Alavesek eta Athleticek 25 punturekin ekingo diote Espainiako Ligako 23. jardunaldiari. Arabako taldeak Getafe hartuko du Mendizorrotzan (14:00, Movistar Plus LaLiga), eta Bizkaiko taldeak, berriz, Levanteren bisita izango du San Mamesen (16:15, Movistar Plus LaLiga). Bi taldeek oso emaitza diferenteak lortu zituzten asteazkenean, Espainiako Kopan; izan ere, Athleticek azken minutuan lortu zuen Valentziari 1-2 gailentzea, Mestallan, eta Alavesek, aldiz, 2-3 galdu zuen etxean, Realaren aurka, bi aldiz markagailuan aurrea hartu eta Toni Martinezek penalti bat huts egin ostean.
Ligari begiratuta, baina, bolada onean da Eduardo Coudeten taldea. Azken bi norgehiagokak irabazi egin ditu ligan, orain arte fin aritu diren bi talderen, hau da, Betis eta Espanyolen aurka; gainera, Toni Martinez eta Boye asmatzen ari dira ate aurrean. Getafen, aldiz, tirabira handiak daude Angel Torres presidentearen eta Jose Bordalas entrenatzailearen artean, fitxaketen kudeaketa tarteko. Galtzak bete lan eduki zuen Espainiako taldeak jokalariak erregistratzeko, eta, kalitatez larri badabil ere, Bordalasek beti lortu izan du taldea lehen mailan iraunaraztea. Aurten badirudi zailagoa izango duela hori lortzea, eta Alaves horretan saiatuko da.
Bi hilabete Ligan
Athleticek Kopan irabazi egin bazuen ere Valentziaren aurka, ligako azken garaipena abenduaren 6an lortu zuen, Atletico Madrili San Mamesen 1-0 irabazita. Geroztik, baina, lau porrot eta bi berdinketa kateatu ditu, eta zenbaitetan irudi kezkagarria ere erakutsi. Lau txapelketa izan ditu orain arte Ernesto Valverderen taldeak, eta hiru egunean behin jokatu behar izateak goitik behera astindu ditu entrenatzailearen eskemak.
Behin Txapeldunen Ligatik kanpo egonda, Valverdek onartu du irabazteko beharra dutela, eta, oraindik liga amaitzeko hamasei partida falta badira ere, puntu bakoitzak garrantzi handiagoa duela orain.
Iñaki eta Nico Williams, Sancet, Laporte eta beste hainbat jokalari min hartuta egon dira luzaro, eta, ondorioz, ezin izan dira zelairatu. Williams anaiak Realaren aurka jokatzeko moduan izan ziren joan den asteburuan, nahiz eta oraindik ere ez dauden bete-betean, agerian gelditu zenez.
Atzealdean ere arazo ugari izan ditu Athleticek; izan ere, denboraldi hasieran jakin zen Yerayri zigorra jarri ziotela, eta, horren ondorioz, jokatu gabe egon beharko du hainbat hilabetez. Laporteren fitxaketak ere ilusioa piztu zuen, baina norgehiagoka ugari egin behar izan ditu jokatu gabe, lesioak tarteko. Berriki itzuli zen, Espainiako Kopako norgehiagokan, eta Iker Monreal gaztearekin batera osatu zuen atzeko lerroko erdialdea. Txapeldunen Ligan belarrondokoa hartu ostean, ligan eta Espainiako Kopan jarria du arreta Athleticek, eta ostiralean jakin zuen Realaren aurka jokatu beharko dituela kopako finalerdiak.Â
Kontu horiek, baina, asteazkenetik aurrerakoak dira, eta, orain, txuri-gorriek Levante dute jomugan. Valentziako taldeak gora egin du Julian Calero entrenatzailea kaleratu eta Luis Castro fitxatu zuenetik, eta zortzi puntu atera jokoan izan diren hamabostetatik; Real Madrilen aurka baino ez dute galdu,Santiago Bernabeun. Hain zuzen ere, Levante bolada gozoan dela nabarmendu du Valverdek, eta zuri-gorrientzat aurkari deserosoa izango dela adierazi.
Levantek bost puntura ditu oraindik salbazio postuak, baina ukaezina da azken hilabetean gora egin duela. Etta Eyong aurrelariak neguko merkatuan alde egingo zuen zurrumurruak zabaldu ziren, baina, azkenerako, geratu egin da. Joan izan balitz, kolpe gogorra hartuko zukeen Levanterentzat; izan ere, taldeko golegile nagusia da —bost gol sartuak ditu—, eta, horrez gain, asko ematen dio taldeari.