Vila-real 3-1 Alaves

Alavesek 3-1 galdu du Vila-realen zelaian, ausart aritu bada ere

Lehen zatian, arabarrak hobeto aritu dira valentziarrak baino, baina ez dute golik sartu; aurkariak bigarren zatian sartu dizkie golak. Jaitsiera postuetatik gertu dago Alaves, hiru puntura.

Mikautadze, eraso jokaldi batean, Jon Pacheco lurrean dela. MANUEL BURQUE / EFE
Mikautadze, eraso jokaldi batean, Jon Pacheco lurrean dela. MANUEL BURQUE / EFE
inaut matauko rada
2026ko urtarrilaren 10a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ausart ibili da Alaves Vila-realen zelaian, baina esku hutsik itzuliko da Gasteizera. Arabako taldeak ondo jokatu du lehen zatian, aurkaria menperatu ere egin du zenbaitetan, baina, bigarren zatiaren hasieran, bi gol sartu dizkiote, azkar sartu ere, eta punturen bat lortzeko ametsa zapuztu. Behin 3-0 galtzen ari zirenean, Vila-real lasai zebilela aprobetxatuz, aurrera egin dute berriro arabarrek: gol bat sartu dute, eta beste bat sartzear izan dira, baina partida 3-1 amaitu da azkenean.

Alavesek hasieratik garbi izan du zer taktika erabili Vila-reali aurre egiteko: lerroak aurreratzea eta goian presio egitea. Eta ondo atera zaio, hasieran behintzat. Vila-real ligako talde onenetako bat bada ere, Alavesek ez dio utzi nahi bezala jokatzen, jokaldi luzeak egitea galarazi baitio. Eta baliabide guztiak erabili ditu horretarako, baita faltak ere. Lehen minutuak oso geldoak izan dira, asko trabatu da jokoa, eta, 10. minutuan, epaileak txartel horia atera dio Carles Aleñari, kontraeraso bat geratzeagatik. Hurrengo minutuan, Jon Guridik ere errotik moztu du Vila-realen jokaldi arriskutsu bat, baina zigorrik ez da izan.

Hortik aurrera, Vila-realen jokoa mozteaz gain, ekinean aritu da Alaves. Talde jokaldi onak egin dituzte, eta arrisku guztia eskuin hegaletik bideratu, Carlos Vicenteren oinetatik pasatuta. Hark egin ditu jokaldirik onenak, baina azken metroetan ez da arrisku handirik izan Luiz Junior atezainarentzat.

Gol aukera gutxi izan dira 28. minutura arte, hau da, bi taldeak aurrea hartzeko ahalegin betean hasi diren arte. Alavesek korner bat atera du, eta Toni Martinezek atzerako artazia egiteko aukera baino ez du izan: errematea kanpora joan zaio. Jarraian Vila-realen erasoa iritsi da, baina babazorroek arazorik gabe urrundu dute baloia. Hurrengo jokaldian ere Alavesek egin du eraso, eta Carlos Vicente gola egitear izan da berriro ere. Handik gutxira, etxeko taldeak izan du gola sartzeko aukera, Georges Mikautadze georgiarrak zutoinaren ondo-ondotik bota baitu baloia kanpora.

Lasaiagoak izan dira hurrengo minutuak, nahiz eta Pablo Ibañez zelai erditik gola egiten saiatu den, Luiz Junior aurreratuta ikusi eta gero. Hala iritsi dira bigarren zatira.

Zelairatze erabakigarria

Alavesek ez du aldaketarik egin atsedenean, baina Vila-realek bai: Gerard Moreno aurrelaria zelairatu du, Vila-real gailentzeko funtsezkoa izan den jokalaria. Eta gutxi behar izan du kataluniarrak aukera bat sortzeko, baina kanpora joan zaio errematea. Halere, Antonio Moleirok aurretik jarri du Vila-real segituan. Alfonso Pedrazak ezker hegaletik hasi du jokaldia, eta baloia arearen izkinan geratu da. Moleirok eskuinkada eder batez sartu du gola.

Atsedenalditik itzuli eta berehala aurkariak gola sartuta, posible zen Alaves hondoratzea, baina berriro saiatu da jokoaren ekimena hartzen. Horretan zebiltzala, ordea, 2-0ekoa sartu du Vila-realek, 55. minutuan: talde jokaldi ona egin dute: Tajon Buchananek eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat urrundu du Siverak, baina Morenori baloia gola egiteko prest jarri, eta kataluniarrak, esperientzia handiko aurrelaria izanik, ez du huts egin.

Bi golek partida hautsi dute, eta arabarrek ezin izan dute erakutsi lehen zatian baliatu duten joko erasokorra eta menperatzailea. Eduardo Coudetek Ander Gebara eta Youssef Enriquez Yusi zelairatu ditu, partidaren joera iraultzeko asmoz. Baina Alavesen ezintasuna eta Vila-realeko jokalarien lasaitasuna nabariak ziren. Joan-etorrian ibili dira bi taldeak, arrisku handirik gabeko erasoak egiten. Lehen zatiko rolak trukatu dituzte, Alaves jokaldi luzerik egin ezinean ibili baita, eta Vila-real, berriz, goian presio egiten eta baloiak azkar berreskuratzen. Halako jokaldi batean sartu dute Alavesi punturen bat eskuratzeko ametsa guztiz zapuzteko gola. Moleirok egin du lanik handiena, eta bikain interpretatu du Mikautadzeren mugimendua. Baloia loratzeko moduan jarri dio Moleirok georgiarrari, eta hark ez du huts egin: 3-0.

Hala ere, Alavesek adorea erakutsi du azken minutuetan, eta Martinez gola sartzear izan da Carlos Vicenteren erdiraketa on bat buruz errematatu ostean, baina langaren gainetik joan zaio baloia. Martinezek berak sartu du ohorearen gola, bost minutu geroago, Vila-realen defentsaren hanka sartze batez baliatuta. Thomas Parteyk ez du asmatu baloia ateratzeko orduan, eta Gebarak moztu ostean Martinezek sareratu du baloia. Partida amaitzear zela, 90. minutuan, Alavesek eskura izan du bigarrena, azken minutuei saltsa emango ziena, baina baloia kanpora joan da, gutxigatik.

3-1 zegoen markagailua epaileak partida amaitu dela adierazi duenean. Hala, Alavesek oraindik ez ditu gainditu etxetik kanpo puntuak biltzeko zailtasunak. Garaipen bat eta berdinketa bat ditu Mendizorrotzatik kanpo, eta zazpi porrot. Hamaseigarren dago orain sailkapenean, baina atzetik dituen askok partida bat dute jokatzeko oraindik. Jaitsiera postuetatik hiru puntura dago orain, baina baliteke jardunaldi honetan egoera aldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.