Eibar 0-2 Alaves

Alavesek irabazi du Ipuruako derbia

Joseluk sartu ditu bi golak, azken zortzi minutuetan, eta lehen garaipena lortu dute etxetik kanpo. Eibar kamuts aritu da erasoan, eta sendotasunik gabe segitzen du.

Alaveseko Martin Agirregabiria Eibarreko Pedro Leon atzean utzi nahian, gaur, Ipuruan. JAIZKI FONTANDEDA / FOKU
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 24a
11:03
Entzun

Alavesek Eibarri irabazi dio Ipuruako derbia, eta asko balio du garaipenak, etxetik kanpoko aurrenekoa duelako denboraldi honetan, eta, batez ere, sailkapeneko atzealdetik erdialdera egingo duelako jauzia. Kontrako aldartearekin geratu da Eibar, galtzea gehiegizko zigorra izan den ustearekin, ez duelako egin irabazteko egin behar dena: gola sartu. Alavesek ez bezala, atzealdean segitu beharko du, jaitsierako lekuetatik gertu.

Bi taldeek ezberdin jokatu dute. Eibarrek ohikoa egin du, Jose Luis Mendilibarrek hain ondo landuta daukan hori, baina taldeak ez du jokoa biribiltzerik izan. Asier Garitanok ere hain berea duen estilo zurruna eta sendoa eman dio gaur ere Alavesi, eta baloiaren atzean ondo jarrita egon da partida osoan, aukerak noiz helduko eta noiz sortuko. 

Eibarrek asko eduki du baloia, eta askotan iritsi da aurkariaren areara ere. Erdiraketak ere egin ditu, baita erremateak ere, baina errematatzaileak kamuts aritu dira atearen eta Pacheko atezainaren aurrean. Joselu ibili da zorrotz, Alaveseko aurrelaria. Lucas Perez aurrelaria ordezkatu du 73. minutuan, eta ez du baloia askotan ukitu, baina egin duenean oso zitala eta zehatza izan da Eibarrekin, 85. minutuan eta 90.ean zulatu duelako Dmitrovicen atea. Sei gol sartu ditu dagoeneko liga honetan. Eibar kolpea jota geratu da, lurretik jaiki ezinda, eta erantzuteko gaitasunik ere ez du izan partida amaitu bitartean.

FITXA

Eibar  0: Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Arbilla, Cote (Bigas,
80. min.); Orellana, Diop (Ramis, 86. min.), Escalante, Pedro Leon;
Enrich (Charles, 64. min.) eta Kike Garcia.

Alaves  2: Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Ely, Duarte; Tomas Pina,
Wakaso, Borja (Pere Pons, 65. min.), Burke, Aleix Vidal, Lucas Perez
(Joselu, 72. min.).

Golak: 0-1: Joseluk (85. min.). 0-2: Joseluk (90. min.).

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Eibarreko Arbillari; eta Alaveseko
Ximo Navarro eta Wakasori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.