Alavesek eta Osasunak derbia jokatuko dute gaur, biak ere bolada onean direla

Jokoan izan dituzten bederatzi puntuetatik zazpi puntu bildu dituzte bi taldeek. Quique Sanchez Flores eta Luis Miguel Ramis entrenatzaileak pozik daude sasoia nola hasi duten ikusita, baina zuhur mintzatu dira.

Osasunako eta Alaveseko jokalariak lehian, joan den denboraldian Mendizorrotzan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Osasunako eta Alaveseko jokalariak lehian, joan den denboraldia Mendizorrotzan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek eta Osasunak ezin hobeto ekin diote denboraldiari. Bi taldeek hiru partida jokatu dituzte orain arte, eta bi garaipen eta berdinketa bat lortu; hau da, jokoan izan diren bederatzi puntuetatik zazpi eskuratu dituzte. Bolada on horretan direla, derbia jokatuko dute gaur Mendizorrotzan (18:30, DAZN). 

Puntu horiek bilduta, inoizko liga hasierarik onena berdindu du Arabako taldeak. Dena den, partidaren atariko prentsaurrekoan, Quique Sanchez Flores entrenatzaileak nabarmendu zuen ez dela datuei erreparatu zalea: «Baikorra naiz taldea egiten ari den lanarekin. Baina ez dugu arreta galdu behar; diziplina da talde handi bat izateko gakoa». Aurkariaz ere mintzatu zen: «Osasuna talde deserosoa da, eta buruz buruko jokaldietan eta arlo fisikoan muturreraino eramaten zaitu». Prestatzaileak berretsi zuen «kolpe gogorra» izan dela denentzat Mikel Rodriguezek belaunean lesio larria izatea:  «Ilusio handiko jokalaria da, gaztea, eta gogorra da halako egoera batean ikustea». Gaurko norgehiagokari begira, Toni Martinez da Sanchez Floresen zalantza nagusia. Osatzen ez bada, Mariano arituko da haren tokian.

Osasunako berritasun nagusia Romain del Castillo da. Luis Miguel Ramisek deialdian sartu du talde gorritxoaren fitxaketa. Kanpoan geratu dira, aldiz, Herrando eta Aimar Oroz, Getaferen aurkako partidan min hartu baitzuten. Sanchez Floresen antzera, Ramis zuhur mintzatu zen orain arte batutako puntuen inguruan: «Ez digute irabazteko aukera berezirik emango. Taldea ondo entrenatu da, eta saiatu gara astelehenean ondo egin ez genituen gauzak konpontzen». Kontatu zuen Alaves talde «ordenatua» dela, eta aurkaria «asko estutzen» dutenetakoa: «Bi aurrelarirekin jokatzen du, eta jokalari bizkorrak ditu hegaletan. Adi egon beharko dugu defentsako lanean».

Realak, berriz, Elxen zelaian jokatuko du bihar (21:30, La Liga), ostegunean Celtaren aurka husna berdindu eta gero.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA