Alavesek urrea balio duten hiru puntu eskuratu ditu, Bartzelonari 1-0 irabazita. Hiru puntu horiekin 40 dituzte orain arabarrek, eta jaitsiera postuetatik kanpo daude. Quique Sanchez Floresen taldeak partida oso serioa jokatu du defentsan, baloirik gabe lan ona egin du, eta, partidaren aginte makila Bartzelonak eduki arren, Bartzelonak ez du aparteko aukerarik sortu. Alavasek, berriz, izan duen bakanetako bat baliatu du lehen zatiko azken jokaldian. Diabatek sartu du gola, eta horri esker, Alavesek orain bere esku du mailari eustea. Egutegia, behintzat, alde du. Izan ere, igandean Oviedori egingo dio bisita, dagoeneko Bigarren Mailara jaitsi den taldeari. Ondoren, berriz, Rayo jasoko du.
Atzo Levantek eta gaur Sevillak eta Espanyolek irabazita, mailari eusteko helburua are gehiago zaildu zaio Alavesi. Ataka zailean zen, eta gutxienez puntu bat batzeko beharra zuen. Zaleek bete egin dute Mendizorrotza, taldea babesteko. Quique Sanchez Floresek bost jokalari kokatu ditu atzean. Koski ere aritu da. Finlandiarra neguko merkatuan iritsi zen Gasteizera, baina hamar minutu baino ez zituen jokatuak orain arte. Aurrean, berriz, Diabatek eta Toni Martinezek jokatu dute. Toni Martinezek min hartuta amaitu zuen larunbatean Elxen kontrako partida, baina garaiz osatu da. Bartzelonak, berriz, igandean irabazi zuen liga. Hala, Hansi Flickek aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan. Besteak beste jokatzeko aukera izan dute Szczesnykek, Alvaro Cortesek eta Bardghjik.Â
Espero bezala, Bartzelonak izan du baloia hasieratik. Barrutik saiatu da min egiten, Rashfordekin eta Olmorekin. Baina Alavesek ondo itxi dio bide hori. Zelai erdian jokalariak pilatu ditu horretarako. Rashordek bi aukera argi izan ditu Bartzelona aurretik jartzeko, argiena 11. minutuan. Hansi Flickek zuzentzen duen taldeak korner bat atera du, eta bigarren zutoinean azaldu da Rashord. Erremate ona egin du, eta baloiak sareetarako bidea hartu du. Baina azkenerako Antonio Blancoren oina jo du.
Estutzen jarraitu du Bartzelonak, baina aukera argirik sortu gabe. Gainera, pixkanaka Alaves gai izan da gora egin eta partida hartzen ari zen bidea aldatzeko. Angel Perez izan da arrisku gehien sortu duen jokalaria, eta Rebachek bi abagune on izan ditu gola sortzeko. Gutxigatik ez du asmatu. Lehen zatiko azken minutuetan Alavesek apur bat gehiago izan du baloia, eta azken jokaldian merezitako saria jaso dute arabarrek. Geldikako jokaldi batean izan da. Kornerra jaurti dute, eta Rashfordek baloia aldendu du, baina indar gutxirekin. Hala, Antonio Blancori iritsi zaio. Hark berriro ere areara bota du baloia, eta Bernali aurrea hartuta, gola sartu du Diabatek. Bitan pentsatu gabe egin du errematea. Hala, 1-0 bukatu da lehen zatia.Â
Askorik sufritu gabe
Golak indarra eta konfiantza eman dio Alavesi, eta bigarren zatiari antzera ekin dio Quique Sanchezen taldeak. Defentsako lanean zorrotz eta sendo segitu du, eta erasoan ere sortu du abaguneren bat. Hala, 51. minutuan, Diabate arabarrek zuten aldea handitzear egon da. Rebbachek erdiraketa ona egin du, eta aurrelariak goitik behera egin du errematea buruz. Baina Szczenyk ondo aldendu du.Â
Liga irabazita eduki arren, Bartzelonak bazuen helbururik azken hiru partidetan. Nagusiena: ehun puntu lortzea. Horretarako, gaur irabazi beharra zuen. Asmo hori erakutsi du Flickek, Pedri eta Ferran zelairatu baititu. Pedri sartu denean, Bartzelonak are eta luzaroagoan izan du baloia. Baina, lehen zatian bezala, aparteko argitasunik gabe. Alavesentzat hori zen berririk onena. Quique Sanchez Floresek ere egin ditu aldaketak. Denis Suarez eta Diabate kendu ditu, eta Pablo Ibañezen eta Mañas sartu. Ibañezek hauspoa eta lana eman behar zizkion zelai erdian, eta Mañasek abaidura eta ausardia goian.Â
Bigarren zatiko lehen hogei minutuetan, Bernalen erremate bat izan da Bartzelonak izan duen aukera bakarra. Kanpora joan zaio azkenerako. Defentsan lan asko egin arren, Alaveseko jokalariak ondo iritsi dira fisikoki partidaren azken txanpara. Guridik zutoinera bidali du baloia 74. minutuan, nahiz eta epaileak baliorik gabe utzi duen jokoz kanpo zegoelako. Baina, hortik aurrera, Bartzelonak berriro ere atzean sartu du etxeko taldea, baloia batetik bestera mugituz eta lerro artean jokatuz. Area ertzera maiz gerturatu da minutu horietan, baina jaurtiketarik egin gabe. Hor Alavesek hortzak estutu behar izan ditu.
Luze egin dira amaiera bitarteko minutuak. Baina sufrimenduak merezi izan du. 25 urte geroago, Alavesek Bartzelonari irabazi dio etxean. Amaieran festa lehertu da Mendizorrotzan.Â
Alaves-Bartzelona
Alaves: Sivera; Angel Perez, Koski, Tenaglia, Parada (Protesoni, 80. min), Rebbach; Blanco, Denis Suarez (Ibañez, 64. min), Guridi; Toni Martinez eta Diabate (Mañas, 64. min).
Bartzelona: Szczesny, Kounde, Cubarsi (Espart, 62. min), Cortes, Balde (Cancelo, 79. min); Bernal (Marques, 87. min), Casado (Pedri, 62. min), Rashford, Olmo, Bardghji (Ferran Torres, 61. min) eta Lewandowski.
Gola:Â 1-0: Diabatek (46. min).
Â