Alaves bolada txarrean zen abenduaz geroztik, zehazki hilaren 6an Realari gailendu zitzaionetik. Hala, jaitsiera postuetan ekin zioen atzo Betisen aurkako partidari. Bada, arabarrek arnasa hartu zuten, 2-1 irabazi ostean. Eduardo Coudetenek bi zatien hasieran sartu zituzten golak. Lehena Carlos Vicentek sartu zuen, 3. minutuan; bigarrena, berriz, Toni Martinezek, 47.ean.Â
Espero bezala, Alaves bizi zelairatu zen. Betisek Europa Ligako partida jokatu zuen ostegunean, eta partida hartan pilatutako nekea baliatu nahi zuten arabarrek. Bada, espero baino lehenago jaso zuten saria, 3. minutuan. Betis lo zelairatu zen, eta jokaldi batean Natanek eta Valentinek ez zuten baloia aldentzea lortu. Boyek jaso zuen, eta, ondoko marran zegoela, aukera izan zuen erdiraketa egiteko. Carlos Vicenteri iritsi zitzaion balioa, eta, erremate gurutzatu bat eginez, gola sartu zuen.Â
Gola kolpea izan zen Betisentzat. Izan ere, partidarako aurreikusia zuen plana aldatzera behartu zuen: zuzenago jokatzera eta jokoaren ekimena hartzera. Izan ere, aurretik zuten plana argia zen: defentsan ondo eutsi, eta kontraerasoan min egin zelai erditik aurrera dituen jokalari erabakigarriekin eta biziekin. Atzo Antony, Abde, Fornals eta Bakambu aritu ziren postu horietan. Partidaren hasieran arabarrek izan zuten jokoaren ekimena, eta batez ere erdiraketen bidez gerturatu ziren Pau Lopezen atera. Carlos Vicente eta Nahuel Tenaglia izan ziren jardun horretan jokalaririk arriskutsuenak.Â
Baina Betis ere Siveraren atera gerturatzen hasi zen. 17. minutuan, Bakambuk jaurtiketa indartsua egin zuen area ertzetik, eta atezainak aldendu egin zuen. Dena den, Alavesek kontrolpean zuen partida. Gainera, ahal zuenean ere erasora jo zuen. Hala, Ottok gertu izan zuen bigarrena. Baina ez zuen errematean asmatu. Motel ibili zen, eta Bartrak denbora izan zuen baloia aldentzeko.Â
30. minutuan sustoa hartu zuten Alaveseko zaleek. Izan ere, epaileak Tenagliak Abderi egindako penaltia adierazi zuen. Baina VARetik abisatu zioten oker zegoela. Irudian begiratu, eta erabakia bertan behera utzi zuen. Izan ere, Betiseko jokalaria izan zen jokaldi horretan Alavesekoa zapaldu zuena.Â
Hasi eta berehala, gola
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izan zen. Izan ere, Alavesek gola sartu zuen irten eta berehala. Berriro ere defentsan bigun aritu ziren Betiseko jokalariak, eta etxekoek bikain baliatu zuten. Carlos Vicentek erdiraketa ona egin zuen eskuinetik, eta Natanek ez zuen baloia aldentzea lortu. Pablo Ibañezi iritsi zitzaion, eta, bakarrik zegoela aprobetxatuz, burua altxatu eta Toni Martinez zegoen tokira erdiratu zuen baloia. Hark buruz bidali zuen baloia sarera.Â
Golak lasaitasuna eman zion Alavesi, eta aurretik egindakoari eutsi zion: hegaletatik egindako erdiraketen bidez saiatu zen hirugarrena bilatzen. Betis, berriz, aldaketak eginda ere, nahi eta ezin aritu zen. Siveraren atera gerturatzen zenean arriskua sor zezakeela zirudien, baina Coudeten taldeak azken asteetan atzean galdutako sendotasuna berreskuratu zuen atzoko partidan.Â
Azkenerako, dena den, bisitariek gola sartu zuten. Baina 95. minutuan izan zen. Chimmy Avilak bidali zuen baloia sarera, Siveraren aldaratze baten ostean. Baina epaileak berehala adierazi zuen partidaren amaiera, eta Gasteizen geratu ziren hiru puntuak.Â