Xehetasun txikiak erabakigarri izan ohi dira euskal derbietan, eta, zortea lagun, Alavesek garaipen handia eskuratu du gaur, San Mamesen. Zelai madarikatua zuten Bilbokoa gasteiztarrek, hogei urte baziren bertan irabazten ez zutela. Soilik bi garaipen zituzten bilduak gaur arte. Bada, erarik onenean amaitu du lehortea Eduardo Coudeten taldeak. Lehen zati itxia jokatu dute bi taldeek, baina asko ireki da partida bigarrenean. Gol aukerak biek izan dituzte, baina asmatu duena Alaves izan da. Zorteak lagundu dio, Denis Suarezen erdiraketa batek Berenguerren gorputzean jo ondoren sarerako bidea hartu baitu baloiak. Dena den, lanak ongi egin dituzte bisitariek, eta hiru puntu baliotsu eskuratu dituzte. Athleticek, berriz, historia egiteko aukera ederra galdu du, inoizko liga hasiera onena egingo baitzuen irabaziz gero. Ez du irabazterik merezi izan.
Hasierako hamaikakoetan ez da ezusterik izan bi taldeetan. Athleticen aldetik, jakin-mina zegoen nortzuek jokatuko zuten hasieratik, baina Ernesto Valverdek gaurko partidan soilik izan du burua. Ez dio erreparatu datorren astearteko Arsenalen aurkako Txapeldunen Ligako lehiari, eta aulkian ez du ezer gorde. Oso bizi jokatu dituzte lehen minutuak bi taldeek, baina argitasunik gabe aritu dira. Zelai erdian borrokan murgilduta ibili dira, baloiaren jabe nor egingo, baina inork ez du gaitasunik izan erasora ganoraz jotzeko. Tristea bezain itsusia izan da norgehiagokaren lehen ordu erdia. Estrategia jokaldietan ere ez dute gol aukerarik sortu. Geldialdi asko izan ditu jokoak, eta batez ere etxeko taldea bere onetik irtenda ibili da.
Egoera horretan, erosoago sentitu da Alaves, talde bisitaria izaki. Athleticen ezohiko mugimendu bat egin du Valverdek hasieratik, Iñaki Williams eta Berenguer hegalez aldatuta ibili baitira: Williams ezkerretik eta Berenguer eskuinetik. Apustuak ez dio funtzionatu, biek ala biek Sancetekin elkartzeko arazoak izan baitituzte, eta 35. minutuan bakoitza bere tokira joateko agindua eman du entrenatzaileak. Orduantxe eman dute pauso bat aurrera zuri-gorriek. Presioan finago ibili dira, eta gutxienez arrisku apur bat eraman dute Siveraren ate ingurura.
Alavesek ezin izan du gainditu Athleticen lehen presio lerroa, eta itota sentitu da lehen zatiko azken minutuetan. Lerro hori gainditu izan balute, erasora modu arriskutsuan iristeko aukera topatuko zuten gasteiztarrek, baina nahi eta ezin ibili dira. Behetik gora egin du Athleticek, eta atsedenaldira iritsi aurreko azken bost minutuetan sortu ditu gol aukera bakarrak. Besteak beste, Jauregizarrek 42. minutuan egin duen jaurtiketa bat izan da partidako lehen gol aukera. Haren jaurtiketa Siverak geratu du. Ondoren, Guruzetak ere izan du gola egiteko aukera, baina lehen zatiak ez du gehiagorako eman. Inork ez du merezi izan atsedenera aurretik iristerik.
Aldaketekin asmatu du
Bigarren zatiari ekiteko, aldaketa hirukoitza egin du Coudetek. Denis Suarez, Toni Martinez eta Lucas Boye zelairatu ditu. Guridi, Carlos Vicente eta Mariano geratu dira aulkian. Erabakiak fruituak eman dizkio entrenatzaile argentinarrari. Bi aurrelarirekin jokatzea mesederako izan du taldeak, baloia luze jotzea ahalbidetu baitio. Atzean sufritzeari utzi dio, eta pixkanaka erasora jo dute jokalariek. Bada, korner batean iritsi da 0-1ekoa. Baloia motzean atera du Alavesek, eta, Denis Suarezen erdiraketak Berenguerren gorputzean jo ondoren, arratseko gol bakarra iritsi da, 57. minutuan. Zortea lagun izan dute gasteiztarrek, baina haien ausardiari meritua eman behar zaio.
Gol horrek ireki egin du partida, berdinketaren bila joan beste erremediorik ez baitu izan Athleticek. Valverdek ere aldaketak egin ditu, eta Maroan eta Vesga izan dira zelairatzen lehenak. Ondoren aurrelari gehiago ere sartu dira zelaian, baina argitasunik gabe jokatu dute zuri-gorriek. Itsu-itsuan aritu dira, eta Nico Williamsen hutsunea gehiegi igarri dute. Alavesek ongi plazaratu du ofizioa, eta sendo jokatzearekin aski izan du hiru puntuei eusteko.
Athletic 0-1 Alaves
Athletic: Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Vesga, 58. min.), Jauregizar; Iñaki Williams (Nico Serrano, 79. min.), Sancet (Robert Navarro, 67. min.), Berenguer (Izeta, 79. min.); eta Guruzeta (Maroan, 58. min.).
Alaves: Sivera; Jonny Otto, Garces, Tenaglia, Diarra (Parada, 89. min.); Blanco, Ibañez; Carlos Vicente (Denis Suarez, 46. min.), Aleña (Pacheco, 74. min.), Guridi (Toni Martinez, 46. min.); eta Mariano (Lucas Boye, 46. min.).
Golak:Â 0-1: Berenguerrek, bere atean (57. min.).
Â
Osasunak sasoiko bigarren garaipena nahi du
Â
Emaitza berarekin amaitu dira Osasunak ligan jokatutako aurreneko hiru partidak: 1-0. Etxetik kanpo jokatutako bi neurketak galdu egin ditu, Real Madrilen eta Espanyolen aurka, eta Sadarren jokatutako bakarra irabazi, Valentziaren kontra. Bada, etxean beste garaipen bat eskuratu nahi dute gorritxoek gaur; Rayo Vallecano izango dute aurkari (18:30).Â
Lau puntu bildu ditu oirangoz Madrilgo taldeak: irabazi egin zuen lehen partida, eta berdindu azkena, Bartzelonaren kontra. Hortaz, Osasunak baino puntu bat gehiago du.
Nafarroako taldean Moi Gomez da min hartuta dagoen jokalari bakarra. Zigorra beteta deialdian dago Abel Bretones, baita Realetik fitxatu berri duten Sheraldo Becker ere.
.
Â