AITOR KARANKA . «Alaitasuna eta konfiantza berreskuratu ditu Bartzelonak»

haritz gallastegi
2004ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzealdeko erreferentzia izateari utzi egin dio aurten Karankak. Prieto, Murillo eta Gurpegi gurago izan ditu Valverdek zentral posturako. Hala ere, oraindik ere minutu dezente jokatzen ditu.

Espainiako Kopan aurrera egin ondoren lasaiago jokatuko al duzue Bartzelonaren aurka?

Bai. Azken urte bietan Kopan gertatu zitzaiguna gogoan geneukan eta errespetu apur bat ere bagenion kanporaketari. Egin beharrekoa egin dugu eta azken egun biotan Bartzelonaren aurkako partida besterik ez dugu izan buruan. Albaceten galdu ostean eta lehen sailkatua datorrela aintzat hartuta Kopan galdu izan bagenuÉ ez zen egoera samurra izango. Hala ere, partida hauek aurrera ateratzen ditugu.

Bartzelona sasoian dago une honetan. Ez du neurketarik galdu Ligan baina Kopan kaleratu egin dute. Minduta, San Mamesera datorren taldea arriskutsuagoa al da oraindik?

Arriskutsua beti da. Kopan galdu egin du eta datorren astean Txapeldunen Ligako partida garrantzitsua dauka. Guk aprobetxatu egin behar dugu egoera hori. Bartzelona edo beste talde bat izan aurkaria guk asko daukagu jokoan. Hiru puntuak irabazi behar ditugu egoera larriagotu aurretik.

Bi kopa lehiaketetan, UEFAn eta Espainiakoan, ondo ari zarete baina Ligan bi puntura besterik ez duzue jaitsierako postua.

Liga da garrantzitsuena. Kopan eta UEFAn maila ona eman dugu, baina Ligan ez dugu neurria eman. Orain arte bezala etxeko partidak irabazi behar ditugu, eta etxetik kanpo irabazten hasteko premia handia daukagu.

Bartzelona goi mailara itzuli dela dirudi. Zer nabarmenduko zenuke euren jokotik?

Zelaian erakusten duen lasaitasuna da Bartzelonak duen gauzarik azpimarragarriena. Azken urteotan ez da guztiok ezagutu dugun taldea izan, baina Ronaldinho, Giuly eta Eto'oren mailako jokalariekin alai eta konfiantza handiarekin ari da jokatzen.

Nola egin behar zaio aurre Bartzelonari?

San Mameseko aurrekariak hor ditugu. Real Madril, Trabzonspor eta Parmaren aurka jokatu zen gisan aritu behar gara. Jokalariek zein zaleek gustuko dituzte partida horiek eta emaitza onak eskuratzen ditugu.

Aurten gutxiago ari zara jokatzen. Hasierako hamaikakoan egongo zarela uste duzu?

Denboraldion dezente aldatu da nire egoera. Hala ere, jokatzen ari naiz. Jokatzen dudanean nire parte-hartzea ez nabaritzea gura dut, batez ere txarrerako bada. Parma eta Espainiako Kopako partidan egindako lanarekin gustura nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.