Alaves etxean garaiezina zela zirudien, baina gauzak zer diren. Galdu egin du zaleen aurrean Valentzia azken sailkatuaren aurka: 0-1 amaitu da lehia. Gainera, Luis Riojak sartu du partidako gol bakarra, Alaveseko jokalari izandakoak. Gasteizko taldeak ez du partida txarra jokatu, eta, oro har, aurkaria baino hobeto aritu da. Baina ez du asmatu ate aurrean, eta garesti ordaindu du azkenean. 78. minutuan egin du gola Riojak. Gozatzera joan dira zaleak Mendizorrotza estadiora, baina uste baino tristeago atera dira handik. Izan ere, Alavesek sasoi hasiera ona egin badu ere, galdu egin ditu azken bi partidak.Â
Joan-etorri asko izandira lehen minutuetan. Ez Alavesek ez Valentziak ez dute lortu jokoan nagusitzea, eta alde batetik bestera korrika saio ugari egin dituzte jokalariek. Hala ere, lan handirik ez dute izan atezainek, bisitariak estutzen hasi diren arte: lehen aukera garbian, sarera bota du baloia Valentziak, 17. minutuan, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du, VAR sistema erabilita. Oso gutxigatik izan da.
Susto hori abisua izan zitekeen Alavesentzako, adi egoteko. Baina gasteiztarrek erantzun beharrean, Valentzia izan da konfiantza hartu duena, eta hurrengo minutuetan ere hura izan da arrisku gehien sortu duen taldea. Siverak erne egon behar izan du.
Egoerari buelta emateko, urratsa aurrera egin behar zuen Alavesek, eta egin du. Presio itogarria egin dio Valentziari, eta baloi arriskutsu zenbait lapurtu. Berriro ere pareko jarri da partida, eta lehia ikusgarria izan dute bi taldeek. Erritmo bizian jokatu dute, eta baloi guztiak borrokatu dituzte.
Angel Perez izan da Alaveseko jokalaririk arriskutsuena. Eskuin hegalean gora eta behera aritu da, tximista bezala, eta buruhauste ugari eman dizkie Valentziako atzelariei. 40. minutuan hark egindako erdiraketa bakar-bakarrik errematatu du Pablo Ibañezek, buruz, baina kanpora bota du. Eta lehen zatiko azken jokaldian gertu izan du gola: hark egindako jaurtiketa, ordea, Dimitrievskik geratu du.
Bukaeran, kolpea
Lehen zatia amaitu antzera hasi da bigarrena. Gola nahi zuen Alavesek, eta horren bila joan da. Lehen aukera garbia 56. minutuan izan du. Toni Martinezek egindako jaurtiketa, baina, gutxigatik joan da kanpora. Valentziari kostatzen ari zitzaion jokaldiei segida ematea, eta ondo aprobetxatu du hori etxeko taldeak.
Erasoko jokoari beste bultzada bat emateko, aldaketak egin ditu Quique Sanchez Floresek: Yusi eta Mariano sartu ditu Denis Suarezen eta Toni Martinezen ordez.Â
Baina, azkenean, asmatu duena Valentzia izan da. Luis Riojak sartu du gola, 78. minutuan; Alaveseko jokalari ohiak, hain zuzen. Javi Guerrak pase bikaina eman dio, eta atezainaren aurrean ez du huts egin. Zaleei barmakena eskatu die ospakizunean, baina gola berdin-berdin igo da markagailura. Hortik gutxira, bigarrena gertu izan du Valentziak, kontraeraso batean. Epaileak azken txistua jo arte saiatu da Alaves partida berdintzen, baina ez du lortu, eta galdu egin du.
Ez da giro Valentzian, baina urrezko hiru puntu lortu ditu gaur. Alavesen aurka aritu aurretik, ligan jokatutako bost partidetatik lau galdu zituen, eta bat berdindu. Ondorioz, klubak kargutik kendu zuen Carlos Corberan entrenatzailea, eta Oscar Sanchezek hartu zuen haren lekua, behin-behinean. Lehen aldiz eseri da gaur aulkian. Bada, apustua ondo atera zaio.
Kontrara, Alavesek aurrez etxean jokatutako hiru partidak zituen irabaziak, baina gaur, azken sailkatuaren aurka, esku hutsik geratu da.
Alaves-Valentzia
Alaves. Sivera; Tenaglia, Koski, Valentini; Angel (Aleña, 85. min.), Pablo Ibañez, Antonio Blanco (Gebara, 85. min.), Denis Suarez (Yusi, 67. min.), Rebbach (Rodriguez, 85. min.); Lucas Boye eta Toni Martinez (Mariano, 67. min.).
Valentzia. Dimitrievski; Maffeo (Martinez, 82. min.), Pepelu, De Haas (Cordoba, 82. min.), Gaya; Ugrinic, Mayol, Guido (Otorbi, 70. min.), Danjuma; Javi Guerra eta Hugo Duro (Rioja, 63. min.; Vazquez, 82. min.).
Golak. 0-1: Riojak (78. min.).