Eduardo Coudetek Alaves zuzentzen jarraituko du. Klubak eta teknikariak akordioa egin dute, eta 2026 arte luzatu diote kontratua argentinarrari. Aste honetan bertan Sergio Fernandez kirol zuzendariak esan zuen hark segitzea nahi zutela, hura iruditzen zitzaielako egokiena taldea zuzentzeko. Entrenatzaileak ere duela egun batzuk eman zuen bere asmoen berri. «Mailari eustea lortu genuen arte, horretan nuen jarria arreta. Behin hori lortuta, datozen egunetan bilduko gara, eta ez da arazorik egongo akordioa lortzeko. Ni oso gustura nago hemen».
Coudet amaitu berri den denboraldiaren erdialdean iritsi zen taldera. Emaitzak ez ziren onak, eta Luis Garcia Plaza entrenatzailearen tokia hartu zuen. Hasieran hainbat zalek erabaki hori kritikatu zuten, eta taldeak Mendizorrotzan jokatutako zenbait norgehiagokatan Garcia Plazaren aldeko oihuak entzun ziren. Gainera, taldeari kostatu egin zitzaion jaitsiera postuetatik ateratzea. Lortu zuen, ordea. Azken-aurreko jardunaldian eutsi zion kategoriari, Valladoliden kontra. Azken neurketan arabarrek berdindu egin zuten Osasunaren aurka, eta hamabosgarren tokian amaitu zuten denboraldia. Orain, Sergio Fernandezekin batera hurrengo denboraldia prestatzen hasi beharko du Coudetek.