Alavesek kosta ahala kosta garaitu behar du Mallorca

Arabako taldea jaitsiera postuetan da, eta, bertatik irten nahi badu, garaipenak bakarrik balio dio gaur. Mendizorrotzan aurrerako urratsa egitea dagokio, 2026an lehia bakarra irabazi baitu etxean. Baliteke Abde hamaikakora itzultzea zigorra bete ondotik.

Alaveseko jokalariak gol bat ospatzen, Mendizorrotzan. L. RICO / EFE
Alaveseko jokalariak gol bat ospatzen, Mendizorrotzan. L. RICO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete bat du Alavesek hondamendia saihesteko. Liga azken txanpan sartua da, eta, gaur-gaurkoz, arabarrak Bigarren Mailara jaitsiko lirateke. Asteartean galdu egin zuten Real Madrilen zelaian, eta jaitsiera postuetan jarri ziren egun bat geroago, Elxek Atletico Madrili irabazi ondoren. Egoera ez da guztiz kritikoa, salbazio postuak puntu bakarrera baitituzte. Haatik, erreakzioak berandu gabe iritsi behar du. Gauzak hala, Alavesek zirt edo zart egiteko neurketa jokatuko du gaur, etxean, Mallorcaren aurka (14:00, Movistar). Irabaziz gero, sailkapenean aurrea hartuko lioke Herrialde Katalanetako taldeari, eta jaitsiera eremutik at amaituko luke jardunaldia. Beste edozein emaitzak, ordea, handitu egingo luke egoeraren larritasuna. Puntuek Mendizorrotzan geratu behar dute, ezinbestean.

Arabarrak sentipen kontrajarriekin iritsiko dira gaurko lehiara. Hobera egin dute Quique Sanchez Floresen aginduetara direnetik, baina ez behar bezainbeste. Sei partidatan sei puntu lortu dituzte teknikari berriarekin; bada, azken sei lehietan uzta hobea lortu beharko dute mailari eutsi nahi badiote. Bi partida galdu dituzte soilik Sanchez Floresen lemapean, baina, halaber, neurketa bat baino ez dute irabazi. Emaitzetan ez ezik, taldearen jokoan ere argi-ilunak ageri dira: erasoan zorrotz dabiltza —hamahiru gol sartu dituzte azken sei jardunaldietan—, baina defentsan bigun —hamalau gol sartu dizkiete tarte berean—. Kolpe trukaketa bilakatu dira Alavesen norgehiagokak, eta, oraingoz, gidoi hori ez zaio emankorra suertatu Gasteizko taldeari. Azken hamazazpi lehietan ez da gai izan atea hutsean uzteko, eta aurrerapauso handia emango luke gaur bolada hori apurtuko balu.

Bada Alaves kezkatzen duen beste bolada bat: aurten garaipen bakarra lortu du bere zaleen aurrean. Urtarrilaren 25ean izan zen, Betisen aurka. Geroztik beste lau lehia jokatu ditu Gasteizen, eta ez du bat bera ere irabazi —bat galdu eta hiru berdindu ditu—. Gaitz hori denboraldi hasieratik dute arabarrek, osotara bost aldiz gailendu baitira Mendizorrotzan. Oviedo eta Celta dira etxean garaipen gutxiago lortu duten talde bakarrak. Etxean hobetzea funtsezkoa da Alavesentzat, azken sei partidetatik lau zaleen babesean jokatuko baititu. Zaila izango da Athletic eta Bartzelona azpiratzea; gaur, ordea, bere tamainako arerio bat izango du. «Ez da partida erabakigarria izango, baina aurrepauso bat eman beharra dugu. Batez ere atzean sendoago aritu behar dugu. Zaleen babesa funtsezkoa izango da», adierazi zuen atzo Quique Sanchez Floresek, Alaveseko entrenatzaileak.

Mallorca, behetik gora

Jagoba Arrasaterekin burua altxatu ezinik zebilen Mallorca, eta teknikari bizkaitarra kargutik kendu zuten azkenean. Duela bi hilabete izan zen hori. Bada, gauzak bestelakoak dira orain, Martin Demichelisen aginduetara: sei partidatan 11 puntu lortu ditu Mallorcak entrenatzaile argentinarrarekin. Hiru garaipen eskuratu ditu, denak ere etxean; bisitari gisa, ordea, berdindu egin zuen Sadarren, eta galdu Elxen zelaian. Gaur ere partida zaila izan beharko luke etxetik kanpo, betiere Alavesek Mendizorrotzan neurria ematen badu. Vedat Muriqi da arabarrek bereziki kontrolatu behar duten jokalaria: Kosovokoak 21 gol sartu ditu orain arte.

Alavesen hamaikakoan ez da aldaketa handirik espero. Abde Rebbachek zigorra bete zuen Real Madrilen aurkako partidan, eta baliteke titular postura itzultzea gaur. Fin dabil hegaleko luze bezala, ezkerrean. Era berean, litekeena da Pablo Ibañezek tokia kentzea Denis Suarezi; galiziarraren kalitatea ezin da ezbaian jarri, baina eragin handiagoa ari da izaten ordezko moduan.

athleticek Metropolitanon jokatuko du gaur

Denboraldia gorabeheratsua izaten ari da Athleticentzat. Hala, batzuetan goiko postuei begira dago, eta beste batzuetan behekoei. Asteartean irabazi egin zion San Mamesen Osasunari, eta, beraz, orain hiru puntura ditu Europarako sailkatzeko postuak. Lehia horretan jarraitzeko, puntuak behar ditu, eta gaur hirurak eskuratzen ahaleginduko da Metropolitano futbol zelaian, Atletico Madrilen aurka (21:00, Movistar+).

Yuri jokatzeko moduan dago. Ernesto Valverdek honela aztertu du gaurko partida: «Atletico Madrilek Txapeldunen Ligako neurketa garrantzitsua du datorren astean, baina gure aurka ere bete-betean lehiatuko da. Etxetik kanpo hobeto aritu nahi dugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA