Alaves 1-0 Valentzia

Alavesek irabazi egin dio Valentziari, eta eskura du salbazioa

Arabarrak 1-0 nagusitu dira, 79. minutuan Jordanek penaltiz sartutako gol bati esker. Datorren sasoian Lehen Mailan segitzeko, nahikoa dute hurrengo bi partidetan puntu bat lortzea eta Leganesek bi partidak ez irabaztea.

Alaveseko jokalariak Jordanek sartutako gola ospatzen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Alaveseko jokalariak Jordanek sartutako gola ospatzen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko maiatzaren 14a
21:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Alavesek urrea balio duten hiru puntu lortu ditu etxean, Valentziaren kontra. Urrea balio dute, ia ziurra delako datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko duela. Arabarrek 1-0 irabazi dute. 79. minutuan sartu du gola Jordanek. Hala, lau punturen aldea du Leganesekin, jaitsiera postuetan dagoen lehen taldearekin. Horrenbestez, hurrengo bi jardunaldietan nahikoa izango du puntu bat batzea, eta Leganesek bi partidak ez irabaztea salbazioa ziurtatzeko. Festa giroa izan da nagusi partida amaieran Mendizorrotzan. 

Valentzia bolada bikainean iritsi da Gasteizera, hamar partida baitzeramatzan galdu gabe. Egoera goitik behera irauli du Herrialde Katalanetako taldeak, abenduan Carlos Corveran taldea zuzentzen hasi zenetik. Azken postuan zeuden, eta Europarako sailkatzeko borrokan daude orain. Valentziak estutzen ekin dio partidari, eta batez ere eskuin hegaletik min egin du. Handik jokatu du Alaveseko jokalari ohi batek: Luis Riojak. Zelai erdiko hegalekoak erremate on bat eta bi erdiraketa arriskutsu egin ditu lehen minutuetan. Errematea kanpora joan zaio, eta erdiraketak gutxigatik ez ditu baliatu Hugo Durok.

Alavesek puntu beharra zuen jaitsiera postuetatik aldentzeko. Baina kostatu egin zaio jokaldiak sortzea, eta Valentziaren atera iristea. Berreskuratu bezain laster galdu du baloia, eta askotan haren atzetik aritu behar izan du korrika. Eroso aritu da minutu horietan Valentzia, bolada onak hauspotuta. Gehiago izan da. 15. minutuan gerturatu da estreinakoz Arabako taldea, eta arrisku handiz, gainera. Motzean atera du korner bat, eta erdiraketa Guridik errematatu du buruz area txikian; baina Mamardaxvilik gelditu bikaina egin du, eskua ondo aterata. Horrek suspertu egin du Alaves, eta segidan beste bi aukera izan ditu gola sartzeko, 17. eta 19. minutuetan. Tenagliak eta Aleñak urrutitik jaurti dute, baina Valentziako atezainak giltzarrapoa jarri dio ateari. Joan-etorrikoa izan da minutu horietan neurketa, bizia, eta ikusteko polita. 

Alavesen aukera horiek tarteko, Valentziak urrats bat egin du atzera, eta zuhurrago jokatu du. Ez du hain zuzen mugitu baloia, eta zalantza gehiago izan ditu atzean. Parekatu egin da minutu horietan neurketa. Baina pixkanaka etxekoak izan dira Valentziaren atera gehien gerturatu direnak. Partidaren aginte makila hartu dute; hori bai, abagune argirik sortu gabe. Arriskutsuena Carlos Vicenteren jaurtiketa izan da, baina kornerrera bidali du Mamardaxvillik, 38 minutuan. Valentziak, berriz, Rafa Mirrek buruz egindako erremate batekin sortu zuen arriskua. Baina hasi bezala amaitu da lehen zatia: 0-0.

Hasieran, motelago

Bigarren zatia motelago hasi da. Leganes Vila-realen aurka galtzen ari zela kontuan hartuta, puntua ez zen txarra Alavesentzat. Bi taldeek jokaldi luzeagoak egin dituzte, eta horizontalean jokatu dute, bertikalean baino gehiago. Minutuak aurrera joan ahala, Valentziak sortu du arrisku gehiago, eta jokaldi bakan batzuetan Siveraren atera gertura da. Europan sartzeko zituen aukera baliatu nahi zituen.

Neurketa hartzen ari zen itxura ikusita, Coudetek Jordan zelairatu du, Guridiren ordez. Aldaketa horrekin jokoaren kontrola berreskuratu nahi zuen, eta geldikako jokaldietan arrisku apur bat handiagoa sortu. Pixkanaka lortu egin du. Izan ere, Alavesek neurketaren kontrola berreskuratu du, eta orduan iritsi da gola. 79. minutuan izan da. Mamardaxvilli itsu-itsuan atera da korner batean, eta salto egiterakoan Mouriñoren gainera etorri da. Gil Manzano Epaileak ez du zalantza egin, eta penaltia adierazi du. VARetik abisua eman diote ikustera joateko, baina erabakia berretsi du. Joan Jordanek ez du barkatu, eta gola sartu du. Segidan beste aukera on bat izan du Alavesek aldea handitzeko. Baina ez du baliatu. Valentziak estutu egin du, baina Alavesek eutsi egin dio. Azken jokaldian zaleek susto ederra hartu dute, Protesonik besoarekin jo du Pepelu arean. Epaileak ez du ezer adierazi, eta hala amaitu da partida.

 

Alaves-Valentzia

Alaves: Siviera; Tenaglia, Mouriño, Garces, Manu Sanchez; Gebara, Blanco (Protesoni, 84. min.), Carlos Vicente, Aleña (Conechny, 90. min.), Guridi, (Jordan, 65. min.) eta Kike Garcia Toni Martinez, 90. min.).

Valentzia: Mamardaxvili, Mosquera, Diakhaby Canos, 84. min.) Tarrega, Gaya; Barrenechea, Pepelu, Diego Lopez (Ivan Jaime, 65. min.) Rioja; Rafa Mir (Aarons, 84. min.) eta Hugo Duro.

Gola: 1-0: Joan Jordanek (79. min, penaltiz).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.