Aitor 20 urte. Mezu horixe irakur daiteke gaur eguerdian Atletico Madrilen zelaian atera duten pankartan. Ikurrina batzuk ere bai inguruan. Urte askoko mina ekarri du duela 20 urte Madrilen gertatuak, eta Alaveseko zaleek ere gogora ekarri nahi izan dute Aitor Zabaleta Kortazar —28 urte zituen donostiarrak hil zutenean—, Atletico Madrilen aurkako partidan. Hain zuzen, Madrilen bertan, Atletico Madrilen zelaian —talde haren aurka Realak jokatzekoa zuen partida ikustera joana zen Zabaleta—.
AITOR BETI GOGOAN!
— Iraultza 1921 (@Iraultza1921) 2018(e)ko abenduaren 8(a)
20 urte zu gabe, 20 urte zurekin!!!
Gaur Madrilen gogoratu dugu, bihar Donostian.#AitorZabaletaBetiGurekin#AitorBetiGogoan#AitorBizirikpic.twitter.com/1YVuXOtyqb
Urtero oroitu dute haren ingurukoek, aurten ere prestatu dituzte ekitaldiak. Realaren Lagun Taldeak elkarteak eta Aitor Bizirik ekinaldiak biharko antolatu dituzte gehienak, hilketaren urteurrenaren karietara. Goizean ekingo diete ekitaldiei, Aitor Zabaleta Areto Futboleko Txapelketarekin. 10:00etan jarria dute ordua, Igara auzoan, eta, hura amaitu ostean, bazkaria egingo dute Bulebarreko jatetxe batean. 14:00 inguruan izango da hori. Horren ostean, manifestazioa egingo dute Bulebarretik Anoetara (16:30), Realak Valladoliden aurka jokatuko duen norgehiagokaren atariko.