ALAVES 2-1 MALLORCA

Alavesek arindu handia hartu du Mallorcari irabazita

Atsedenean 0-1 ari zen galtzen, baina emaitza irauli egin du gero, Toni Martinezek sarturiko bi golei esker. Hartara, jaitsiera postuetatik atera da, eta amaiera eman dio etxeko lehorteari, hiru hilabete baitzeramatzan Mendizorrotzan gailendu gabe.

Toni Martinez gola ospatzen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Toni Martinez gola ospatzen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 25a
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alaves kinka larrian iritsi da gaur Mallorcaren aurka jokatu duen partidara. Jaitsiera postuetan zegoen, eta estropezu eginez gero arriskua zeukan zuloan harrapatuta gelditzeko. Bada, alarma gorria piztu zaio lehen zatian, bisitariek markagailuan aurrea hartu ostean. Aurkarien golak durduzatuta utzi ditu arabarrak, eta burumakur hartu dute aldageletarako bidea. Haatik, Alavesek ez du horren erraz amore ematen. Celtaren zelaian, gai izan zen 3-0eko markagailuari buelta emateko, eta gaur ere bere onera etorri da atsedenetik bueltan, Toni Martinezen gidaritzapean. Aurrelariaren bi golek urrezko garaipena eman diote Quique Sanchez Floresek zuzentzen duen taldeari. Mallorcari aurrea hartu dio sailkapenean, eta asteburua jaitsiera eremutik kanpo amaituko du.

Gasteiztarrek bertigoa sumatu dute sailkapeneko ataka larriaren ondorioz, baina ez dira zorabiatu, eta aurrera egin dute, nortasuna erakutsiz. Lucas Boyeren lesioa kolpe gogorra izan da, eta zer esanik ez Mallorcaren lehen gola. Haatik, erreakzio kolektibo ikusgarria izan du Alavesek. Hiru hilabete zeramatzan Mendizorrotzan gailendu gabe; bada, gehien behar zuenean zabaldu du puntuen txorrota. Kolpeka itzali du alarma gorria, hamar minutuan bi gol eginda. Biek Toni Martinezen sinadura izan dute; aurrelaria indar betean iritsi da sasoiaren azken txanpara.

Alavesek grinaz ekin dio neurketari, hegaletako jokoa ardatz izanik. Angel Perez eta Abde Rebbach behin eta berriz saiatu dira hondoko marrara iritsi eta baloiak areara bidaltzen –aljeriarra eta Carles Aleña izan dira Sanchez Floresen hamaikakoko aldaketak–. Erdiraketen hartzaileak Toni Martinez eta Lucas Boye ziren, baina oso albiste txarra izan da neurketa hasi berritan: Boyek izterraren atzeko aldera eraman du eskua korrikaldi baten ondoren. Kito. Ezin zuen jarraitu. Ibrahim Diabate zelairatu da argentinarraren ordez.

Hurrengo kolpea 18. minutuan hartu dute etxekoek, eta ez da edonolakoa izan: Jan Virgilik aurretik ipini du Mallorca markagailuan. Alavesek pitzadurak izan ditu berriz ere, eta Pablo Torre eta Samu Costaren pase zorrotzek babesik gabe utzi dute arabarren defentsako egitura. Virgilik area barruan hartu du baloia, eta, jaurtiketa itzel batez, Siveraren ateko armiarma sareak kendu. Ezerezetik urrea lortu du Mallorcak, erasoan oso gutxi agertzen ari baitzen. Vedat Muriqi izan da arretagune nagusia Alavesen, baina Virgili ere kate motzean lotu beharra zegoen. Bada, kataluniarraren lehen agerraldiak ataka estuan utzi du Gasteizko taldea.

Hortik atsedenera arte, Alavesek sufritu egin du defentsako trantsizioetan, eta arazo handiak izan ditu gol aukerak sortzeko. Ezagun zuen urduritasuna. Tenaglia katarsia eragiteko zorian izan da 29. minutuan, baina haren erremate akrobatikoari erantzun bikaina eman dio Leo Romanek. Gainontzean, ezinean ibili dira arabarrak. Etekinik ezin izan diete atera lehen zatian egin dituzten erdiraketa ugariei.

Sutsu eta iraultza gosez

Aldageletatik indarberrituta itzuli da Gasteizko taldea. Erritmo bizia eman dio jokoari, eta barneraketa zorrotzak egin ditu, batez ere Angel Perezi esker. Mojica erotu egin du Huescako jokalari ohiak. Arabarrak jo eta ke zebiltzan, eta merezitako saria jaso dute 56. minutuan, korner batean. Toni Martinezek burukada indartsu batez zulatu du Mallorcaren atea. Partidako zortzigarren kornerra zuen Alavesek, eta aurrekoei baino askoz ere zuku handiagoa atera dio.

Behin neurketa orekatuta, garaipena lortzen ahalegindu dira etxekoak, erabakitasunez. 66. minutuan gertu izan du gola Blancok, baina ezin izan du Angel Perezen jokaldi dotorea biribildu. Bi minutu geroago, Alavesen hegalekoa zital agertu da berriz ere. Kasu horretan, ordea, Toni Martinez izan da protagonista. Angelekin paseak trukatu, eta berriz ere sareetara bidali du baloia. Patxada, zehaztasuna eta joa bildu ditu jokaldi bakarrean, eta zortea ere lagun izan du.

Hortik aurrera, esku artean zeukan sari baliotsuari eustea izan da Alavesen egiteko nagusia. Tenagliak argi-ilunak izan ditu: lehenik, ezerezean utzi du Morlanesen aukera garbi bat, baina gero, huts larri bat egiteko zorian izan da Siverari atzerako pase bat egiten saiatu denean. Alavesek arindu handia hartu du epaileak partida amaitutzat eman duenean. Oraindik hortzak estutu beharrean izango da, baina oso urrats garrantzitsua egin du gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA