Granada 2-0 Alaves

Alavesek 2-0 galdu du Granadan

Babazorroen hirugarren porrota da jarraian, baina jaisteko postuekin zazpi punturen errenta dute oraindik. Omorodionek sekulako txistuak entzun ditu.

Myrto Uzuni, gaur, Granadaren lehen gola sartzen. PEPE TORRES / EFE
Myrto Uzuni, gaur, Granadaren lehen gola sartzen. PEPE TORRES / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 14a
19:15
Entzun

Pattal dabil Alaves, bereziki Mendizorrotzatik urrun. Gaur merezitako porrota izan du Granadan (2-0), denboraldi eskasa egiten ari den talde baten aurka. Gaurkoekin, 17 puntu dituzte andaluziarrek, eta ia ezinezkoa dute Lehen Mailan jarraitzea. Babazorroek helburu hori ondo bideratua dute, baina ez da komeni askorik lasaitzea. Egindako lan ona errematatu beharra dago. Oraintxe 7 puntura dute 18. postua.

Neurketa azkar jarri zaio maldan gora Luis Garcia Plazaren taldeari. Seigarren minutuan, Lucas Boyek sekulako indarrarekin errematatu du zutoinera, aldaratzea Granadako jokalari batek jaso du, eta haren errematea besoarekin urrundu du Andoni Gorosabelek. Penaltia. Arrasateko atzelariak ez du protestarik ere egin. Gola Myrto Uzunik sartu du.

Hortik aurrera, makala izan da partida, eta ez da ia gol aukerarik izan; 39. minutura arte. Orduan, erdiraketa bat baliatuta, Lucas Boyek etxekoen bigarrena sartu du buruz. Irailetik ez zuen sartu golik argentinarrak. Atsedenaldiaren aurretik hirugarrena sartzeko abagunea ere izan dute.

Garcia Plazak sistema aldatu du, Alavesek lortu du baloi gehiago izatea, baina alferrik: ez du arrisku askorik sortu, eta izan dituen aukeretan bikain moldatu da Batalla atezaina. 

Omorodioni txistuak

Norgehiagoka osoan, Samu Omorodion Alaveseko aurrelariak baloia jasotzen zuen bakoitzean sekulako txistuak entzun ditu. Melillako jokalariak denboraldi hasieran egin zuen debuta Granadarekin, baina merkatuko azken egunetan Atletico Madrilek bere etete klausula ordaindu zuen (madrildarrek utzita ari da Alavesen), eta fitxatzeko modu horren ondorioz ezin izan zuen utzita Granadan aritu. Jokaldi hark min egin zion Andaluziako taldeari.

Asteon jakin da, gainera, Omorodionek salaketa jarri diola Granadari bere etete klausula abusuzkoa zela argudiatuta. Sei milioi euro ordaindu zituen Atleticok, eta jokalariak orain 40ko balioa du. Horrek are gehiago berotu du giroa, eta Granadako zaleek argi utzi diote Omorodioni: ez diote barkatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.