Futbola

Alavesek milaka zalerekin ospatu du igoera

Jokalariak 19:00etan irten dira Mendizorrotzatik, autobusean, eta Andre Maria Zuriaren plazarainoko ibilbidea egin dute. Han izan da festaren erdigunea. Larunbatean lortu zuten mailaz igotzea.

Alavesen zaleak igoera ospatzen Gasteizko Ama Zuriaren plazan, gaur. DAVID AGUILAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko ekainaren 19a
10:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Alavesek urtebete bakarrik behar izan du Lehen Mailara itzultzeko. Handia da lorpena, eta ikusgarria izan zen lortzeko modua. Gogotik sufritu zuten babazorroek: Asier Villalibrek 129. minutuan sartutako gol bati esker lortu zuten igotzea, larunbatean. Eta hori, nola ez, ospatu beharra dago. Gaur izango da horretarako egun ofiziala, zaleek asteburuan indar apur bat gorde badute behintzat.

Ikusi gehiago: Batasuna eta sinesmena

Alavesen eta Baskoniaren ospakizunetan ohikoa den moduan, Andre Maria Zuriaren plaza izan da festaren erdigunea. Han, 17:30ean hasi dira ekitaldiak: zuzeneko musikarekin girotu dute gunea.

Jokalariak, berriz, 19:00etan atera dira kalera, autobus ireki batean. Mendizorrotzatik ekin diote ibilbideari, eta hiriko hainbat kale gurutzatu ostean, Andre Maria Zuriaren plazara heldu dira 19:45ak aldera. Han, milaka zale zituzten zain, igoera ospatzeko.

Ohorezko aurreskua egin diete taldekideei, eta, jarraian, balkoira igo dira zaleei hitz batzuk eskaintzeko, besteak beste.

Jaiaren protagonistetako bat Asier Villalibre izan da gaur ere. Larunbatean hark egin zuen taldea lehenengo mailara eraman duen gola, eta gaurko ospakizunean, ohi duen bezala, tronpeta jo du. Txoria txori doinuekin kantuan jarri du plaza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.