ALAVES 1-0 REALA

Penaltiz sartutako gol bati esker irabazi dio Alavesek Realari derbia

Partida nahiko parekatua jokatu dute bi taldeek Mendizorrotzan, baina gasteiztarrek gehiago egin dute garaipena lortzeko. Edonola ere, bi taldeei sakontasuna falta izan zaie erasoan, eta aukerarik arriskutsuenak geldikako jokaldietan sortu dituzte.

Alaves-Reala. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak, Lucas Boyek penaltiz sartutako gola ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko abenduaren 6a
19:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaharrak berri Mendiozorrotzan. Alavesek eta Realak ohikoak dituzten gabeziak agerian geratu diren arren, Lucas Boyek sartutako penalti bati esker, Gasteizko taldearen alde egin du balantzak derbian. Partida nahiko parekatua jokatu dute bi taldeek, baina, beharbada, gasteiztarrek gehiago egin dute garaipena lortzeko. Nolanahi ere, bi taldeei sakontasuna falta izan zaie erasoan, eta aukerarik arriskutsuenak geldikako jokaldietan iritsi dira.

Eduardo Coudeten taldearentzat buruhaustea da oraindik ere aurkariaren atera nola hurbildu. Atzeko lerroan, ordea, sendo aritu dira. Ez da kasualitatea ligan gol gutxien sartzen dieten taldeen artean bosgarrenak izatea gasteiztarrak. Hiru partida jarraian galdu ondotik, irmotasun horri esker, bolada txarra amaitzea lortu dute. Beste behin ere, Mendizorrotza gotorleku bilakatuz. Sergio Franciscoren taldeari, berriz, denboraldi hasierako mamuak agertu zaizkio. Txuri-urdinek ez dute erakutsi azken partidetan jokoan lortu duten sakontasun hori, ezta eraginkortasunik ere ate aurrean. Nekez zenbatu daitezke Realaren aukera garbiak, ia hutsalak izan baitira.

Lehen zatian, batak zein besteak aise mugitu dute baloia atzeko lerroan; aurrera egiteko garaian, ordea, sakontasuna falta izan zaie, batez ere Realari. Horren erakusle izan da Umar Sadiquek ez duela kasik baloia ukitu ere egin. Jokaldirik arriskutsuenak geldikakoak izan dira. Etxeko taldeak eman du lehen abisua, ordu laurdena betetzear zela. Alavesek ateratako alboko falta batean, Lucas Boye aurrelariaren burukada Alex Remiroren ateko zutoinetik gertu pasatu da. Ondoren iritsi dira txuri-urdinen bi aukerarik garbienak geldikako jokaldietan. Realak ateratako korner batean, Carlos Solerrek behera errematatu du buruz, eta bi denboratan harrapatu du baloia Antonio Siverak. Beste aukera garbia ere buruz izan du Jon Martinek. Urrutitik ateratako falta baten bitartez, area barruan burumakur errematatu du, eta baloia zutoinera joan da. 

Barrenetxearekin ere, kamuts

Lehen zatiaren hondarrean iritsi da Alavesen gola, penaltiz. Eduardo Coudeten taldeak korner bat atera du; Sergio Gomezek ez du asmatu baloia aldaratzen, eta Aritz Elustondoren besora joan da. Gorputzetik aldendua zuen besoa beasaindarrak. VAR-ak epaileari abisatu dio jokaldia gainbegiratu zezan, eta epaileak adierazi du penaltia zela. Lucas Boye arduratu da penaltia botatzeaz. Remirok asmatu egin du jaurtiketaren norabidea, baina gorputzaren azpitik pasatu zaio baloia. Atsedenaldira 1-0 aurretik joan dira etxekoak.

Bigarren zatiak beste itxura bat hartu du. Markagailuan aurretik zihoazen gasteiztarrak, eta, beraz, pauso bat atzerago kokatu dira zelaian. Sergio Franciscoren taldeak ahaleginak eta bi egin ditu paseen bitartez gasteiztarren lerroak apurtzeko, baina asko kostatu zaio aurrera egitea. Carlos Soler eta Brais Mendez noraezean ibili dira, baita Take Kubo ere. 55. minutuan aldaketa bikoitza egin du Sergio Franciscok. Sadiq eta Aritzen ordez, Caleta-Car eta Ander Barrenetxea zelairatu ditu. Donostiarra zen txuri-urdinen esperantza bakarra, aztikeriaren bat egin zezan partidaren norabidea aldatzeko. Bada, Vila-Realen eta Osasunaren aurka gola sartu zuen horrek ez du halakorik lortu Alavesen aurka. Are gehiago, gertuago izan du Alavesek bigarrena sartzea, Realak partida berdintzea baino. Realekoak burumakur joan dira aldagelara. Alavesekoak, ordea, zelaian geratu dira, zaleekin batera garaipena ospatzeko.

ALAVES-REALA
Alaves. Sivera; Jonny, Tenaglia, Pacheco, Parada; Gebara (Protesoni, 76. min); Calebe (Carlos Vicente, 51. min), Pablo Ibañez, Denis (Youseff, 93. min), Abde (Aleña, 76. min); eta Ruben Boye.
Reala. Remiro; Aramburu, Jon Martin, Aritz Elustondo (Caleta-Car, 56. min), Sergio Gomez; Gorrotxategi (Karrikaburu, 77. min); Soler (Goti, 87. min), Brais Mendez; Kubo (Zakharian, 77. min), Sadiq (Barrenetxea, 56. min) eta Guedes.
Golak. 1-0: Lucas Boyek, penaltiz (45. min). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.