Partida irauli, eta Athleticek 2-4 irabazi dio Alavesi

Arabarrak bi aldiz izan dira aurretik, baina bizkaitarrak nagusitu dira, azken txanpan bikain jokatuta. Gaurko emaitzarekin, Europari begira dago Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldea; Quique Sanchezenak, berriz, gertu du jaitsiera.

Athleticeko Robert Navarro, Alaveseko Tenaglia eta Toni Martinez atzean utzi nahian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Athleticeko Robert Navarro, Alaveseko Tenaglia eta Toni Martinez atzean utzi nahian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
jon eskudero
2026ko maiatzaren 2a
21:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erabat aldarte ezberdinean amaitu dute denboraldiko azken euskal derbia Alavesek eta Athleticek, Mendizorrotzan. Burumakur eta kezkaturik erretiratu dira aldageletara etxekoak, eta pozez gainezka bisitariak. Behin bakarrik ez, bi aldiz ere aurretik izan da Alaves, baina ez dute gaitasunik izan errentari eusteko, eta, azken txanpan distiratsu arituta, urrezko hiru puntu eskuratu ditu Athleticek. 2-1 atzetik zela, azkenaldiko mamuak ezin uxatu ibili da Ernesto Valverderen taldea, baina maisuki eman dio buelta emaitzari. Oihan Sancetek binakoa egin ondoren, konfiantza hartu dute bilbotarrek, eta Nico Williamsen bi maisulanek erabaki dute lehia. Hala, jaitsiera postuen mehatxuari behin betiko agur esan diote zuri-gorriek, eta Europarako sailkatzeko lehian sartu dira bete-betean. Alavesek, berriz, amildegiaren ertzean jarraitu beharko du, 36 puntu dituela.

Partida arraroa izan da, eta ez du ohiko euskal derbien batere antzik izan. Gehienetan neurketa itxiak izan ohi dira bi euskal talderen artekoak, baina gaur lehen arrisku jokaldian iritsi da arratseko lehen gola. Jokaldi nahasi batean, Antonio Blancok area ertzean hartu du baloia, eta, sekulako jaurtiketa eginda, 1-0ekoa egin du, 8. minutuan. Unai Simonek espero ez zuen tokian jarri du baloia erdilariak. Intentsitate eta nortasun falta igarri zaie Athleticeko jokalariei, eta bekatu hori garesti ordaindu dute lehen zati osoan.

Golak jokoz kanpo harrapatu du Athletic, eta luzaroan ezin izan dio arnasari buelta eman. Baloia eduki du, baina alferrik. Sakontasunik gabe jokatu dute bilbotarrek, eta ezina nabaritu da jokalarien artean. Frustrazioa, hitz batean. Alaves, berriz, eroso sentitu da. Erasoan ez du agerpen handirik egin, baina atzean ere batere sufritu gabe jardun du Quique Sanchez Floresen taldeak. Iñaki Williamsek aukera txiki bat izan du buruz, baina gainerakoan jaurtiketa bakar bat ere ez dute egin zuri-gorriek atsedenaldira bitarte.

Hori ikusita, bigarren zatirako hiru aldaketa egin ditu kolpetik Valverdek. Robert Navarro, Sancet eta Ruiz de Galarreta zelairatu ditu, eta berehala jaso ditu fruituak. Izan ere, 46. minutuan banakoa egin du Navarrok berak. Baloi luze bat baliatuta, Nico Williamsek dotore eman dio pasea erdilariari, eta hark ez du barkatu. Berdinketaren ondoren, bi taldeen intentsitatea izugarria izan da, baina erosoago aritu da Athletic. Horregatik, zelai erdian indarra berreskuratzeko asmoz, Gebara eta Guridi sartu ditu zelaian Alaveseko entrenatzaileak. Hobetu egin du etxeko taldeak, eta, denboraldi honetan askotan bezala, baloi geldian iritsi da 2-1ekoa. Korner bat baliatuta, Tenaglia ezin hobeto sartu da atzetik aurrera, eta berriz ere aurretik jarri du Alaves.

Realari bultzaka

Bazirudien eskura zituztela hiru puntuak gasteiztarrek, baina unerik kritikoenean egin du behetik gora Athleticek. Zoragarria izan da binakoa, Sancetek egin duena. Hiru jokalari utzi ditu atzean, eta ederki gainditu du Sivera, baloia gogor astinduta. Markagailuak binako berdinketa markatzen zuelarik, puntu batek ez zion balio talde bakar bati ere, eta Athletic izan da garaipenaren bila sutsuen jo duena. Nico Williamsek egin ditu 2-3koa eta 2-4koa. Denboraldi osoan ez bezala, bere bertsiorik onena erakutsi du Williams anaietan gazteenak, eta erabakigarria izan da haren lana. Bihar amaren eguna dela eta, sorbaldan amaren abizena zutela jardun dute Athleticeko jokalari guztiek, eta ama denen laguntza eta bultzada zinez eskertu dituzte.

Garaipenari esker, bizkar gainean arindu ederra hartu dute bilbotarrek, eta orain Europari begira lehiatzeko moduan dira. Alavesek, berriz, gertutik erreparatuko dio astelehenean Sevillaren eta Realaren artekoari. Sevillak hiru puntuak lortzen baditu, Alavesek jaitsiera postuetan amaituko du jardunaldia. Realean, baliteke Gonzalo Guedes itzultzea, arazorik gabe amaitu baitu lan saioa.

Alaves-Athletic

Alaves: Sivera; Angel Perez, Otto, Tenaglia, Parada; Antonio Blanco, Pablo Ibañez (Gebara, 62. min.), Denis Suarez (Guridi, 62. min.), Rebbach; Toni Martinez eta Ibrahim (Aleña, 73. min).

Athletic: Unai Simon; Gorosabel (Areso, 73. min.), Yeray, Laporte, Yuri; Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 46. min.), Rego, Iñaki Williams (Navarro, 46. min.), Unai Gomez (Sancet, 46. min.), Nico Williams eta Guruzeta.

Golak: 1-0:  Antonio Blancok (8. min.). 1-1: Robert Navarrok (46. min.).  2-1: Tenagliak (68. min). 2-2: Sancetek (74. min.). 2-3: Nico Williamsek (83. min.). 2-4: Nico Williamsek (87. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA