Akzioa: Urkiolatik Gasteizera bidean egurrean aritu eta ihesaldia ezerezean uztea. Erreakzioa: taldeak azken 46 kilometroetan egindako lan onari Gasteizen errematea ematea. Leopard-Trek eta Daniele Bennati. Akzio-erreakzioa. Newtonen hirugarren legearen aldaera txiki bat ikusi ahal izan zen atzo Espainiako Vueltako 20. etapan, Bilbo eta Gasteiz artean. Bazegoen beldur apur bat, Skyk eta Christopher Froomek Urkiolan gora zer egingo ote zuten. Baina Vuelta honetan egin beharrekoak eginda daudela iritzita, bakean egin zuen Skyk ia etapa guztia. Mugimendu bakarra egin zuen Froomek, baina pankartarekin nahastuta ibili zen. Helmugara iristeko 20 kilometro falta zirela zehazten zuen pankartapean jo zuen esprinta, Juanjo Cobo liderra (Geox) gurpilean zuela. Baina hor ez zegoen gainsaririk.
Esprinterrek ez dute aukera askorik eduki aurtengo Vueltan, eta Urkiolatik Gasteizera arteko bidea aproposa zen talde indartsu bat antolatu eta aurretik zihoazen txirrindulari guztiak harrapatzeko. Ohi bezala, oso ero hasi zen etapa, ihesaldiak arrakasta izan zezakeela sinetsita. 27. kilometroan hasi zen gorpuzten ihesaldia, 24 lagunekoa, eta tartean ziren, besteak beste, Iñaki Isasi, Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi), Carlos Barredo (Rabobank) eta Bennati bera. 76. kilometroan lortu zuten alderik handiena, 4.10 minutukoa. Baina RadioShackeko zuzendariak utzi zuen ezerezean 24 txirrindulari horien ahalegina. Taldeko inor aurrean sartzeko gai izan ez zela ikusita, tropel buruan lanean hasteko agindua eman zien denei. Ez zeukaten esprinterako inor. Ez zeukaten irabazteko aukerarik. Ez zeukaten zereginik. Baina tropelaren atzean kokatuta joaten diren autoetatik horrelako zigor txikiak agintzen dituzte tarteka —Omega Pharma-Lotto ere aritu zen lanean—.
Urkiola igotzen hasi zirenerako, tropelak hautsita zeukan minutuko langa, eta, hiru eraso jota, Barredok bakarrean saiatzea erabaki zuen maldarik gogorrenetan. Urkiola gainean 36 segundora zeukan espainiarrak zazpiko taldetxoa —besteren artean, Txurruka zegoen hasierako ihesalditik irauten zuen taldetxo horretan—; eta 1.37ra tropela. Esprint usaina esan nahi zuen horrek. Bennati ez zen gai izan ihesaldiaren erritmoari eusteko, baina Urkiola gainean ez zuen tarte handirik galdu, eta Leopard-Trek itsu-itsu lanean hasi zen Gasteizera arteko 46 kilometro horietan.
Astana ere gogotik lanean
Esprinterren izenei begira hasteko garaia zen. Leopard-Treken hautua argia zen, eta Astanarena ere bai: Enrico Gasparotto. Helmugara iristeko 33 kilometro falta zirenean, 1.07koa zen aldea; 30 kilometro falta zirenean, 33 segundokoa... Behin tartean zihoan zazpi laguneko taldetxoa harrapatuta, jolasean ibili zen tropela Barredorekin. Gainsarien eromenean, Carlos Sastrek (Geox) aurrera jo zuen, Froomeri segundoak lapurtu asmoz. Eta espainiarrak lan polita egin zuen Barredo harrapatu zuenean. Elkarlanean, aldea 40 bat segundora igo zuten hamar kilometroko pankartapean.
Baina Sastreren azken ahalegina ere ez zen nahikoa izan tropela urduritzeko. Bi kilometro eta erdi falta zirenean irentsi zuen Leopard-Trekek Sastre, eta esprinta nola prestatu erakutsi zuen gero Luxenburgoko taldeak. Luze-luze eginda, aurre-aurrean iritsi zen Bennati azken zuzengunera, eta eroso eskuratu zuen Vueltako lehen garaipena.
Hiru asteko ikuskizunaren ondoren, gaur amaituko da Espainiako Vuelta, Madrilen. Gaur ere bi tarteko helmuga izango ditu etapak —sei, lau eta bi segundoko gainsariak egongo dira—, eta helmugan ere hogei, hamabi eta zortzi segundoko gainsaria egongo da lehen hirurentzat. Baina, ezuste ikaragarririk ezean, Cobo igoko da podiumeko koskarik altuenera.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Akzio-erreakzioaren legea
Daniele Bennatik irabazi du Vueltako 20. etapa, Gasteizen, Leopardek azken zatian egindako lan onari errematea emandaGainsariekin ezusterik ez badago behintzat, Juanjo Cobok irabaziko du gaur Vuelta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu