Bidasoa taldeko jokalariek 10:15ean dute ordua jarria elkartu eta Artalekun entrenatzeko. Ordubete luze falta da, baina Niko Mindegia (Doneztebe, Nafarroa, 1988) pistan dago jada, beroketa ariketak egiten. «Badakizu, zaharrena», esan du umoretsu. 38 urte izanagatik, gazte baten ilusio bizia igartzen zaio.
Euskal Herrira itzuli eta Bidasoan jokatzen hasi zaren urte berean, zure herriko taldea, Erreka, mailaz igo da, anaia entrenatzaile dela; noiz-eta klubaren 50. urteurrenean, gainera. Destinoa da?
Agian bai. Nik ez dut anitzik sinesten horrelako kontuetan, baina ipuin bat dirudi.
Etxean pozarren egongo dira.
Noski. Urte polita izaten ari da, denak dira notizia onak. Poza ematen du hainbertze urtez kanpoan ibili eta gero denak berriro elkarrekin eta hain hurbil egoteak.
Aita Bidasoa taldeko bazkidea eta zale sutsua duzu. Zer dio?
Pozik dago, baina harentzat ere arraroa izanen da, semea ari baita Bidasoan, eta ongi aritzea nahi baitu. Presio pixka bat izanen du, baina hori haren arazoa da [barrez]. Askotan erran dit ez nauela inoiz horren zoriontsu ikusi, eta horrela da: betea sentitzen naiz, eta gozatzen ari naiz, ziurrenik nire ibilbidearen amaiera ahalik eta gehien zukutu nahi baitut.
Zer moduzkoa izan da itzulera?
Uste baino errazagoa. Hasieran kezka nuen hainbertze urtez kanpoan ibili eta gero arraro samar sentituko nintzela, baina arrunt eroso egon naiz lehen egunetik. Batzuetan ez gara ohartzen, baina hemengo bizi kalitatea sekulakoa da. Erraza da onera ohitzea.
Donezteben bizi zara?
Ez. Hendaian bizi naiz. Doneztebetik Irunera ordu erdi dago, baina egun batzuetan goizez eta arratsaldez entrenatzen garenez, nahiago nuen hurbilago bizi. Bizikletan etortzen naiz entrenatzera: sei minutuan iristen naiz. Oraingoz, arrunt kontent nago.
Askotan joaten zara jaioterrira?
Ez pentsa. Noizbehinka joaten naiz.
Berezia da etxera itzultzea?
Bai, baina naturaltasunez hartu dut. Duela hiru urte lesioa izan nuen belaunean, eta bost hilabetez bizi izan nintzen etxean. Horrek mesede egin zidan, ikusi bainuen bizimodua nolakoa zen. Izan ere, 2003an joan nintzen etxetik, Iruñera.
Aldatuta dago jaioterria?
Ez. Gauza anitz aldatu dira, baina oinarrizkoak ez.
«Entrenatzaileak talde borrokatzaile peto-petoa izan nahi du. Borroka egin behar dugu derrigorrez. Egin dezakegu»
Betiko lagunak dituzu?
Bai, eta gehienek umeak dituzte jada; 30 baino gehiago ditugu kuadrillan. Baina Tolosan [Okzitania] nengoela sarritan etortzen nintzen etxera, eta ohitua nago.
Natural hartu duzu Bidasoa taldera etortzea ere?
Bai. Aspaldi nuen buruan. Arrunt erraza izan zen dena. Lehenbizi, Julenek deitu ninduen [Aginagalde kirol zuzendariak], eta bost minutuan egina genuen tratua, nik Bidasoan jokatu nahi bainuen. Gero, Alexi deitu nion [Mozas entrenatzaileari], eta ordubetez solastatu ginen. Ederki joan zen dena.
Zertaz hitz egin zenuten?
Ea nire profila eta adina ondo uztartzen ziren haren jokamoldearekin. Baietz erran zidan.
«Nahiago dut lan jakin bat izan, aske aritu baino». Zuk esana da.
38 urte ditut, eta ezin ditut egin 20 urterekin egiten nituen gauzak. Adinean goiti egin ahala, espezializatu egiten zara gauza batzuetan. Nik badakit lan jakin bat egiten, baina beste batzuk egiten ez, ez baititut egin azken hamar urteetan. Entrenatzaileek badakite hori. Horretan ados bazaude, dena errazagoa da denendako.
Zer duzu emateko?
Lehenik, neure burua fisikoki ongi sumatzen dudalako etorri naiz hona. Ez banu neure burua laguntzeko moduan ikusi, ez nintzatekeen etorriko. Gehiago, gutxiago, hobekiago edo okerrago aritu naiteke, baina nik neure burua ongi jokatzen ikusi behar dut, taldeari laguntzen. Gustatzen zait laguntzea, eta neure burua ezindua ikusten badut, nahiago dut bazterrera egin. Ongi akitu nahi dut nire kirol ibilbidea. Izaten ahal da lesio txiki bat izatea, eta adin honekin kostata indarberritzea. Horren beldur naiz pixka bat. Esperientzia badut, baina hankek ez badute lasterka egiten... Egungo eskubaloian esperientziak ez du balio jauzi egiteko. Oreka lortu nahi dut.
Egokitzeko gaitasuna baduzu, hainbat ligatan eta taldetan aritu baitzara.
Gaztetatik izan dut abilidade hori. Ona izan naiz taldekideei egokitzen, eta horri esker ondo aritu naiz beti leku batean eta bertzean; batez ere, nire jokoa ere horrelakoa delako: saiatzen naiz taldekideekin konektatzen.
Zer itxura du taldeak?
Itxura ona du: gaitasun fisikoa dugu, talentua eta borrokatzeko grina. Baina nik ez dut Asobal liga ezagutzen, duela hamabost urte jokatu bainuen hartan azkenekoz; zaharra naiz, baina berria ere bai. Niretzat zaila da erratea goian edo erdian egonen garen. Ez dut daturik hori errateko. Baina talde ona dugu.
Zer-nolako taldea izan nahi du Mozasek?
Talde borrokatzaile peto-petoa izan nahi du. Borroka egin behar dugu derrigorrez. Egin dezakegu: defentsan, jende garai eta pisutsua dugu, eta erasoan, urrutiko jaurtitzaile onak.
«Gogo handia nuen taldekideekin euskaraz solastatzeko. Ni euskalduna naiz, eta euskaraz solastatzen naiz familiakoekin eta lagun guztiekin»
Zer helburu dituzue?
Bidasoak beti dituenak: ligan, goian egoten saiatu behar dugu, Europarako sailkatzeko; Europan, berriz, ahalik eta urrutien iristen saiatu behar dugu.
Jokatu duzun beste taldeekin alderatuta, ezberdina da Bidasoa?
Kultura da ezberdina. Aldagelako harremanak ezberdinak dira. Europan, entrenatu, dutxa hartu eta martxa egiten duzu. Hotzagoak dira harremanak, eta klubaren dinamikak ere ezberdinak dira. Hemen, ordea, juntuago gaude denak. Baina eskubaloian denok aritzen gara berdintsu, eta entrenatzen ere bai.
Jokatu duzun toki guztietako hizkuntza ikasi duzu. Hemen ez duzu horrelakorik egin behar.
Ez, eta berria zarenean asko eskertzen da hori. Gogo handia nuen taldekideekin euskaraz solastatzeko. Ni euskalduna naiz, eta euskaraz solastatzen naiz familiakoekin eta lagun guztiekin. Taldean badira euskal hiztunak: Julen [Mujika], Eneko [Furundarena], Gorka [Nieto], Cavero... Gazte batzuk C1 titulua ateratzeko ikasten ari dira, eta erran diet mintzamenean arazoak badituzte nirekin euskaraz solastatzeko. Ari dira konfiantza hartzen.
Gaur jokatuko duzu lehen partida ofiziala etxean, Navaren aurka, 18:00etan. Gogotsu zaude?
Bai. Beti aritu naiz aurkari Artalekun, eta badut gogoa zaleak alde izateko. Iaz, Navak irabazi zuen hemen. Talde ona da. Kostako zaigu irabaztea. Inoiz ez da erraza.