Aise irabazi dio Miamik Bostoni, eta Dallasek agerian utzi ditu Lakersen gabeziak

LeBron James aulkian zela nagusitu da Miami; Nowitzki eta Kaman gabe nagusitu da Dallas Kalifornian

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bart goizaldean hasi zen NBA, bi partida handirekin: Miami-Boston eta Los Angeles Lakers-Dallas. Beste bat ere jokatu zen, bi partida horiek baino ordubete lehenago: Cleveland eta Washingtonen artekoa. Baina bi talde horien jardunaz inor gutxi mintzatuko da denboraldi honetan. Miamin ospakizun giroan hasi zen denboraldia, etxeko jokalariek partida atarian jaso baitzituzten joan den sasoian lortutako eraztunak.

Esan ohi da ospakizun horrek eraztunaren jabea lokartzen duela, baina Miami ez zegoen lo. Aise irabazi zion Bostoni, bi minuturen faltan berdeak 107-103 hurbildu baziren ere. Jarduneko txapeldunak gogotik lan egin behar izan zuen lehen zatian Boston borrokalaria menderatzeko, baina atsedenerako, 62-54 zen aurretik. Hirugarren laurdenean hogei punturaino hazi zen errenta, baina NBAren berri duen orok badaki Bostonek ez duela inoiz amore ematen. Barbosaren eskutik —16 puntu azken laurdenean—, Miami izutu zuen apur bat. James eta Wade izan ziren saskiratzailerik onenak, noski, eta Jamesek aulkian pasatu zuen ia azken laurden osoa, karranpek jota.

Lakersen hasiera traketsa

Mendebaldeko Konferentzian, ezustekoa gertatu zen, Lakersek ligako lehen partida galdu zuelako Dallas Mavericksen aurka. Texaskoen alde apustu egin zuenak dirutza irabaziko zuen, Dirk Nowitzki eta Chris Kaman gabe jokatu zutelako Los Angelesen. Darren Collison, Brendan Wright eta O. J. Mayoren lana nahikoa izan zen Pau Gasol eta Kobe Bryanten 22 puntuak orekatzeko. Nabarmentzekoak izan ziren Steve Nashen zenbaki apalak —zazpi puntu eta lau azken pase— eta Dwight Howardek puntu bateko jaurtiketetan lortutako estatistika kaskarra: hamalautik hiru. Lakersen alor horretako estatistika ere penagarria izan zen: 31tik 12.

Izarrengandik urrun, Clevelandeko Anderson Varejao brasildarrak egindako partida bikaina nabarmendu behar da: 9 puntu, 23 errebote, eta 9 azken pase.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.