Alaves 2-1 Espanyol

Alavesek gogotik sufrituta irabazi dio Espanyoli Mendizorrotzan

Lehen zatian 2-0 aurreratu dira arabarrak, baina bigarrenean gola sartu dute bisitariek, Boyeri txartel gorria atera diote, eta gogotik sufritu dute azkenerako babazorroek.

Alaveseko jokalariak Lucas Boyeren gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak Lucas Boyeren gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko azaroaren 2a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garaipen handia eskuratu du Alavesek Mendizorrotzan. Gasteizko taldeak 2-1 irabazi dio denboraldia bikain hasi duen talde bati, Espanyoli, izerdia gogotik botata. Denis Suarezek eta Lucas Boyek egin dituzte etxekoen golak lehen zatian, baina bigarrengoan aldea murriztu du Roberto Fernandezek, Boyeri txartel gorria atera diote, eta ederki sufrituta amaitu dute partida Alaveseko jokalariek eta zaleek.

Hasi eta gutxira heldu da lehen gola. Baloia ezker hegaletik erdiratu du Alavesek, defentsako jokalari batek desbideratu du, eta Suarezek bakar-bakarrik errematatu du penalti puntutik. Golaren ostean, erasoan segitu dute etxekoek, eta abagune ederrak izan dituzte Yusik, Calebek eta Boyek. Bikain erantzun die guztiei Dmitrovicek.

Espanyol ordu erdia pasatutakoan esnatu da, jokaldi arriskutsuak egin ditu, baina berriz ere etxeko taldeak sartu du gola. Boyek egin du guztia: hegalean baloia lapurtu, gidatu, eta sarera bidali. Horrela biribildu du lehen zatia Alavesek. 

Roberto Fernandezek, buruz, 57. minutuan sartu du gola, eta hortik aurrera sufritzea tokatu zaio Alavesi. Sendo aritu dira defentsan, eta behar izan denean agertu da Sivera. Kontua are gehiago estutu da 90. minutuan, epaileak Boyeri bigarren txartel horia atera dionean, baina, izerdiak izerdi, hiru puntuek ez dute Mendizorrotzatik ihes egin.

Sailkapen nagusian hamabost puntu ditu Alavesek, eta zortzigarren da behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.