Astez aste behera egin du Alavesek, jaitsiera postuetara erortzeraino. Azaroaz geroztik da galbidean; zehazki, hilaren 2an Espanyoli gailendu zitzaionetik. Hortik aurrera, nekez eskuratu ditu puntuak: jokoan izan diren azken 27etatik lau besterik ez du patrikaratu. Realaren kontrako garaipena (1-0) eguzki izpi labur bat besterik ez zen izan hodeitza trinko batek hartu duen zeruan. Oviedoren aurkako berdinketak porrot zaporea utzi zion Eduardo Coudetek zuzentzen duen taldeari, eta esku hutsik finitu ditu gainontzeko neurketa guztiak. Egoera horretan, partida erabakigarria jokatuko du bihar Betisen kontra (21:00, DAZN). Irabazita, ostarteak zabalduko dira; bestela, ekaitz arriskuan izango da taldea, eta bereziki, entrenatzailea.
Erasoan eta sorkuntzan kamuts oraindik
Sasoi hasieratik arazo bat izan du Alavesek: aurkariaren atearen aurrean eraginkortasunik eza. Lehen 11 partidetan hamabi gol sartu zituen, eta emaria are gehiago murriztu da gerora: gasteiztarrek baloia bost aldiz bakarrik sareratu dute azken bederatzi jardunaldietan. Gai dira aurkariak estu hartzeko; lanak dituzte, ordea, haien atea zulatzeko. Apalak dira aurrelarien datuak: Boyek lau gol sartu ditu, eta Toni Martinezek, hiru. Ordea, askotan taldearen argitasun falta izan da arazoaren sorburua. Aurrelariek ezin dute askorik egin, inguruan dituzten jokalariek ez badituzte behar bezala hornitzen. Taldea baloiarekin protagonista izatea da Coudeten asmoa, baina maiz kamutsa izan da arabarren jabetza. Sormenez urri dabiltza, eta, alde horretatik, ekarpen handiagoa egin beharko lukete Denis Suarezek eta Carles Aleñak.
Defentsan, Sivera lanez lepo
Alaves ligako talderik sendoenetako bat izan zen denboraldiaren hasieran, eta, horri esker, etekina atera zien aurkariei egindako gol apurrei. Jardunaldien joanean, ordea, defentsan fidagarri izateari utzi dio: hamabost gol sartu dizkiote azken bederatzi partidetan. Normaltzat jo daiteke bai Bartzelonak eta bai Vila-realek hiru gol sartu izana; ordea, Osasunak ere hiru kolpe eman zizkion markagailuan. Oviedoren aurka, berriz, harrigarria izan zen gol bakarra jasotzea. Zerikusi handia izan zuen Siverak, geldiketa erabakigarriak eginda. Atezaina oso lanpetuta ibili da hainbat partidatan, eta hori albiste txarra da Alavesentzat. Atepean goi mailako zaindaria dauka, baina hobe litzateke Siverak eskularruak gutxiago zikindu beharko balitu.
Jokalarien hutsuneak han eta hemen
Alavesek espero gabeko hainbat oztopo ere topatu ditu bidean. Horietako bat da FIFAk Facundo Garcesi ezarritako zigorra. Argentinarra funtsezko jokalaria zen Coudeten atzeko lerroan, eta, hura jokoz kanpo geratu ondotik, Jon Pacheco da teknikariak eskuragarri duen erdiko atzelari bakarra. Nahuel Tenagliak hegaletik erdirantz egin behar izan du hutsunea betetzeko, eta, ondorioz, eskuinean lehiakiderik gabe geratu da Jonny. Atzelariei nekea sumatu zaie azken lehietan. Eta aurrean ere jokalariz oso urri ibili da Arabako taldea, Lucas Boyeren lesioak eraginda. Coudetek ezin izan du bi aurrelarirekin jokatu, soilik Toni Martinez baitzuen eskuragarri. Mariano eta Moussa Diarra zokoratu egin ditu, diziplina arazoak tarteko, eta, horiek horrela, gehiegi murriztu da jokalarien zerrenda.
Egutegi zaila izan du
Azken jardunaldietako egutegia ez da batere onbera izan Alavesentzat, lehen lau sailkatuak aurkitu baititu bidean. Bartzelona, Vila-real eta Atleticoren aurka etxetik at jokatu zuen, eta ezin izan zuen punturik bildu. Oro har, oso makal dabil bisitari gisa: galdu egin ditu Gasteiztik kanpo jokatu dituen azken zazpi neurketak. Hobeak dira Mendizorrotzako emaitzak, baina, halere, ezin izan zion punturik kendu Real Madrili. Celta ere hiru punturekin irten zen Arabako hiriburutik. Kezkarik handiena eragin duena Oviedoren kontrako berdinketa izan zen. Jarraian Vila-real eta Atleticoren kontra galdu zuen, baina, gutxienez, zailtasunak ipintzeko gai izan zen. Bihar Mendizorrotzara itzuliko da, eta bide onera itzultzea izango du helburu. Betis ez da aurkaririk samurrena, baina erreakzioak berandu gabe iritsi behar du.
Kopa, ilusio iturri
Edonola ere, sailkapeneko egoera ez da horren larria Alavesentzat, oso gertu baitu talde ugarik osaturiko tropela. Gainera, puntu kopuruari erreparatuta, azken bi denboraldietan baino lehen itzuli hobea osatu dute arabarrek. Kopak, halaber, ilusioa piztu du zaleen artean, zortzi urte geroago final-laurdenetara iritsi baita Alaves. Azkenaldian Coudetek gutxi erabili dituen jokalariek aurrerako urratsa egin dute bertan; hala nola, Guridik eta Gebarak. Ligan ere garrantzitsua izan behar du haien ekarpenak. Horrez gain, Kopan Sevilla eta Rayo menderatu izanak konfiantza eman beharko lioke taldeari. Realaren kontrako kanporaketa otsailaren 4an jokatuko du, eta ligan lasaitua hartuta iritsi nahiko luke.