Futbola

Alaves eta Osasuna: hil ala bizi

Alaves eta Osasuna irabazi beharrean daude mailari eusteko aurrerapausoa emateko. Arabako taldeak Oviedori egingo dio bisita, eta Nafarroakoak Espanyol hartuko du Sadarren.

Osasunako Abel Bretones baloiarekin, Atletico Madrileko Antoine Griezmann atzetik duela. IÑIGO URIZ / FOKU
Osasunako Abel Bretones baloiarekin, Atletico Madrileko Antoine Griezmann atzetik duela. IÑIGO URIZ / FOKU
2026ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Norgehiagokari so eta irratia piztuta. Hori izango da gaur 19:00etatik aurrera hainbat estadiotan ikusiko den irudia. Horrela egongo dira Alaveseko eta Osasunako zaleak ere; izan ere, oraindik ez dute mailari eustea lortu. Arabako taldeak urrearen balioa zuen garaipena erdietsi zuen Bartzelonaren aurka Mendizorrotzan, eta, ondorioz, jaitsiera postuetatik irten zen. Osasunak, aldiz, hirugarren porrota kateatu zuen jarraian, Sadarren, Atletico Madrilen aurka, eta, horregatik, arazo eta zalantza ugari dituela iritsi da ligaren azken-aurreko jardunaldira.

Alavesek Oviedon (Espainia) jokatuko du (19:00, DAZN). 40 puntu ditu, eta Carlos Tartieren irabaziz gero, litekeena da mailari matematikoki eustea. Hala ere, aulkian zein harmailetan beste emaitzei adi egongo dira. Oviedok iragan asteburuan galdu zuen maila, eta geratzen diren bi jardunaldietan sailkapenaren azpialdean dauden taldeen epaile izango da.

Boye salbu, badirudi gainontzeko guztiak jokatzeko moduan daudela Alavesen. Asteazkeneko norgehiagokan Victor Parada atzelariak zelaia utzi behar izan zuen arazo muskularrak tarteko, baina ez dirudi gaur jokatzeko arazorik izango duenik.

Sadarren bultzada

Nafarroako taldea ere etxeko lanak egin gabe iritsi da jardunaldi erabakigarria izan daitekeenera. Alessio Liscik zuzentzen duen taldeak Espanyolen bisita jasoko du Sadarren (19:00, DAZN); Espanyol ere kinka larrian dago. Kataluniako taldeak hemezortzi norgehiagoka zeramatzan irabazi gabe, eta Athletici 2-0 irabazi ondotik, lehorteari amaiera eman zion. Sadarrera aiztoa ongi zorroztuta dutela helduko dira, baina Osasunak zaleen bultzada izango du, beti gertatu ohi den moduan.

Raul Morok min hartu zuen Atletico Madrilen aurka jokatutako norgehiagokan. Horregatik, ez du jokatuko geratzen diren bi norgehiagoketan, eta hutsune garrantzitsua izan daiteke hori Osasunarentzat. Victor Muñozek ere min hartu zuen orain aste batzuk, eta gaurko norgehiagoka ere ez du jokatuko. 

Espanyolen aurka galdu bazuen ere, Athletic Lehen Mailako taldea izango da hurrengo denboraldian. Zaleak eta taldea, oro har, denboraldia amaitzeko gogoz dira, ahazteko modukoa izan baita. Gaur Celtaren aurka arituko dira San Mamesen (19:00, Teledeporte); talde hori Europarako sailkatzeko borrokan ari da. Espanyolen aurkako porrot mingarriaren ostean, Europarako aukera ia guztiei agur esan zien Bizkaiko taldeak. Ernesto Valverdek eta Iñigo Lekuek azken partida izango dute katedralean, eta aho zapore onarekin amaitzea izango dute helburu. Athleticen erizaindegia jokalariz josita dago, eta ostiralean, gainera, klubak jakinarazi zuen Unai Egiluz erdiko atzelariak hautsia duela eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua; berriro ere denbora luzez egon beharko du zelaietatik at.

Bestalde, Realak etxeko lanak egin zituen Gironaren aurka 1-1 berdinduta. Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeak Valentziaren aurka jokatuko du Anoetan (19:00, Movistar). Gipuzkoako taldeak ez du garaipenik lortu Espainiako Kopa irabazi ondotik, eta bolada hori eteten saiatuko da zaleen aurrean jokatuko duen azken partidan. Barrenetxeak min hartu zuen Gironan, eta denboraldi honetan ez du gehiago jokatuko. Caleta-Carrek ere bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta zigorra bete beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA