Emaitza aldetik apal dabil Alaves, baina ezin ukatuzko indarra dauka gauzak okertzen zaizkionean. Jaitsiera postuak zapaldu bezain pronto, garaipenen bidera itzuli izan da sasoi honetan. Hala gertatu zen Betisen eta Mallorcaren aurka. Haatik, joera ez da arau bihurtu, gaur arabarrak ez baitira Elxen zelaian irabazteko gai izan: bana berdindu dute. Hartara, amildegi ertzean jarraitzen dute. Markagailuan aurretik izan dira bigarren zatian, baina Elx suspertu egin da, eta gutxi falta izan zaio partida irabazteko. Lortutako puntuak aho zapore gazi-gozoa utzi die gasteiztarrei; erabakigarria suerta dakieke sasoi amaieran, baina oraingoz, ez die putzutik ateratzeko balio.
Lehen zatia oso itxia izan da, baina bigarren zatian kolpeak trukatuz aritu dira bi taldeak. Lehena bisitariek eman dute, Toni Martinezen bidez. Aurrelariak penaltiz aurreratu du Alaves. Gero zelaia utzi behar izan du, minez, eta hortik gutxira iritsi da Elxen berdinketa. Etxekoak hazi egin dira markagailua orekatu ondoren, eta setiatu egin dute Alavesen area. Haatik, gasteiztarrek izan dute neurketako azken abagunea, eta ez da edonolakoa izan: baloia zutoinera bidali du Aitor Mañas gazteak. Asmatu izan balu, neurketa hamabigarren postuan amaituko zukeen Alavesek. Sailkapena oso estu dago, eta gol batek dena alda dezake.
Lau gol jaso zituen Arabako taldeak Athleticen aurka, eta halere, atzeko lerroan ez du aldaketarik egin Quique Sanchez Floresek. Zelai erdian, berriz, Jon Guridi Denis Suarezen ordez ipini du, eraiste lana sormenaren aurretik jarrita. Irmotasunik eza ia obsesio bilakatu da Alavesen teknikariarentzat, eta oldarkorrago jokatzeko agindua eman die gaur jokalariei. Bigunegi aritu izana leporatu zien Athleticen aurka; bada, Elxen zelaian, aurkariaren jokaldi arriskutsuak faltaz eteten saiatu dira. Lehen ordu erdia betetzerako, txartel horia zuten jada Pablo Ibañezek eta Antonio Blancok. Grina neurtzea komeni zen, baina ez zen erraza, asko baitzegoen jokoan.
Tentsioa hasieratik izan da pil-pilean. Tenagliak Alvaro Rodriguezekin talka egin du aulkietatik gertu, eta jarraian, elkarri begirada desafiatzailea zuzendu diote Alaveseko kapitainak eta Eder Sarabiak, Elxen teknikari bilbotarrak. 5-3-2 sistemaren baitan egituratu du hark etxeko taldea, eta eskema berbera erabili du Sanchez Floresek. Ispilu aurrean ipinita, elkar deuseztatu dute bi taldeek neurketaren hasieran. Haatik, Elxek gora egin du pixkanaka, arabarren baloi galerak baliatuta. Presiopean, kale egin dute Blancok, Ibañezek, Rebbachek… Eta Sivera bera ere baloia galtzear izan da areatik atera den jokaldi batean.
Erasoan, asko kostatu zaio Alavesi zelaiaren beste muturrera iristea: atera behin ere ez du baloia jaurti lehen zati osoan. Angel Perezen agerraldiek piztu dute bakarrik Gasteizko taldea. Lehenik, Pablo Ibañezekin jokaldi ederra egin du Huescatik iritsitako jokalariak, baina Toni Martinezek ezin izan du biribildu. Gero, atsedenera bidean, atzelariak dantzan ipini ditu Angelek, eta korner bat behartu du gutxienez. Gola, dena den, oso urrun zuen Alavesek.
Hautsi, baina ezin eutsi
Gauzak zeharo aldatu dira atsedenetik bueltan. Sanchez Floresek aulkian utzi du Pablo Ibañez, eta Denisen txanda zela erabaki. Galiziarrari esker, nabarmen egin du hobera Alavesen jokoak. Beste argitasun eta txinparta batez egin du eraso, eta laster jaso du saria: 49. minutuan penaltia egin diote Guridiri. Toni Martinezek ez du hutsik egin. Gero, Denis areaz kanpotik saiatu da, eta Diabatek bi abagune on izan ditu. Aski zela esan du Elxek, eta lanean jarri du Sivera. Geldiketa sorta ederra egin du Alavesen atezainak. Guridik, berriz, langa dardarka ipini du, eta Tonirentzat ez da beste aukerarik izan, min hartu baitu.
Hortik aurrera, sufritu besterik ez du egin Alavesek. 72. minutuan erdiraketa bikaina egin du Josanek, eta Alvarok buruz gainditu du Sivera. Jo eta ke aritu dira etxekoak, baina Mañasek izan du aukerarik onena. Alavesek, azkenean, puntu bat eskuratuta hartu du etxerako bidea. Partida ez, baina golen aldea gutxienez irabazi dio Elxi.
ELX-ALAVES
Elx. Dituro; Morente (Josan, 67. min), Chust (Sangare, 85. min), Affengruber, Raul Bigas, Valera; Gonzalo Villar, Aguado (John, 85. min), Febas (Diang, 67. min); Alvaro eta Andre Silva.
Alaves. Angel Perez, Jonny, Tenaglia, Parada, Abde; Ibañez (Denis, 46. min), Blanco, Guridi (Gebara, 82. min); Toni Martinez (Yusef, 67. min) eta Ibrahim (Protesoni, 82. min).
Golak. 0-1. Toni Martinezek, penaltiz (51. min). 1-1. Alvarok (72. min).