Rayo 1- Alaves 1

Alavesek galdu gabe jarraitzen du Butarquen Rayoren aurka berdindu ostean

Camellok jarri du aurretik etxeko taldea, 48. minutuan, eta Marianok berdindu du norgehiagoka, 84. minutuan. Dominikar Errepublikako jokalariak aurten erdietsi duen bigarren gola izan da.

Rayoko Pelayo eta Alaveseko Lucas Boye, norgehiagokan. KIKO HUESCA/EFE
Rayoko Pelayo eta Alaveseko Lucas Boye, norgehiagokan. KIKO HUESCA/EFE
2026ko abuztuaren 21a
08:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bana berdindu du Alavesek Butarquen Rayo Vallecanoren aurka. Bigarren zatia hasi eta hiru minutura, Camellok aurreratu du etxeko taldea. 84. minutuan, ordea, Rayo Vallecanoko atzealdeak egindako oparia baliatu du Marianok, eta, markagailuan berdinketa ezartzearekin batera, denboraldiko bigarren gola erdietsi du. Aukera askoko norgehiagoka izan da, baina azkenean berdinketan amaitu da.

Dinamika ezberdinetan iritsi dira Lehen Mailako bigarren jardunaldiko norgehiagokara Rayo Vallecano eta Alaves. Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak azken hatsean galdu zuen Sevillaren aurka (2-1). Arabako taldeak, berriz, egurra eman zion Getaferi Mendizorrotzan (3-0). Gainera, azken unera arte ez da jakin non jokatuko zen norgehiagoka, eta horrek urduritasuna eragin du Madrilgo eta Arabako taldeetako zaleen artean.

Kontuak kontu, bi taldeek errespetua erakutsi diote elkarri hasieratik. Rayo hobeto sartu da norgehiagokan, baina Alavesek erritmoari eustea lortu du. 17. minutuan, ordea, Isi Palazon Rayoko iparrorratzak min hartu eta zelaia utzi behar izan du. Hortik aurrera, bi taldeek izan dituzte abaguneak, baina sarea haustea garesti zegoen. 36. minutuan, Munuera Montero epaileak baliorik gabe utzi du Rayoren gola. Pelayok kornerra sareetara bota du, baina epaileak Sivera oztopatu duela iritzi dio, eta, ondorioz, baliorik gabe utzi du gola.

Berdinketarekin heldu da norgehiagoka lehen zatiaren amaierara. Bigarrena hasi eta berehala, Alavesen atzealdeko arazoak agerian geratu dira; izan ere, Camello errazegi sartu da area barrura, eta 1-0eko emaitza ezarri du markagailuan. Une zailak izan dira Alavesentzat, baina Quique Sanchez Floresek zuzendutako taldeak ez du amore eman, eta erasoan jarraitu du.

Piztia berpiztu da

Joan den astean, gol bat erdietsi eta gola sartzeko bi pase eman zituen Mariano Diaz Alaveseko aurrelariak. Gaur ere ordezko gisa atera da, eta 84. minutuan Ratiuk atzera emandako pase okerra hartu eta maisuki gainditu du Cardenasen atea. Banako berdinketa izan da hori, eta poza zen nagusi Arabako taldeko kideen artean. Alaves gehiago izan da azken minutuetan, eta Toni Martinezek zeruetara bidali du ahoko zuloan eduki duen aukera.

Norgehiagoka honen ostean, Quique Sanchez Floresen taldea lau punturekin da. Hurrengo norgehiagoka Vila-realen aurka jokatuko du, datorren ostiralean, Mendizorrotzan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA