Kolpea hartu du Alavesek. Gaurkoak aukera bikaina zirudien irabazi eta jaitsiera postuetatik aldentzeko, baina Coudeten mutilek ez dute ondo jokatu, 0-2 galdu dute Getaferen kontra —madrildarrak irabazi gabeak ziren azarotik—, eta lanean jarraitu beharko dute.
Lehen zatian gol aukera mordoa izan du Arabako taldeak. Lucas Boyek izan du aurrenengoa, lehen minutuan. Getafek ere behartu du Sivera lan egitera pare bat alditan, baina, horren ostean, Alavesek izan ditu abagunerik argienak; besteak beste, Toni Martinezen buruz buruko bat eta Pachecoren burukada bat. Biak aldendu ditu David Soria Getafeko atezainak, lehen zatiko jokalaririk onenak. Lehen zatiko azken minutuetan, Getafek modua egin du falten bidez jokoa geldotzeko.
Antzera hasi da bigarren zatia ere, baina 53. minutuan aldatu da gidoia: Luis Millak Luis Vazquezi area barrura pase ederra eman, eta aurrelariak baloia bikain kontrolatu eta sarera bidali du.
Golak hotz utzi ditu Alaveseko jokalariak, eta hegalak eman dizkie Getafekoei. 72. minutuan amaitu da partida, Pachecok Lisori penaltia egin dionean. Arambarri izan da gola sartzeko arduraduna.
Gaurko porrotaren ondorioz, Alaves 13. da sailkapen nagusian;Â behin-behinean, hiru puntura ditu jaitsiera postuak, eta aurkari zuzen batek, Getafek, aurrea hartu dio. Ez da arratsalde gozoa izan Mendizorrotzan bizi izandakoa.