Pozak astebete eskas iraun dio Alavesi. Joan den asteburuan ligako estreinako partidan Levanteri irabazi ondoren, pozak lehertu beharrean geratu ziren Mendizorrotzan bildutako jarraitzaileak. Bide berari eutsiz, baikor ziren gaur Betisen zelaian irabazi eta seitik sei puntu biltzeko, baina joko onari ez dio zukurik atera Eduardo Coudeten taldeak. Ondo jokatu du taldeak, eta askoz gehiago merezi izan du. Fisikoki ahalegin galanta egin dute jokalariek, eta bolada luzez gustagarri jokatu dute. Golen bat sartzea falta izan zaie; gauzarik zailena, alegia. Gola sartu duen bakarra Betis izan da, eta horixe aski izan du hiru puntuak etxean atxikitzeko. Hala, gasteiztarrek hiru punturekin jarraituko dute sailkapenean.
Nortasun handiarekin ekin dio partidari Alavesek. Oraindik abuztua izanagatik, sasoi onean zelairatu dira jokalariak, eta, hirugarren minutua betetzerako, Jon Guridik oso gertu izan du lehen gola. Maisuki izkin egin dio atzelariari, baina Pau Lopez Betiseko atezainak geratu dio jaurtiketa. Gasteiztarrak gehiago izan dira lehen minutuetan, batez ere zelai erdian izan duten nagusitasunari esker. Aleñak ezker hegaletik erdira egiteko joera hartu du, eta beti Alaveseko jokalariren bat libre egon da baloia jasotzeko. Zerbait eskatzen hasita, erasoan sakontasun handiago falta izan du Coudeten taldeak. Gustagarri jokatu du hastapeneko minutuetan, baina gol aukera gehiago sortzea falta izan zaio.
Minutuek aurrera egin ahala, Betisek neurria hartu dio lehiari. Fisikoki aurkariaren parean jarri dira espainiarrak, eta pixkanaka nagusitzen hasi dira. Hots, gutxi behar izan dute 1-0ekoa egiteko: kasik lehen gol aukera garbian aurreratu da Manuel Pellegriniren taldea. Jokaldi nahasi batean hiru erremate jarraian egin ditu etxeko taldeak, eta, azkenean, Lo Celsok bidali du baloia sarera, 16. minutuan. Alaves bigun aritu da defentsan, eta garesti atera zaio. Siverak ezin izan du deus ere egin gola eragozteko.
Nola ez, golak min egin dio Alavesi, baina ongi eta azkar erreakzionatu du. Erritmo bizian jokatzen jarraitu du, konfiantzaz, eta jokoan Betis baino gehiago izan da. Baloiarekin eroso sentitu dira jokalariak, eta defentsako lanean ere azkar berreskuratu dute jokoaren ekimena. Guridi oso parte hartzaile aritu da, baina, lehen minutuetan bezala, sakontasuna falta izan zaio taldeari. Toni Martinez oso bakarrik ibili da aurrelari lanetan, eta hegaletatik jasotako erdiraketa bakar bat bera ere ez du errematatu. Betis apenas arrimatu da Siveraren area ingurura, baina beharrik ere ez du izan.
Alavesek baloi geldiaren bidez baino ez du gertu izan berdinketaren gola. Besteak beste, 38. minutuan Garcesen burukada sarera joateko zorian izan da, baina Pau Lopezekin egin du topo. Lehen jardunaldian ere baloi geldiaren ondorioz sartu zituen bi golak Alavesek, eta gaur ere fin aritu da arlo horretan. Dena den, atsedenaldira amorruz joan dira gasteiztarrak, gehiago merezi izan baitute.
Aldaketak, oso goiz
Bigarren zatiari oldarkor ekin diote bi taldeek. Helburu bat eta bakarra izan dute: aurkariari arnasa hartzeko betarik ere ez uztea. Alaves ahalegindu da lehengoari eusten, baina zailtasunak izan ditu jokaldiak taxuz osatzeko. Hori ikusita, hiru aldaketa oso goiz egin ditu Coudetek: 58. minutuan, hain zuzen. Guridik, Ibañezek eta Toni Martinezek utzi dute zelaia Gebararen, Marianoren eta Rebbachen mesedetan. Esanguratsua izan da Guridi zelaitik kendu izana, hura izan baita gasteiztarren jokalaririk onena: erasoko jokaldi guztietan agertu da. Dena den, aldaketek freskotasuna ekarri diote taldeari.
Mariano baloi luze guztietan lehiatu da, eta, halaxe, falta arriskutsua lortu du bere taldearen alde, Betisen areatik gertu. Rebbachek jaurti du falta hori, eta, jaurtiketa ona egin duen arren, Pau Lopezekin egin du topo. Beste aldean ere erabakigarri aritu da Sivera, birritan eragotzi baitu etxekoen bigarren gola. Geldiketa apartak egin ditu Bellerinek eta Pablo Garciak jaurti dutenean. Bi taldeek izan dituzte gol aukerak, baina ez du inork asmatu baloia sarera bidaltzen.
Minutuek aurrera egin, eta etxeko taldeak ofizioa zelairatu du azken txanpan. Zakur zaharra da Pellegrini, eta ongi kudeatu ditu azken minutuak. Jokalariek denbora galtzea izan dute lehentasun, eta aldaketek ere patxada eman diote Betisi. Gorputz eta arima saiatu da Alaves berdinketaren gola sartzen, baina ez du asmatu. Batez ere, gola falta izan zaio. Bada, aurrerantzean beste aurrelari bat izango du Coudetek bere esanetara, klubak jakinarazi baitu Lucas Boye argentinarra fitxatu duela 2029ra arte.
Betis-Alaves
Betis. Pau Lopez; Bellerin, Bartra, Natan, Firpo (Rodriguez, 70. min); Altimira, Fornals; Ruibal, Lo Celso (V. Gomez, 85. min), Riquelme (Pablo Garcia, 58. min); eta Cucho Hernandez (Bakambu, 85. min).
Alaves. Sivera; Jonny Otto, Garces, Tenaglia, Parada (Calebe, 77. min); Blanco (Pinillos, 88. min), Guridi (Rebbach, 58. min), Pablo Ibañez (Gebara, 58. min); Aleña, Carlos Vicente eta Toni Martinez (Mariano, 58. min).
Golak. 1-0: Lo Celsok (16. min).