Futbola

Alavesek eta Osasunak kanpoan baretu nahi dute barrua

Urteko lehen garaipenaren bila ariko dira gaur, Vila-real eta Gironaren zelaietan, hurrenez hurren. Biek hiru puntura dituzte jaitsiera postuak, eta irabazteak lasaitasuna emango lieke. Nafarrek errazago izango dute arabarrek baino.

Alaves-Osasuna. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Guridi eta Aimar Oroz, lehian, Alavesek eta Osasunak Mendizorrotzan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko urtarrilaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mailari eustea garesti egongo da aurten Espainiako Lehen Mailan. Taldeak jardunaldi honetan iritsiko dira lanen erdietara, eta gauzak oso estu daude sailkapenaren beheko aldean. Horren erakusgarri da Osasuna eta Alavesen egoera: postuari begiratuta, ez daude ataka estuan —hamabigarren eta hamahirugarren amaitu zuten azken jardunaldia, hurrenez hurren—, baina gauzak bestelakoak dira puntu kopuruari dagokionez: hiru puntu eskasera dituzte jaitsiera postuak. Tropel handia osatu da galbidea dakarren eremutik hurbil, eta pixkanaka bertatik aldentzea da arabarren zein nafarren helburua. Lasaitua hartuko lukete gaur irabazteko gai izango balira.

Presiopean daude Alaves eta Osasuna, eta zailtasun gehigarri moduan, etxetik at jokatuko dute biek ala biek. Bereziki erronka zaila du Eduardo Coudetek zuzenduriko taldeak, ligako aurkaririk indartsuenetako bat izango baitu aurrean: Vila-real (16:15, DAZN). Horiak hirugarren daude sailkapenean, eta ez dituzte horren urrun lehen bi sailkatuak, Bartzelona eta Real Madril —haiek baino bi lehia gutxiago dituzte jokatuak—. Indar betean daude, zazpi garaipen lortu baitituzte azken zortzi jardunaldietan. Alavesen joera, ordea, oso bestelakoa da: jokoan izan diren azken 21 puntuetatik lau besterik ez ditu poltsikoratu. Gainera, bisitari gisa ez du garaipenik lortu sasoi hasieran Athletici San Mamesen gailendu zitzaionetik.

Azken bi partidetan emandako irudia da arabarrak gehien kezkatzen dituena. Sadarren 3-0 galdu zuten 2025eko azken partidan, eta urte berria beste emaitza txar batekin hasi zuten, ez baitziren Oviedo menderatzeko gai izan (1-1). Nahitaez irabazi beharreko neurketa zen azken hori, azken sailkatua hartu baitzuten Mendizorrotzan. Bada, Siveraren geldituengatik eta Lucas Boyek faltaz egindako artelanarengatik izan ez balitz, Alaves esku hutsik geratuko zatekeen seguru asko. Defentsan ahuldu egin da Coudetek eraikitako egitura, eta adreiluak bere tokian ipini ezean, sufrikarioa izan lezake gaur Vila-realen aurka. Erasoan ere badute zer hobetu arabarrek, azken zazpi partidetan gol bakarra sartu baitute gehienez. Gaur, gol gutxien jaso duen defentsari egin beharko diote aurre.

Zorrotzago jarduteko modu bat eskuin hegalean Carlos Vicente ipintzea izan liteke. Azken bost partidetan ordezko gisa jardun du, Calebek aurrea hartu baitio. Goi-goian, berriz, litekeena da Toni Martinezek jokatzea, Boye kili-kolo baitabil fisikoki. Denisek, berriz, ez du jokatzeko baimenik; baldintza hori ipini zuen Vila-realek haren fitxaketari onespena emateko. Benavidezek zigorra bete beharko du; Victor Paradak bete du dagoeneko.

Garairik gozoenean

Alaves ez bezala, bolada onean dago Osasuna. Alessio Lisciren proiektuak zalantza asko piztu zituen denboraldiko lehen hilabeteetan, baina gauzak aldatu egin dira etxean Realaren aurka 1-3 galdu zutenetik. Kolpe hura mugarria izan zen gorritxoentzat, eta geroztik hazi egin dira partidaz partida. Azken bost jardunaldietan, soilik Bartzelonak hartu ditu mendean, eta, galdu arren, izerdiarazi egin zuten ligako liderra. Sadarren Levanteri eta Alavesi irabazi izanak arnasa eman die, eta urteko lehen partidan jarraipena eman zieten sentipen onei, Athleticen aurka. Ezin izan zuten irabazi (1-1), baina lehiakortasun aldetik zenbait koska igo dituztela berretsi zuten. Hortaz, bolada onean egingo diote bisita Gironari (18:30, Movistar).

Baliteke urtarrilean jauzi handia egitea Osasunak, hiru aurkari zuzenen kontra jokatuko baitu jarraian: gaur Gironari aurre egin ondoren, Oviedo eta Rayo Vallecano izango ditu aurkari datozen partidetan. Nafarren erronka nagusia etxetik kanpo irabaztea izango da, oraindik ez baitute garaipenik lortu bisitari gisa. Ez dute gehiago itxaron nahi, eta bolada gaur bertan apurtzen saiatuko dira, Montilivin. Girona etsiak jota ibili da luzaroan, baina bi garaipen lortu ditu azken hiru jardunaldietan, eta horren ondorioz, jaitsiera postuetatik irten da aspaldiko partez. Liscik eskuragarri ditu jokalari guztiak, Boyomo eta Benito izan ezik. Abel Bretones bueltan da, zigorra bete ostean, eta ikusteko dago tokia kentzen dion Javi Galani, zeinak debut ikusgarria egin zuen Athleticen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.