Alavesek gotorleku egina zuen Mendizorrotza. Sailkapenean lortutako hamabost puntuetatik 11 etxean lortuak zituen. Baina gaur denboraldiko bigarren partida galdu du etxean. Joan den irailean, Sevilla gailendu zitzaion, eta gaur, berriz, Celta izan da Gasteiztik hiru puntuak eraman dituena. Merezimendu osoz, gainera, Eduardo Coudeten taldea oso apal aritu baita, batez ere erasoan. Gasteiztarrek ez dute lortu aurkariari min egitea; asko kostatu zaie Celtaren areara iristea, eta are gehiago aukera garbiak sortzea.
Lehen zatia ez da batere ikusgarria izan. Ez du ez gatzik ez piperrik izan. Nola talde batekoek hala bestekoek apenas lortu duten aurkariaren areara gerturatzea. Bigarren zatian, berriz, biziago jokatu dute. Celtaren trantsizio azkar batean, Iago Aspasek baloia kontrolatu du area barruan, azti ibili da, eta Antonio Sivera berandu iritsi da. Penaltia adierazi du epaileak, eta Aspasek berak sartu du partidako gol bakarra, 11 metroetatik. Galtzen ari zirela ikusita, Coudetek taldean dituen hiru aurrelariak ipini ditu batera zelaian, eta Alaves erdiraketen bitartez ahalegindu da Celtaren areara gerturatzen. Ez diete zukurik atera, ordea, eta Alaves esku hutsik geratu da.
Gironaren aurkako partidarekin alderatuz, Coudetek zelairatu duen hamaikakoan hiru aldaketa izan dira: Pacheco, Carlos Vicente eta Lucas Boye. Lehen zatia,n bi taldeen defentsa lerroak gailendu dira. Alavesek eta Celtak ez dute zirrikiturik utzi atzean, eta, aurkariaren zelaian baloia galdu dutenean ere, azkar ibili dira presioan, jokaldia eteteko ahaleginean. Horren eraginez, ez etxekoek ez bisitariek ez dute aukera garbirik izan gola sartzeko. Talde bakoitzak behin bakarrik jaurti du baloia kontrarioaren atera; arrisku handirik sortu ez, ordea.
Ordu erdi pasatuta izan da etxekoen jokaldirik arriskutsuena. Alavesen zaleak aulkitik altxatu diren aldi bakarrenetakoa izan da. Gasteizko taldearen jokaldi on baten ondotik, Carlos Vicentek erdiraketa arriskutsua egin du eskuin hegaletik; Celtaren atzelariek erdiraketa urrundu dute, baina aldaratzea Toni Martinezi iritsi zaio; Alaveseko aurrelariak, ordea, ez du asmatu jaurtiketan. Horixe izan da Alavesek lehen zatian izan duen aukerarik nabarmenena. Gainontzean, partida ez da batere ikusgarria izan, baloia apenas egon baita areetan.
Celtaren gola, penaltiz
Bigarren zatiak bestelako itxura izan du. Jokoa biziagoa izan da, batez ere bisitariena. Galiziako taldeak Antonio Blancoren bizkarra bilatu du behin eta berriz, eta korrika egiteko aukera izan du. Horrelako jokaldi bat aprobetxatu dute galiziarrek aurrea hartzeko. Iago Aspasek area barruan baloia kontrolatu, eta Alaveseko atezaina, Sivera, berandu iritsi da. Penaltia hain izan da garbia, ezen atezainak berak ere apenas egin duen protestarik. Celtako kapitainak ez du huts egin 11 metroetatik, eta nabarmen engainatu du Sivera (55. min).
Hortik aurrera, etxekoek baino gehiago, bisitariek izan dute eskura gola sartzeko aukera. Etxeko taldeak erreakzionatu zezan, neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela, Coudetek Mariano Diaz zelairatu du, eta hura Toni Martinezekin eta Lucas Boyerekin batera aritu da aurrean, partida berdindu nahian. Aurrenekoz jokatu dute hirurek batera. Coudetek ez zuen beste aukerarik. Alaveseko jokalariak baloia arean jartzen ahalegindu dira erdiraketen bidez, hiru aurrelarietako batek balia zezan, baina ahaleginak ez du saririk izan, eta arabarrek galdu egin dute, bigarrenez segidan.
Coudetek berak horrela aztertu du partida, amaieran: «Ez dugu aurreko aldietan bezain argi jokatu, eta erasoan eraginkorrago aritu behar dugu».
Alaves-Celta
Alaves: Sivera; Otto (Gebara, 81. min.), Tenaglia, Pacheco, Youssef, Carlos Vicente (Ibañez, 62. min.), Blanco, Denis Suarez (Mariano, 81. min.), Aleña (Abde, 61. min.); Toni Martinez (Guridi, 90. min.) eta Lucas Boye.
Celta: Radu; Marcos Alonso, Starfelt (Aidoo, 73. min.), Javi Rodriguez; Rueda (Mingueza, 66. min.), Beltran, Moriba, Carreiras; Duran (Iglesias, 73. min.), Bryan Zaragoza (El-Abdellaoui, 83. min.) eta Iago Aspas (Roman, 73. min.).
Gola: 0-1: Iago Aspasek (55. min., penaltiz).