. Aurkariak erraz uzten zituen atzean, bazekien baloia noiz pasatu, eta gainera, azkarra zen». 

«Baloia kentzen saiatzen ginen, baina ezin. Aurkariak erraz uzten zituen atzean, bazekien baloia noiz pasatu, eta gainera, azkarra zen»

ALAITZ ZURIARRAIN Aiara Agirrezabalaren laguna eta taldekidea

Eta nolakoa zen izaeraz? Hauxe Etxaburuaren erantzuna: «Gogoan dut hasieran nahiko lotsatia zela. Zelaitik kanpo beti izan da umila. Hori bai, zelaian oso lotsagabea zen. Baloiarekin nahi zuena egiten zuen. Erdian jokatzen zuen arren, edozein postutan jokatu zezakeen. Partidaren batean hegalean jokatzea behar bagenuen, hortxe aritzen zen. Inoiz ez zuen aurpegi txarrik jartzen, ezta ezezkorik esaten ere».

Tolosako harrobian aritutako beste hiru jokalari daude egun Realean: Nerea Eizagirre, Nahia Aparizio eta Intza Egiguren. Izarne Sarasola  ere egon zen talde txuri-urdinean joan den denboraldira arte; orain, Naoned taldean dago, Bretainian. Etxaburuak Izarneren tankera hartzen zion Aiarari garai batean. «Ezker itxia dute biek, eta fisikoki oso indartsuak dira. Gainera, Realera iritsi, eta alboko atzelari jarri zituzten. Tolosan, erdian jokatzen zuten denek».

Horri erreparatu dio Zuriarrainek: «Tolosan erdian jokatzen zuen, berak mugitzen baitzuen baloia, baina Realean beste jokalari on asko daude. Zer ezaugarri dituen kontuan hartuta, beharbada askoz ekarpen handiagoa egingo du beste posturen batean». 

Tokia egin du Realaren lehen taldean

Etxabururen ustez, Berastegiko jokalariaren beste indarguneetako bat zera da: oso langilea dela: «Zerbait ez bazaio ondo ateratzen, lanean jarraitzen du lortu arte. Baikorra da, eta ez dio mugarik jartzen bere buruari. Gainera, oso azkarra da bai buruz eta bai fisikoki». Realak fitxatu zuenetik, gainera, indartsuago ikusten dute: «Gihartsuago dago. Tolosan zegoenean nahiko fina zen, eta orain, sekulako aldaketa egin du», nabarmendu du haren lagunak.

Realak fitxatzea ez zen ezustekoa izan ezagutzen dutenentzat; bai, ordea, lehen taldera hain azkar iristea. «Realean harrobiko jokalari askori gertatu zaie lehen taldeko dinamikan edo deialdietan sartu baina gero askorik ez jokatzea. Aiarari guztiz kontrakoa gertatu zaio, hasieratik egin baitu tokia. Asko nabaritzen da hark noiz jokatzen duen», nabarmendu du Etxaburuak.

Agirrezabala denboraldi honetan zer moduz ari den galdetuta, Zuriarrainek esan du «ekarpen handia» egiten diola taldeari aurrean. «Badalonaren aurkako Kopako partida ikustera joan nintzen: bigarren zatian zelairatuta zen, eta Aiararen hegaletik egindakoak izan ziren Realaren jokaldi arriskutsu gehienak. Defentsan oso ona da, ez dio inork izkin egiten, baina, aurrean ere, min handia egiten du hegaletik». Haren lasaitasuna ere goraipatu du: «Ez da ohikoa, hain gaztea izanda. Gainera, badaki noraino iritsi den, baina oso umila da, eta orain are gehiago». Ezagun izatearen zama «normal» darama. Herriko ume asko asko Zubietako bazkide egin dira, eta partida guztietara joaten dira. Izan ere, Aiara askoren entrenatzaile izandakoa da.

«Zer adin duen kontuan hartuta, ez da ohikoa hain lasaia izatea. Gainera, badaki noraino iritsi den, baina oso umila da. Orain are gehiago, gainera»

ALAITZ ZURIARRAIN Aiara Agirrezabalaren laguna eta taldekide ohia

Aurrera begira, etorkizun oparoa ikusten diote biek ere. «Non ez dakit, baina ez du Realean amaituko...», dio Etxaburuak, «aukerarik ez zaio faltako...». Dena den, gogorarazi dute oraindik 17 urte dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.