Futbola

Alavesek Getxo kanporatu du Espainiako Kopan

Arabako taldeak agerian utzi du alde handia dagoela bi taldeen artean, eta nagusitasun handiz irabazi dio Bizkaikoari: 0-7. Eguesibarrek 1-5 galdu du Andorraren kontra, eta lehiaketatik kanpo geratu da.

Mariano Diaz. LUIS TEJIDO / EFE
Mariano Diaz, goletako bat ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko urriaren 30a
21:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko bost talde ariko dira Espainiako Kopako bigarren kanporaketan. Reala asteartean sailkatu zen. Osasuna, Eibar eta Portugalete, berriz, asteazkenean. Gaur, berriz, Alavesek egin du urratsa bigarren kanporaketara. Beste euskal talde bat kanporatu du hori egiteko: Getxo. Nagusitasun handiz irabazi dio Gobelan: 0-7. Eguesibarrek ere gaur jokatu du, baina hark 1-5 galdu du Andorraren aurka, eta lehiatik kanpo geratu da.

Sailkatu diren bost euskal taldee horiek azaroaren 11n jakingo dute noren kontra ariko diren bigarren kanporaketan. Egun horretan egingo dute zozketa. Abenduaren 2an, 3an eta 4an jokatuko dituzte kanporaketa horretako partidak. Bigarren kanporaketa horretan ere ez da ariko Athletic. Espainiako Superkopa jokatuko duenez, talde zuri-gorria ez da ariko lehen bi kanporaketetan, eta, hirugarrenean ekingo dio lehiari, hau da, final-hamaseirenetan.

Alavesek ez du huts egin. Faborito argia zen, alde handia baitago haren eta Getxoren artean: zehazki, bost maila daude bi talde horien artean. Hori kontuan hartuta, Arabako taldeak irabazteko obligazioa zuen. Getxok, ordea, ez zuen ezertxo ere galtzeko. Ilusioa, aldiz, gainezka zuen. Ez da harritzekoa, lehen aldiz ariko baitzen Espainiako Lehen Mailako talde baten kontra. Hori aski ez, eta euskal talde baten kontra jokatuko zuen. Horrek xarma handiagoa emango zion kanporaketari. Etxekoen babesean ezustea eman nahi zuen Bizkaiko taldeak.

Baina obligazioak gain hartu dio ilusioari, eta Alaves ez da utzi ezustean harrapatzen. Eduardo Coudet gasteiztarren entrenatzaileak azkenaldian titular ez diren jokalari askoren alde egin du. Hala ere, alde oso handia dago Alavesen gutxiago jokatzen dutenenen eta Getxoko jokalarien artean. Eta berehala ikusi da hori. Marianok gola sartu du partida hasi eta berehala, zortzigarren minutuan. Alavesek lehen zatian sartu dituen lau goletako lehena izan da. Marianok sartu du hurrengoa, eta Carlos Vicentek hurrengo biak. Atsedenaldian, erabakita zegoen neurketa. Soberan zegoen bigarren zatia. Baina Alaveseko jokalariak ez dira lasaitu, eta jo eta ke jarraitu dute. Horri esker, beste hiru gol sartu dituzte: Marianok egin du bosgarrena, bere hirugarrena; Morcillok, seigarrena; eta, Toni Martinezek, zazpigarrena.

Eguesibarrek, berriz, ezin izan du ezustean harrapatu Andorra. Hiru maila daude bi talde horien artean, eta zelaian ikusi da hori. Andorrako euskal jokalariak izan dira Nafarroako klub horren borrero, talde horrek sartu dituen bost goletatik hiru egin baitituzte euskal jokalariek: Martin Merquelanzek, Alex Petxarromanek eta Aitor Uzkudunek. Hasier Iriartek sartu zuen etxekoen gol bakarra.

Iker Benitok ez du gehiago jokatuko sasoi honetan

Osasunak azaroaren 11n jakingo du noren aurka ariko den bigarren kanporaketan. Talde gorritxoak, hala ere, badaki Iker Benitok ez duela jokatuko partida hori, ezta denboraldia bukatu artekoak ere. Izan ere, Osasunako eskuin hegaleko atzelariak min hartu zuen asteazkenean Sant Jordiren aurkako neurketan, eta egin dioten azterketa medikuaren arabera, hautsita du eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua. Beraz, ez du gehiago jokatuko sasoi honetan. Valentin Rosier, taldeko beste eskuin hegaleko atzelaria ere min hartuta dago, urtarrilera arte. Beraz, Osasunak jokalariren bat fitxatu beharko du neguko merkatuan postu horretan aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.