Futbola

Alaves Lehen Mailara igo da

Andrea Estebanek entrenatutako taldeak nahikoa zuen gaur Bartzelonan Europaren aurka berdintzea, baina alde handiz irabazi du azkenean: 0-4. Arabako taldea maila gorenean ariko da datorren denboraldian, Bigarren Mailan hiru urtez aritu eta gero.

Alaves. ALAVESEK UTZITAKO ARGAZKIA
Alaveseko kideak 'Ongi etorriak' dioen pankarta baten atzean, partida amaieran. ALAVESEK UTZITAKO ARGAZKIA
Julen Etxeberria.
2026ko apirilaren 4a
14:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bueltan da Alaves. Arabako taldeak esku-eskura zuen hiru urteren ostean berriro Espainiako Lehen Mailan jokatzea, eta ez dio aukera horri ihes egiten utzi. Igoera ziurtatzeko, Andrea Estebanek entrenatutako taldeak nahikoa zuen gaur Bartzelonan Europaren aurka berdintzea, baina puntu bat lortzearekin konforme ez, eta hirurak eskuratu ditu. Modu ikusgarrian egin du hori, gainera, alde handiz irabazi baitio Kataluniako taldeari: 0-4. Emaitzak ez du zalantzarako tarterik utzi: Alaves nagusitu da. 

Alavesek partida biribila egin du. Berehala hasi da garaipenerako bidea egiten, hamabosgarren minutuan Reyes Morenok lehen gola sartu baitu. Hori aski ez, eta 23. minutuan epaileak Anon Kojima Europako jokalaria kanporatu du. Horrek arabarren nagusitasuna areagotu du, eta gol aukera dezente izan dituzte. Lehen zatian ez dute asmatu, baina, bigarren zatia hasi eta gutxira, Ainhoa Guallarrek bigarren gola sartu du. Gol horrek erabakita utzi du partida.

Hala ere, Alaves ez da lasaitu, eta ekin eta ekin jarraitu du. Hala, beste bi gol sartu ditu: 62. minutuan, Ines Altamirak hirugarrena sartu du, eta, hiru minutu geroago, Almudena Riverok laugarrena sartu du. Ez da gol gehiago egon. Berdin zion horrek, Alaveseko kide guztiek eta Bartzelonara joandako zaleek pozez gainezka ospatu dute garaipena eta horrek dakarren saria: Arabako taldea berriro ariko da talde onenekin. 

«Oso pozik gaude. Egun berezia da, eta ez dugu inoiz ahaztuko», esan du Elene Errasti Alaveseko jokalariak. 

Realak ere irabazi egin du

Alavesek Lehen Mailan jokatuko du. Reala, berriz, kategoria horretan ari da, bikain aritu ere. Gaur 1-5 irabazi dio Alhamari, eta, horri esker, urrats handia egin du Txapeldunen Ligarako sailkatzeko bidean. Etxeko taldeak sartu du partidako lehen gola, baina txuri-urdinek erakustaldia egin dute gero: Claire Lavogezek bi gol sartu ditu, eta Paula Fernandezek, Aiara Agirrezabalak eta Nerea Eizagirrek bana.

Sailkapenean, Realak zortzi puntu ateratzen dizkio laugarren sailkatuari: Teneriferi. Bost jardunaldi falta dira jokatzeko. Eibarrek mesede egin dio Realari jardunaldi honetan, atzo hutsean berdindu baitzuen Ipuruan Teneriferen kontra. Berdinduta, eibartarrek bolada txarra eten dute, azken bederatzi partidak galdu baitzituzten. 

Athleticek, berriz, bihar jokatuko du, Levanteren zelaian, 12:00etan (DAZN). Zuri-gorriek galdu egin dituzte azken bi partidak, eta onbidera itzuli nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA