Futbola

Alavesek eta Realak derbia jokatuko dute Kopako final-laurdenetan, Mendizorrotzan

Athleticek Valentzia izango du aurkari, Mestallan. Partidak otsailaren 3an, 4an eta 5ean jokatuko dituzte.

Alaves eta Reala elkarren aurka, ligan jokatutako azken partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaves eta Reala elkarren aurka, ligan jokatutako azken partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urtarrilaren 19a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal taldeek gaur jakin dute noren aurka ariko diren Espainiako Kopako final-laurdenetan, eta, zoriak hala ebatzita, beste derbi bat jokatuko da: Alavesek eta Realak elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak, Mendizorrotzan. Athleticek, berriz, Valentzia izango du aurkari, Mestallan. Partidak otsailaren 3an, 4an eta 5ean jokatuko dira.

Horiek horrela, txuri-urdinek berriro ere euskal talde bat izango dute aurkari, final-zortzirenetan Osasuna kanporatu baitzuten, penaltietan. Hain zuzen, Gipuzkoako taldeak Negreira, Reus, Eldense eta Osasuna kanpoan utzita lortu du final-laurdenetara iristea. Osasunaren aurka kostata egin zuen aurrera, halere. 0-2 aurretik jarri ziren gorritxoak, baina txuri-urdinek partida berdintzea lortu zuten, eta penaltietan erabaki zen lehia. Unai Marrero atezaina erabakigarria izan zen. Oraingo honetan, etxetik kanpo jokatuko dute, baina ez oso urrun: Gasteizen. 

Alaves ez dabil fin ligan, eta jaitsiera postuetan dago oraintxe. Kopan, ordea, bestelakoa da egoera. Ez diote golik sartu, eta atea hutsean utzita kanporatu ditu Getxo (0-7), Portugalete (0-3), Sevilla (1-0) eta Rayo Vallecano (2-0). Bolada horri segida eman nahi dio. Zortzi denboraldi eta gero sailkatu dira gasteiztarrak Kopako final-laurdenetarako, eta finala dute amets. Horixe nabarmendu du Antonio Sivera atezainak. Ligan abenduan jokatu zuten elkarren aurka, Mendizorrotzan, eta Alavesek 1-0 irabazi zuen.

Gauza bat dago argi: euskal talde bat behintzat ariko da finalerdietan.

Athletic, etxetik urrun

Ez da denboraldi erraza izaten ari zuri-gorrientzat, eta ez dira ari nahi bezala. Ez joko aldetik, ez emaitza aldetik. Baina, hala ere, Kopako final-laurdenetan daude, Ourense eta Cultural Leonesa luzapenean kanporatuta. Zaleen hauspoa izatea gustatuko litzaieke bilbotarrei, beharrezkoa dute, baina etxetik kanpo jokatzea egokitu zaie: Mestallan ariko dira Valentziaren aurka. Ligan bosgarren jardunaldian jokatu zuten, eta Valentziak 2-0 irabazi zuen.

Dena den, ez da aurkari zailena, bazeudelako talde ahaltsuagoak. Kanporaketa horiez gain, hauek dira beste bi lehiak: Albacete-Bartzelona eta Betis-Atletico Madril. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.