Futbola

Alaves eta Reala bolada onean iritsi dira Espainiako Kopako derbira

Arabako taldeak irabazi egin ditu jokatutako azken lau partidetatik hiru. Gipuzkoakoak, berriz, ez du galdu Matarazzo iritsi denetik. Elkarren aurka aritu diren azken hiru aldietan arabarrek irabazi dute.

Alaves-Reala. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Gorrotxategi eta Lucas Boye, lehian, Alavesek eta Realak ligan Mendizorrotzan jokatutako derbian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko otsailaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bolada onean dauden bi talde ariko dira gaur elkarren aurka Mendizorrotzan, Espainiako Kopako final-laurdenetan (21:00, Movistar). Alavesek eta Realak urtarrilean uzta oparoa lortu dute. Kopan final-laurdenetarako sailkatzeaz gain, ligan ere beheko postuetatik aldendu dira. Eduardo Coudeten taldeak azken lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta garaipena lortu duenean, bitan zulatu du aurkariaren atea. Realak, berriz, ez du galdu Pellegrino Matarazzoren esanetara.

Bata zein bestea derbira bolada onean iritsi diren arren, Realarentzat ohikoa bihurtu da Kopako final-laurdenetan egotea, bosgarrenez jarraian ariko baita. Alavesek final-laurdenetara sailkatzea lortu zuen azken aldia topatzeko, aldiz, 2017-2018 denboraldira jo beharra dago. Nolanahi ere, aurrez aurre izan diren azken hiru partidetan, Arabako taldea izan da nagusi. Gaur, Donostiako taldea joera hori apurtzen ahaleginduko da; Gasteizkoa, aldiz, horri eusten.

Emaitzei erreparatuz gero, Coudeten taldeak garaipen garrantzitsuak lortu ditu azken boladan: Kopako final-zortzirenetan 2-0 mendean hartu zuen Rayo Vallecano, eta ligan Atletico Madrilen aurka 1-0 galdu zuen arren, azken bi partidak irabazi ditu: 2-1 Betisi, eta 1-2 Espanyoli. Gainera, Kopan sendotasuna erakutsi du, partida guztietan hutsean utzi baitu atea. Gaur Realari irabaziz gero, 2016-2017 denboralditik aurrenekoz finalerdietara ailegatuko litzateke; sasoi horretan finala jokatu zuen, Bartzelonaren aurka.

Jokoaz harago, ordea, emozioz betetako errusiar mendia izan da gasteiztarrentzat neguko merkatua. Carlos Vicente taldeko golegile nagusia Ingalaterrako Birmingham taldeak fitxatu du. Vicente ez ezik, Moussa Diarra eta Nikola Mara utzita joan dira Anderletch eta Mirandesera. Carlos Vicenteren lekua betetzera Angel Perez etorri da, Espainiako Bigarren Mailako Huesca taldetik. Espanyolen aurkako partidan deialdian bazegoen ere, oraindik ez du gorenean debutatu. Erasoa gehiago indartu nahian, klubak Ibrahim Diabate Boli Kostako aurrelaria ekarri du azken unean. 26 urte ditu, Suediako Gas taldetik etorri da utzita. Joan den denboraldian 18 gol sartu zituen Suedian. Horiez gain, atzeko lerroa indartzeko Ville Koski batu da taldera. Finlandiako 24 urteko erdiko atzelaria Istratik utzita etorri da. Berreskuratutako jokalarien artean, berririk onena Facundo Garcesen itzulera izan da, Kirolaren Arbitraje Auzitegian behin-behinean eten baitu haren aurkako zigorra. Coudet «pozik» dago fitxaketekin, eta espero du «azkar» egokitu daitezela.

Gaurko partidari, berriz, «final» kutsua eman dio. «Azken txanpan gaude, eta sailkatzeko ilusioa dugu. Azken partidetan egindakoari segida eman nahi diogu. Mendizorrotzan jokatuko dugu, eta, han erosoago aritzen gara; zaleak kutsatu nahi ditugu». 

Reala, olatu aparretan

Reala olatu aparretan da, nahiz eta Athleticen aurka lortutako puntu bakarrak aho zapore gazia utzi zion. Jokoan nagusi izan zen, baina gogotik ordaindu zuen aldea ez handitu izana, azken momentuan Athleticek partida osoan izan zuen aukera bakanetakoa Ruiz de Galarretak sarera bota zuenean. Tartean ere izan zen Brais Mendezen kaleratze nahiko eztabaidagarria. Wesleyk, Realera etorri den azken jokalariak debuta egin zuen, nahiz eta ez zirudien egunik egokiena estreinakoz aritzeko. Adierazi duenez, nahiago du ezker hegalean jokatu. Take Kubo min hartuta dagoenez, eta, Ander Barrenetxea kili-kolo, brasildarrak jokatzeko aukera izango du.
Matarazzok «oso argi» du partida «oso garrantzitsua» dela. «Oso emozionatuta gaude partidarako. Ondo ari gara, eta ligan gehiagoren bila joateko tokian jarri gara. Baina Kopa berezia da. Bete-betean aritu behar dugu, denboraldiko lehen finala baita». Aurkari «oso indartsua» espero du, «atseden handiagoa» izan baitu. Ziur da Coudetek «talderik onena» zelairatuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.