AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Gipuzkoarren arteko aurrez aurreko polita

Peñagarikano-Txapartegi, Ugarteburu-Arrospide Urrezko Aizkolarien finalerdian, bihar, Espejon

2004ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Otsailaren 29an jokatuko da Binakako Urrezko Aizkolarien Gurea-ETB Sariko finala, eta hara sailkatzeko finalerdia jokatuko dute, bihar (ETB, 12:30), Espejon (Araba). Lehian ariko diren bi bikoak gipuzkoarrak dira: Anjel Arrospide-Joxe Ugarteburu eta Joxemiel Peñagarikano-Luismari Txapartegi. Ohiko lau probak jokatuko dituzte, eta biko garailea finalera sartuko da.

Arrospidek eta Ugarteburuk 13-0 irabazi zieten Azurmendi eta Mugertzari final-laurdenetan, lau probak irabazita. Ugarteburu berriro agertu zen txapelketa batean, eta neurria ema zuen. Ezkio-Itsasokoa egurrak belarrez estaltzen aritu zen atzo, eguzkiagatik; azken txanda librekoak plazaratuko dituzte.Lehen saioan ongi jardunda, biharkoaz mintzo da: «Ez dugu kezka berezirik, eta lan polita egiteko moduan gaude. Tripetatik gaizki samar ibili naiz, baina ez dut aitzakiarik».Idiazabalgo saioa otsailaren 1ean jokatu zuten, eta denbora onak egin zituzten, baita Azurmendik eta Mugertzak ere. Horregatik, berriro lan biribila egin beharko dute nagusitzeko. «Ez da erraza izango ordukoa hobetzea. Gainera, aurkariek segur aski egur eutsi samarrak plazaratuko dituzte», nabarmendu du

Peñagarikano- Txapartegi ere aitzakiarik gabe

Otsailaren 1ean, Peñagarikanok eta Txapartegik ere irabazi egin zieten Miel Mindegiari eta Vicenteri (9-4). Txapartegik adierazi du «lan ona» egin zutela orduan, eta irabazteko «itxaropena» duten arren, hobetzea «zaila» izango dela. Hala ere, prestaketan «serio» aritu direla.

Biharkoaz hau dio: «Arrospiderentzat oso egokia da lana, eta ez du hutsik egingo. Dena den, final-laurdenetan baino lan luzeagoa da eta ongi datorkigu. Gainera, komeni zaigu lana pittin bat gogortzea eta egurrak ere ematekoak plazaratuko ditugu. Bestetik, Ugarteburuk harritu egin ninduen, baina aizkolari aritua da eta tentuz hartzekoa».

-

Saioko probak



Lau proba puntuagarri izango dira, eta puntu gehien batzen duen bikotea izango da garailea. Biko bakoitzak 15 enbor ebaki beharko ditu eta 13 puntu izango dituzte jokoan.

1. proba:Bi bikoteak txanda librean oinbikoa ebakitzera (2 p.).

2. proba:Buruz buru kanaerdiko bat ebakitzera (puntu 1). Bikote bakoitzeko aizkolaria bestearen kontra ariko da, eta bakoitzak bina txanda egingo ditu. Lehenik, Ugarteburu Peñagarikanoren kontra. Ondoren, hurrenez hurren, Arrospide Txapartegiren aurka, Arrospide Peñagarikanoren kontra eta Ugarteburu Txapartegiren aurka.

3. proba: Erreleboka bi bikoteak, bi 60 ontzako ebakitzera (2 puntu). Biko bakoitzeko aizkolariak enbor osoa ebaki beharko du kideari lekukoa eman aurretik.

4. proba: Txanda librean bi bikoak elkarren kontra, zortzi enborrera: Lau kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko (5 puntu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.