Alavesi gutxi falta izan zaio Madrildik puntu bat ekartzeko. Arabako taldeak sufrituta eutsi dio berdinketari lehen zatian, gola sartu diote bigarrenaren hasieran, baina hortik aurrera Atletico Madril baino hobea izan da, eta gola sartzeko abagune onak ere izan ditu. Ez du bat bera ere sartu, ordea. Ligan lau jardunaldi daramatza irabazi gabe, eta jaitsiera postuetan dago.
Kopan Rayoren aurka lortutako garaipenaren bultzadarekin heldu da Alaves gaurko lehiara. Eduardo Coudet prestatzaileak zenbait aldaketa egin ditu hamaikakoan, eta, besteak beste, Lucas Boye aurrelaria itzuli da deialdira zenbait asteren ondoren.
Lehen minutuetan baloia Alavesek eduki du, baina gutxinaka Atletico egin da haren jabe. Madrilgo taldeak ahaleginak egin ditu arriskua sortzeko, baina Coudeten taldea sendo aritu da defentsa lanetan, eta Sivera agertu da beharrezkoa izan denean. Lehen zatiaren amaieran izan dituzte gol aukera argienak etxekoek; hirukoitza ere izan da bat, baina atepean Paradak urrundu du baloia.
Azkenean, aldagelatik itzuli eta bi minutura heldu da gola, 47. minutuan. Barriosen erdiraketa bat bikain errematatu du buruz Sorlothek; zutoinean jota sartu da baloia sarera.
Lau aukera luzapenean
Coudetek hiru aldaketa egin ditu —Gebara, Denis Suarez eta Boye zelairatu dira—, eta aurrerapauso bat eman du Alavesek. Atletico Madrilek ere izan ditu tartea handitzeko abaguneak; argiena, Baenak zutoinera jaurti duen bat.
Azken hogei minutuetan bai, etxeko taldea baino hobea izan da bisitaria. Bost defentsako lerroa jarri du Atleticok, eta erasora jo du Alavesek. Luzapenean gola sartzeko zorian izan dira lau aldiz: Pachecok lehenengo, Abdek gero eta Boyek izan ditu azken bi aukerak. Baloiak ez du atean sartu nahi izan, ordea, eta partida txarra jokatu ez duen arren, sailkapenean gora egiteko lanean segitu beharko du Alavesek.