Alavesi azken unean egin diote ihes hiru puntuek Vila-realen kontra

Arabarrek eskura zuten garaipena, baina 98. minutuan berdintzea lortu dute bisitariek, Pepek sartutako gol ikusgarri bati esker. Quique Sanchez Floresen taldeak partida serioa jokatu du, eta ondo lehiatu da.

Alaveseko Aleña, baloiarekin, atzean Vila-realeko Pepe duela. ADRIIAN RUIZ HIERRO / EFE
Alaveseko Aleña, baloiarekin, atzean Vila-realeko Pepe duela. ADRIIAN RUIZ HIERRO / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 13a
23:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko jardunaldian gertatu bezala, Alavesek kolpe gogorra hartu du gaur partida amaitzear zela. 98. minutuan, arabarrak 1-0 ari ziren irabazten Vila-realen kontra. Eskura zituzten hiru puntuak, eta, asteburuko emaitzen zain, arnasa hartzeko moduan ziren. Baina Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldeak jokalari erabakigarriak ditu aurrean, eta horietako bat azaldu da: Pepe. Area ertzean baloia jaso du, atzean utzi du Ballestero, eta gol ikusgarria sartu du ezkerrez 98. minutuan: 1-1. Mutu utzi du Mendizorrotza. Zaleak garaipena ospatzen ari ziren, eta puntu batekin konformatu behar izan dute azkenean. Alavesek sei partida daramatza irabazi gabe, eta borrokan jarraitu beharko du jaitsiera postuetatik aldentzeko. Hiru puntura ditu orain postu horiek. 

Alavesek garaipena behar zuen. Azken bost partidetan aurkari zuzenen kontra neurtu zituen indarrak, eta bi puntu besterik ez zuen poltsikoratu. Gaur oso bestelako aurkari bat zuen aurrean: Vila-real, Txapeldunen Ligako postuetan egonkortuta dagoen taldeetako bat. Alavesek erdiko hiru atzelarirekin eta bi hegalekorekin jokatu du. Bisitariak, ohi moduan, presio estua eginez zelairatu dira, eta zuzen jokatzeko asmoz. Izan ere, joan-etorriko jokaldietan ondo moldatzen da taldea. Lehen minutuetan abaguneren bat izan dute aurretik jartzeko, argiena Mikautadzek. Baina ez du asmatu. 

Minutuak aurrera joan ahala, Alavesek neurria hartu dio partidari. Erdiko blokean kokatu da, presioan asmatu du, eta ondo eutsi dio Marcelio Garcia Toralen taldeari. Lucas Boyek pare bat erremate egin ditu Luiz Juniorren atera. Arabarrak baloi luzeen bidez saiatu da min egiten, eta bigarren jokaldi asko irabazi dituzte. Gol aukera argiak sortzea falta izan zaio.

Lehen zatiaren azken txanpan buruz buruko lehiak izan dira nagusi. Ez talde batek ez besteak ez dute jokoaren ekimena izan. Indarrak asko parekatu dira. Baina, azkenean, 40. minutuan, etxekoek jaso dute egindako lan onaren saria. Pablo Ibañezek buruz buruko jokaldi ona egin du eskuin hegaletik, eta areara erdiratu du. Vila-realeko atezainak kostata aldendu du baloia; baina, kanpora zihoala, Toni Martinezek orpoz jo du, eta azkenerako Rafa Marinek, Alaveseko jokalari ohiak, bere atean sartu du gola.

Atsedenaldia iristear zela, bisitariak berdinketa lortzeko zorian egon dira. Comesaña bakarrik geratu da, eta bi erremate on egin ditu area txikitik gertu. Baina Siverak bi gelditu on egin ditu. Azken aldaratzea Peperi iritsi zaio, eta hark kanpora bidali du baloia. Vila-realen abisu hirukoitz horrekin amaitu da lehen zatia. 

Kolpea azken jokaldian

Bigarren zatia hasi eta berehala beste abisu bat eman du Vila-realek, 48. minutuan. Sergi Cardonak erdiratu du baloia, eta Mikautadzek bitan pentsatu gabe egin du errematea. Baina Siverak aldendu du baloia. Neurketa joan eta etorrikoa bihurtu da ondoren. Vila-realek aurrerapauso bat eman du. Hori bilatu du Marcelio Garcia Toralek, egin dituen lehen aldaketekin. Gerard Moreno eta Moleiro zelairatu ditu, Cardonaren eta Buchanaren ordez. Baina Alavesek, lehen zatian bezala, ondo eutsi die Vila-realen ekinaldiei. Zelaian ondo jarrita egon da, eta defentsan, sendo. Aurkaria deseroso egotea lortu du. Gainera, ahal izan duenean aurrera egin du, batez ere Angel Perezen bidez. Carlos Vicenteren tokia hartzeko iritsi zen hegalekoa neguko merkatuan, eta oso partida ona jokatuko du. Hustu egin da fisikoki. 

Pixkanaka, Vila-realek lortu du baloia denbora gehiagoz edukitzea. Zelai erdian hauspoa behar zuen Alavesek, han ari ziren jokalariek nekea antzeman baitute. Eta Guridi zelairatu du entrenatzaileak, Aleñaren ordez. Partidaren azken hogei minutuetan Vila-Realek izan du jokoaren ekimena, eta 74. minutuan gola sartzear egon da. Pepek aurrea hartu dio Youssefi lasterkaldi batean, erremate ona egin du, baina kanpora joan zaio. 

Ondoren, 81. minutuan, beste susto bat hartu dute Alaveseko zaleek. Freemanek albotik atera du baloia; area barruan Koskik buruz jo du atzera, eta ia bere atean sartu du gola, baina baloiak zutoina jo du. Estutzen jarraitu du Vila-ralek, eta epaileak bederatzi minutu luzatu du partida.

Minutu horietan, Alavesek bi aukera on izan ditu bigarren gola sartzeko eta partida erabakita uzteko. Baina aurrenekoan Freemanek ondo kendu dio baloia Boyeri, errematea egitear zela, eta gero Blancok ez du kontraeraso bat amaitzen jakin. Segidan iritsi da Vila-realen gola. Arabarrek ez dute asmatu bisitarien jokaldia geratzen, eta Pepek gola sartu du. Kolpea izan da, garaipena merezi baitzuten arabarrek. Alde ona: taldea barneratuz doa Sanchez Floresek ezarri nahi duen jokatzeko modua. Izan ere, gaur Alaves taktikoki ondo aritu da, eta bikain lehiatu da. Horiek dira Sanchez Floresek zuzentzen dituen taldeen ezaugarri nagusiak. 

Alaves-Vila-real

Alaves: Sivera; Angel Perez, Jonny, Tenaglia (Ballestero, 91. min.), Parada, Yusi (Koski, 80. min.); Ibañez, Antonio Blanco, Aleña (Guridi, 74. min.); Toni Martinez (Rebbach, 91. min.) eta Boye.

Vila-real: Junior; Mouriño (Freeman, 83. min.), Pau Navarro, Marin, Cardona (Moleiro, 59. min.); Buchanan (Moreno, 59. min.), Comesaña, Gueye (Partey, 67. min.), Pedraza; Pepe eta Mikautadze (Oluwaseyi, 83. min.).

Golak: 1-0. Marinek bere atean (40. min.). 1-1: Pepek (97. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA