Alavesek neurria hartu dio Eibarri denboraldi honetan. Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bietan irabazi dio. 0-2 nagusitu zitzaion Ipuruan lehen itzulian, eta 2-1 gailendu zaio gaur Mendizorrotzan. Hori eginda, bolada txarra eten du, lau jardunaldi baitzeramatzan etxean irabazi gabe, eta hamabi puntutatik bi besterik ez baitzuen lortu. Irabazita, halaber, beste urrats bat egin du mailari eusteko lehian, denboraldiko helburua lortzeko bidean. Jardunaldiko beste partidetako emaitzen zain, bederatzi puntura ditu jaitsiera postuak. Ez da inondik inora alde erabakigarria, baina balio du nerbioak pixka bat uxatu eta lasai antzean lan egiteko.
Kontrakoa gertatzen zaio Eibarri. Hiru jardunaldi zeramatzan galdu gabe, baina gaur ez du aurrerapausorik eman mailari eusteko bidean, eta jardunaldiko emaitzek jaitsieratik hiru puntu bakarrera utz dezakete. Aparteko lanik egin gabe puntuak lortzen ari zen azkenaldian, baina gaur esku hutsik geratu da. Aurrera egin beharrean, atzera egin du. Bide zuzena topatu beharrean da lehenbailehen, eta bide horretan eutsi. Ez du lortu orain arte.
Gol guztiak, bigarren zatian
Alavesi ezin hobeto atera zaio Asier Garitanok proposatutako estrategia: baloia utzi dio Eibarri, eta haren huts baten zain geratu da. Bisitariek izan dute baloia, baina ezertarako ez, apenas sortu baitute arrisku jokaldirik. Etxekoek, aldiz, bikain aprobetxatu dituzte aurkariaren hutsak.
Ximo Navarrok eman du lehen abisua, aurreneko zatia amaitzear zela. Baloia hartu du jokaldi nahasi batean, baina Dmitrovicek zapuztu egin du haren ahalegina. Aukera horrek ez du etxekoen estrategia aldatu, eta Eibarren hutsaren zain geratu dira. Eta berehala iritsi da aukera hori, bigarren zatia hasi eta hogei segundo eskasera. Eibarrek atera du baloia zelai erditik, baina lehenbizi Bigasek eta jarraian Burgosek huts larria egin dute. Joseluk hartu du baloia, eta haren pasea bikain errematatu du Lucas Perezek. Aurrelari galiziarra zelaira irten berria zen, eta segundo eskas batzuk bakarrik behar izan ditu sasoiko bederatzigarren gola sartzeko.
Gol horrek arriskatzera behartu du Eibar, eta halakoetan errazagoa da hutsak egitea. Eta halaxe gertatu da. Eibarreko atzelariek kale egin dute berriz ere, eta Burkek ondo aprobetxatu du bigarren gola sartzeko. 66. minutua zen, eta Alavesek bideratua zuen garaipena. Orellanak itxaropena eman dio Eibarri, 82. minutuan urrutitik gol ederra sartuta, baina hortxe geratu da bisitarien ahalegina. Azkenean, etxekoen garaipena, eta festa Mendizorrotzan.